euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Andres Zabaleta, AEBetan artzain ohia: «Gu Ameriketara hemen miseria gorrian bizi ginelako joan ginen»

2017/10/20

PUBLIZITATEA

Andres Zabaletaren (Zegama, 1939) baserritik hiru seme joan ziren AEBetara artzain lanetara: Andres bera, Felipe eta Patxi. Hatzekin zenbatu ditu garai beretsuan Zegamatik joandako beste hamalau giza-semeak; zenbatzerakoan izenak eta haien baserriak errezitatu ditu. Zabaletak bere istorioarekin aldarri bat egin nahi du. Euskal Herrian, Gipuzkoan, Goierrin, Zegaman miseria gorria baino gorriagoa zen garaian ezer ez zutenek zerbait izateko egin zuten bidaia egin zuen berak. Goiberri-k argitara emaniko elkarrizketa.

Goiberri / Zegama, Gipuzkoa. Zabaleta immigrantea izan zen eta Ameriketako Estatu Batuetan onetik zer edo zer topatu bazuen ere, Zegaman bezain miseria gorria aurkitu zuen han. Zabaletak, guztira, 32 urte egin zituen Ameriketako Estatu Batuetan. Coloradon, Kalifornian eta Wyomingen egon zen, besteak beste. Wyomingeko Rock Springs hirian bederatzi urte egin zituen, harri meategian behargin; lanerako toki gogorrenetako bat omen zen

Zergatik joan zinen Ameriketara?

Behar handia izan genuen, oso gaizki bizi izandakoak gara gu. 1942an gure etxea erre zen. Sei ume ginen eta ni hiru urterekin kanpora eraman ninduten, Urretxura, han ezagutzen zuten jende batekin. Baserrira bueltan ekarri ninduten bederatzi  urterekin. Aita oso gaizki jarri zen eta hil egin zen. Ordurako  etxea berriro egina zuten, baina dena zorra  zen.

Hamaika urterekin basora lanera joan nintzen, bazkaria eraman eta halakoak egiten nituen. Han soldaduskara joan bitartean egon nintzen. Zelaian belarra ebaki eta irteten zen edozein lan egiten ibili nintzen. Soldaduskan gaizki pasatzen da, baina bukatzerakoan harriak baino gogorragoak eginak  ginen. Soldaduskan lagun batek Hego Amerikan osabak zeuzkala zioen. Orduan ez nekien Ipar eta Hego Amerikari buruz ezer ez. Hark esaten zuen  han halako lana egiteagatik dirua irabazten zela. Norbaitek esan zidan akaso gaizki pasako nuela hara joanda, baina ez zitzaidala damutuko. Hala joan nintzen Ameriketara, egun batetik bestera. Neskalaguna utzi negarrez eta joan egin nintzen.

Zer aurkitu zenuen han?

Sekulako miseria. Miseria gorriarekin topo egin nuen. 1966. urtea zen. Nafar bat zegoen han eta hark esan zidan ea azik ez ote zegoen Gipuzkoan jateko? Baietz nik, eta berak hura esan zidan leku txarrera joana nintzela esanez bezala. Enkargatuak, frantsez handi bat, goi-zean  botak bi sokaldirekin lotzeko esan zidan, lana gogorra zela adierazi nahian.

Alabaina, hara joaterako nik  ikatz asko eramana nuen bizkarrean eta ez nintzen kikildu. Nafar batekin jarri ninduten pixka bat ikasteko, hura ere handiak pasatakoa zen. Egiak esaten zituen eta nagusiek ez zuten nahi hark berriei ezer kontatzerik, baina niri sekulakoak kontatu zizkidan, ufff…

Ez al zinen beldurtu?

Ez, nik uste dut pentsatzen nuela jende gehiago ere bazegoela han eta ahalegina egin beharko nuela. Hura dena entzunda ere ez nuen negarrik egin. Ameriketako 32 urteetan bi aldiz egin nuen negar.

Lehendabiziko negarra gure aitaren arreba hil zela jakin nuenean egin nuen, 94 urte zituen. Guri Zegamako baserrian beharra izan genuenean asko lagundutako izeba zen. Negar egin nuen beste aldia nire zakur ona zahartu zenean izan zen, ezin zidan jarraitu eta oihu egiten zuen gizajoak; lantua jotzen zuen baina ezin zidan jarraitu. Lagun izena zuen eta hark laguntzeari utzi zionean niretzako bizimodu gogorra etorri zen. Bere ume bat bazegoen baina ergela zen oso eta behar zen moduan ezin zuen lanik egin. Nik hango lanari jarraitu behar izan nion. Inoiz ez nuen hura bezalako zakurrik aurkitu.

Bakarrik joaten zinen ardiekin?

Bai, bizimodu gogorra zen. Halako batean urak egindako sakanarekin egiten zenuen topo eta ardiak ezin ziren pasatu eta oso bizkor ibili behar izaten zinen, batik bat neguan ardiak nondik pasa zitezkeen bilatzeko. Hori zen hango lana. Ardiak zelaietara ere eraman behar ziren. Mendi aldera joatean ere zailtasun asko zegoen, leku gogorra zen hura ardiak zaintzeko, gauez koioteak eta panterak egoten ziren! Kasu egin behar zitzaien ardiei eta oso argi egon behar zinen lana ongi egiteko. Artalde handiak ziren, gainera,  1.800 bat buru eramaten genituen.

Ez bazenuen lana ongi egiten beldurra beti zen nagusiak bidali egingo zintuela sorterrira. Guri hori jakinarazi ziguten beti, mehatxua hura zen.

Lana ongi egitea zer zen?

Ardiak zaindu beharra zegoen eta nik, gainera, sinisten nuen lana ahalik eta ondoen egin behar nuela eta nire kontzientzirako ganadua ikaragarri maite nuenez ondo zainduta egon behar zen.

Bide batez, nagusiak lana ongi egiten nuela ikusten bazuen halako batean paperak egiten lagunduko zidala pentsatzen nuen.

«Lana ez bazenuen ongi egiten beldurra beti zen sorterrira bidaliko zintuztela»

«Mendi aldera joatean zailtasun asko zegoen, leku gogorra zen hura ardiak zaintzeko, gauez koioteak eta panterak egoten ziren!»

«Utahk dena dauka, errekak, fruta, dena dauka eta Wyoming udan ere leku ederra da»

«Euskaldunok kanpoan egin dugun hori azaldu behar delakoan nago eta orain arte egin zaiguna baino kasu gehiago egin beharko litzaigukeela ere bai»

Karta Berdea lortzen zenuten bost urtez nagusi berarentzat lan eginda eta karta horrek libre egiten zintuzten, ezta?

Bai, baina nire nagusiak itxaron arazi egin zidan bi urtez. Ez zuen nik alde egitea nahi. Gosea ere pasa nuen han, arkumea hiltzen ez ziguten uzten, bestela hona bidaliko gintuztela esaten zigun. Urik ez, egurrik ez, ogia guk egin behar…

Andres, eta zergatik geratu zinen han?

Joan nintzenez, anaia han zegoenez, jende gehiago ere han zegoenez… Eta nik emandako hitza bete nahi izan nuen eta bete nuen.

Gero beste lan batzuetan aritu nintzen. Meategian egon nintzen Wyomingen. Harria ateratzen. Han urte batzuk egin nituen harri batek azpian hartu, eta min asko egin zidan arte. Hango bi enkargatuk ikusi zuten istripua eta horregatik nago bizirik, baina inork ez zidan gero kasurik egin, ez konpainiak ezta emigraziokoek ere. Konpainiak arreglo txarra egin zidan eta hala itzuli nintzen Euskal Herrira.

Zergatik hara joandako artzain asko eta asko euskaldunak izan zineten?

Hemen oso gaizki bizi ginen, ez zegoen biderik, ez zegoen ezer ere. Ni etortzen nintzen, baina beti bueltatzen nintzen hara. Oraindik ere joaten naiz, datorren urtean dirua aurrezten badut joateko asmoa daukat.

Orduan han ez zen dena txarra izan.

Nik eskolan ez dut ikasi eta ezin dut nahi bezain ongi azaldu, baina Utahk dena dauka, errekak, fruta, dena dauka eta Wyoming udan ere leku ederra da. Ni bizi naizen tokitik, Zegaman, Donejakue bidea pasatzen da eta erromes asko gure etxetik igarotzean hizketan hasten dira. Lehengoan pasatu zen bat hizketan hasi zen ingelesez. Wyomingen jaio zela eta Erresuma Batura joana zela esan zidan. Hizketan hasi nintzenean eta Wyomingen zein animalia, zein mendi eta hango historiak kontatu nizkionean liburu bat oparitu zidan. Lana gogotik egin nuen han, baina tokiak ere ezagutu nituen.

Bizitzaren zati handi bat han egin duzu.

Nik ez nuen gauza handirik egingo bizitzan, baina Gipuzkoari on egin diotela uste dut, guk egindakoa erakutsi beharko litzateke. Euskaldunok kanpoan egin dugun hori azaldu behar delakoan nago eta orain arte egin zaiguna baino kasu gehiago egin beharko litzaigukeela ere bai. Artzainok egin genuenetik ona bakarrik erakusten da, dotorea, eta guk han gaizki pasatakoak gara. Horrekin ni ez nago ados, erakutsi behar bada dena garbi erakutsi behar da, alde ona eta txarra. Hemen oso gauza txarrak pasatako ume asko gara eta joan behar izan ginen. Gu hara arrazoi bategatik joan ginen, hain zuzen, hemen miserian bizi ginelako eta hemen guri ez zigutelako kasurik egiten. Gu oso ongi onartuak edukitzeko arrazoia dela uste dut, eta gure historia oso-osorik jakin behar delakoan nago, ondoren datozenek ezagutu dezaten.

(Goiberri aldizkarian argitara emaniko elkarrizketa)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia