euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Amerika eta Europako arrazolatarrak Familiaren 3. Topaketan partaide, Cartagena de Indiasen, Kolonbian

2018/06/08

Arrazola familiaren 3. Topaketa
Arrazola familiaren 3. Topaketa

PUBLIZITATEA

Ahaidetasun-gradu ezberdineko Arrazola deituradun ehundik gora pertsona bildu dira Cartagena de Indiasen, Familiaren 3. Topaketan. Aurreko bi elkarretaratzeetan bezala, erabat arrakastatsua izan da 2018ko ekitaldia eta ondorioz hurrengo bi bilkuretako lekuak adostu dituzte dagoeneko familiakideek: 2020an Flandrian eta 2022an Mexikon, antolatzaileek adierazi digutenez..

Cartagena de Indias, Kolonbia. Euskal Herria, Espainia, Costa Rica, Argentina, Suitza, Estatu Batuak, Panama eta Mexiko herrialdeetako arrazolatarrak maiatzaren 18tik 20ra bildu ziren Cartagena de Indiasen, Kolonbiako ahaideak antolatzaile, topaketa familiarraz gozatzeko. Asteburu osoan zehar mota askotako ekintzetan hartu zuten parte, tartean hiriko proposamen kultural eta artistikoetan, bisitetan eta zeremonietan.

“Cartagenako Artxibo Historikora ere joan ginen. Herrialde bakoitzeko lagun bat joan zen eta han Historia Juntako kideekin bildu ginen. Topaketaren baitan, abizenarekin lotura zuten zenbait gairi buruzko hitzaldiak ere izan genituen”, azaldu digu Argentinako Cordoba probintziatik joandako Raul Oscar Arrazolak.

Arrazolatarren lehenengo topaketa 2014an izan zen, Espainian, Gaztela-Mantxako Checa hirian, eta ondokoa 2016an, Euskal Herrian, Oñatin. “Bi hurrengoak, aurreratu digu Raul Arrazolak, Belgikan, Flandrian (2020koa) eta Mexiko hirian 2022koa izango dira”. Lekuen hautaketa, honela azaltzen dute antolatzaileek: “Hautatzen ditugun lekuak oso adierazgarriak dira abizenaren historiarentzat. Flandrian, adibidez, ehun bat Arrazola daude, Oñatiko Juan de Arrazolaren ondorengo. Mexikon, berriz, 4.100 bat Arrazola abizeneko daude zerrendatuta, eta kopuru horrekin Arrazola gehien dituen herrialdea dela esan daiteke”.

Argentinako ordezkariak

Argentinatik hiru lagun joan ziren Topaketara: Raul Oscar Arrazola, Alicia Cortiña bere emaztea, eta Maria Estela Arrazola santafetarra. Raul Cordoba probintziako Rio Cuartokoa da eta bertako Gure Ametza Euskal Etxeko batzorde sortzailekoa.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia