euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Antzinako eta GHFPBAM elkarteek genealogia topaketak antolatu dituzte Biriatun, Lapurdin, urriaren 13 eta 14ean

2007/09/19

Topaketak urriaren 13 eta 14an Biriatuko Xoldo frontoian izango dira
Topaketak urriaren 13 eta 14an Biriatuko Xoldo frontoian izango dira

PUBLIZITATEA

Euren sustraiak eta familia jatorriei buruz jakinmina izan baina sekula genealogia munduan sartzeko pazientzia edo astia izan ez dutenek aukera bikaina izango dute urriaren 13 eta 14ean Biriatun, Lapurdin, egingo diren I Genealogia eta Tokiko Historia Topaketetan. Antzinako eta GHFPBAM elkarteek antolatu dute 'genealogia azoka' hau eta hasiberri zein adituentzat eskainiko dituen proposamenen artean artxiboetan datuak bilatu eta genealogia software berrienak erabiltzen ikasteko doako tailerrak egongo dira.
Antzinako eta GHFPBAM (Genealogie et Histoire des Familles Pays Basque/Adour Maritime) genealogia elkarteak dira I Genealogia eta Tokiko Historia Topaketen antolatzaile. Hitzordua urriaren 13 eta 14ean izango da, Biriatuko Xoldo frontoian. Topaketen helburua genealogia munduan interesa duen jendea bildu eta elkarrekin harremanetan jartzea da, esparru honetan aritzen diren zaletu, elkarte eta enpresen jarduna aurrez-aurre ezagutzeko aukera emanez.

Topaketak urriaren 13an, larunbata, 10:00etatik 19:00tara, eta urriaren 14an, igandea, 10:00etatik 18:00tara, izango dira. Enpresa eta elkarteek standak jarriko dituzte frontoian, jendeari euren lana erakutsi eta berrrikuntzak ezagutarazteko. 'Era honetako azokak Iparraldean normalagoak dira eta eredua Hegoaldean ere ezagutarazi nahi genuen. Hegoaldean genealogia topaketak mintzaldi mamitsuak eta adituen kontua direla ematen du, baina azoka honen ideia praktikoagoa da', azaldu dio EuskalKultura.com-i egoitza Iruñean duen 'Antzinako' elkarteko Conchi Ainciburuk.

Berrikuntzak standetan ikusgai

Antzinako Elkarteak orain artean Biriatun egongo direla iragarri duten elkarte eta ekimenen behin-behineko zerrenda eman du aditzera, honakoek osatua:

-Antzinako: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako genealogia
-Cercle Généalogique des Pyrénées-Atlantiques
-Charné-Groupe: "Charnègue" (Bidache) genealogia
-Pirinio Atlantiarretako Turismo Batzordea (Diaspora ekimena)
-Ekaina: kultur elkartea.
-FamilySearch: mundu mailako genealogia datu basea
-Fédération de Généalogie et Histoire des Familles des Pyrénées-Atlantiques (Diaspora ekimena)
-GBA: Atturri Behereko genealogia.
-GHFPBAM: Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Xiberoko genealogia
-HGL: Landetako Historia eta Genealogia (Mont-de-Marsan)
-Jakintza: Kultur elkartea (Ziburu)
-Jean-Pierre Cazaux: Genealogista
-Lizardi Multimedia: genealogia, heraldika argitaletxea (Zarautz)
-Marshall System: GDS software-aren editorea
-Pays Basque-Québec
-SADIPAC: Landetako hegoekialdeko genealogia
-Euskaldunak Munduan: Sustraiak bilatu eta familiak biltzeko ekimena

Genealogiari buruzko tailer praktikoak

Azokan, gainera, genealogiari buruzko hainbat tailerretan parte hartzeko aukera eskainiko du. Tailerrak doan izango dira eta izen ematea azokan bertan egingo da, momentuan. Hona izenburuak:

-Frantses genealogiarekin hasi (frantseses/gazteleraz)
-GDS software-a (gazteleraz)
-Hérédis software-a (frantsesez)
-Bilaketak nola egin 64 Departamenduko artxiboetan (frantsesez)
-Bilaketak Nafarroako artxiboetan (gazteleraz)
-Bilaketak Gipuzkoako artxiboetan (gazteleraz)
- FamilySearch datubasea (frantsesez/gazteleraz)
-Nola erabili Antzinako.org webgunea (frantsesez/gazteleraz)
-Nola erabili www.ghfpbam.org webgunea (frantsesez/gazteleraz)

Momentuz ez dago tailerrik euskaraz. Antzinako elkartetik azokan parte hartzeko epea irekita dagoela azpimarratu dute, eta standa ipini zein tailer berriren bat eman nahi duen edonor ongi etorria izango dela. Erakusle edo irakasle bezala parte hartu nahi izanez bidali e-maila hona. Azokarako sarrera doan izango da.


Lotura interesgarriak

'Antzinako' genealogia elkartea
www.antzinako.org

'Antzina' online aldizkariaren 3. alea, sarean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko ekainaren 15ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia