euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ipar Ameriketan artzain ibilitakoek hitzordua dute larunbatean Eugi-Zubirin egingo zaien omenaldian

2011/09/06

Oestera heldu berriak, orain 50 urte ateratako irudian (argazkia EEA)
Oestera heldu berriak, orain 50 urte ateratako irudian (argazkia EEA)

PUBLIZITATEA

Seigarren edizioa du aurten Ameriketan artzain ibili ziren euskaldunen egunak eta mila lagun inguru bilduko ditu aurten Eugi eta Zubiri artean egingo den omenaldian. Erroibar eta Esteribar-ko artzainak dira aurtengo omenduak eta antolatzaileek 'Euskal Artzainak Ameriketan' elkarte sortu berria aurkeztuko dute. Egitarau mardula du jaiak, eta besteak beste, hango bizimodua nolakoa zen erakustea du helburu. "Egun oso hunkigarria da. Igoal 30 urte ikusi gabe zeuden lagunak bertan elkartzen dira", azaldu dio EuskalKultura.com-i antolakuntzan dabilen Fernando Goñi pilotariak.

Eugi, Nafarroa. Fernando Goñi pilotari nafarraren aita Ameriketan ibili zen artzain, bai eta osaba bat ere. Egun AEBtan bizi den beste osaba bat du eugiarrak, eta aitona ere Argentinan ibili omen zen. Aurtengo bilkura bere herrian egiten dela eta, buru belarri dabil Fernando eguneko egitarauaren antolakuntzan. 'Adiko Artzainak Ameriketan' du izenburua topaketak. "Aurten gainera oso edizio berezia izango da, elkartea sortu eta bertan aurkeztuko dugulako", azaldu dio EuskalKultura.com-i. "Asmoa egun honetaz gain, urtean zehar ere ekitaldiak eta ekimenak egitea da".

Zazpiehun lagunek izena eman dute jada Zubiriko polikiroldegian egingo den bazkarian parte hartzeko, eta Ameriketatik etorritako zenbait artzain ere espero dituzte antolatzaileek. "Gehienak nafarrak, eta Iparraldeko andana bat ere izaten da. Ameriketatik ere badatoz batzuk, gero eta gehiago. Oporrak egun honen arabera antolatzen dituzte", aipatzen du Goñik.

High Ball-a

Eguneko egitaraua goizeko hamarretan hasiko da, Eugin, topaketako partaideei egingo zaien harrera ekitaldiarekin --"hamarretako moduko bat"-- eta ondoren meza eta omenaldia egingo zaie aurtengo protagonistei, Erroibar eta Esteribarreko artzainei. Mezan parte hartuko dute Auzperri abesbatzak eta 'Bankako Menditarrak' taldeak. Meza ostean herriko kaleetan animazioa, musika eta dantza, egongo da. Ondoren Eugitik Zubirira pasako da jaia.

Euskal Artzainak Ameriketan Kartela

[Topaketaren afixa (argazkia EAA)]

Zubirin ardi kanpo batean bizitza zer nolakoa zen erakutsiko dute eta, Ameriketan artzainek egiten zuten bezala, lurrazpian ogia egingo dute. Zubiriko polikiroldegian argazki erakusketa egingo da eta, bazkaltzen hasi aurretik, Ameriketako aperitibo tipikoa prestatu eta zerbitzatuko da, high ball-a, whisky-z egiten den tragua. Bazkaria polikiroldegian egingo da, Francisco akordeoilariak eta Bankako Menditarrek girotuta, eta ondotik, erremonte partida jokatuko da.

'Euskal Artzainak Ameriketan' elkartearen aurkezpena

Seigarren edizioa duen bilkura hau Ameriketan artzain ibili ziren lagunen esperientzia zabaltzen laguntzen ari dela uste du Goñik eta elkarteak bide horretan beste aurrerapauso bat ekartzea espero dute antolatzaileek. "Gauza oso bereziak ari gara ateratzen; Esteribar aldean, adibidez, ia etxe guztietatik joanak dira Ameriketara", dio Goñik. Pilotariak AEBetako euskal diaspora zuzenean ezagutzeko aukera izan zuen orain bi urte, Bakersfielden pilota jokatzera joan zenean. "Aita eta ama ere etorri ziren eta oso polita izan zen, jende asko bildu zen eta giro ederra sortu zen", gogoratzen du. Larunbatean ere, giro berezia izango da, zalantzarik ez.

Laura Igantzi lesakar amerikanoa lehendakari duen elkartea da 'Euskal Artzainak Ameriketan'. Elkartearen eta datorren asteburuko ekitaldien berri gehiago nahi duenak Facebook-era jo dezake, eta orri honetan saltseatu.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia