euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Amaya Arberas, donostiar sopranoa NYen: “Hego eta Ertamerikako euskal etxeetara nahiko nuke eraman ‘Basque Journey’ emanaldia”

2015/03/23

Emanaldiak mundu osoan zehar ematen dituen arren, New Yorken (AEBetan) du etxea Amaya Arberas opera abeslari donostiarrak (Argazkia: Amaya Arberas)
Emanaldiak mundu osoan zehar ematen dituen arren, New Yorken (AEBetan) du etxea Amaya Arberas opera abeslari donostiarrak (Argazkia: Amaya Arberas)

PUBLIZITATEA

Ezaguna da Amaya Arberas soprano donostiarra Ameriketako diasporarentzat. 2010ean, Ellis Island-eko euskal erakusketari eman zion hasiera eta, hiru urte geroago New Yorkeko Eusko Etxearen Mendeurrenean ere kantatu zuen. Izarren eta barren herrialdean eman dituen zuzeneko andanetako bi baino ez dira horiek, baina. Bera izan ohi da bere buruaren agente, programak kontratatzeko-eta: “Nekeza da, baina gustatzen zait; gainera, aurrera egiteko modu bakarra da egun”, esan dio EuskalKultura.com-i.

Ander Egiluz Beramendi, AEB. Bethesda-tik (Maryland, AEB) heldu berritan egin du berba abeslariak webgune honekin. Ehundik gora lagun bildu zituen emanaldi pribatua eskaini zuen bertan, Washington D.C.-ko ateak zabalduko zizkion esperantzarekin.

- Nola joan zaizu Bethesdan?

Primeran! Jendeak nire berri izatea nahi nuen eta lortu nuen. 120 bat pertsona zeuden, tartean Jerome Barry, Washingtongo Embassy Series kontzertu programaren burua. Emanaldia amaitzean nigana hurbildu eta asko gustatu zitzaiola esan zidan, eta datorren urterako bira bat prestatu nahi didala aipatu zidan.

- Zorionak! Zer abestu zenuen?

Milesker. Canzoni D’Amore izeneko programa abestu nuen, opera eta zarzuelak nahasten dituena. Eta Iparraguirreren Ume eder bat ere kantatu nuen. Beti saiatzen naiz euskal piezaren bat sartzen, jendeak geure lurraldeko soinuak ezagut ditzan.

- Zuk zeuk antolatu ohi dituzu zeure kontzertuak, horrela izan zen Bethesdan ere?

Bai. Proposamena bidali nion Washingtongen artista berrien zuzenekoak antolatzen dituen Dominique Cardelari eta baiezkoa eman zidan. Ahalik eta jende gehien hurbiltzea zen ideia, ateak zabaldu ahal izateko, eta, antza, horrela izan da. Kennedy Center-en zerbait egitea gustatuko litzaidake.

- Puerto Rico-n izan zara otsaila eta martxoa artean. Zer moduz?

Oso esperientzia positiboa izan da, gainera bertako gitarra jole ikaragarri batekin aritu naiz, Iván Rijos-ekin. Hiru kontzertu eman nituen: San Germanen bi eta San Juanen bat. Publiko berria zen niretzat, ez ninduten ezagutzen eta lagungarria izan zitzaidan.

- Zein zentzutan?

Jendeak ni ezagutzea da garrantzizkoena eta, bertako artisten maila altua ezagututa, nigan interesa izateak indarra ematen dit. Asko gustatu zitzaien errezitaldia; zarzuela eta musika italiarra kantatu nituen eta, euskaraz, Haurtxo polita sartu nuen. Oso gustura geratu ziren.

- Zer plan duzu epe labur eta ertainerako?

Gauza asko ditut agendan eta are gehiago buruan (barre egin du). Baina ilusio handien ematen didan proiektuetako bat da ‘Basque Journey’ emanaldia Hego eta Erdialdeko Ameriketako Euskal Etxeetan eskaintzea. Hori nahiko nuke egin. Musika klasikoa eta eta pop eta kanta herrikoiak nahasten ditut bertan: Sorozabal, Aita Donostia, Olaizola eta Guridirekin batera, Urkoren Guk euskaraz, Xaier Leteren Kontrapas, Ken Zazpiren Ilargia, Itoizen Lau teilatu, Laboaren Txoria txori, Ameriketara joan nintzen abesti herrikoia…

- Eta zer instrumenturekin abestu nahiko zenituzke?

Instrumentu klasiko bat eta herrikoi bat nahiko nituzke erabili, pianoa eta akordeoia, adibidez. Ideia nagusia, garai bateko musikaren esanahia gaur egungoarekin alderatzea da. Lehen, musikak, herrimin puntu hori zuen, atzerrira bizi berri baten bila zihoazen horientzat. Eta gaur egun, modu poetikoago batean akaso, maitasunaz hitz egiten da gehiago, betiere jatorriko lurraldea gogoratuz. Abestutako musika baino gehiago da, historia bat dauka atzean.

- Boiseko 2010eko Jaialdian Joxan Goikoetxearekin batera jo zenuen, pianoa eta akordeoia erabilita ere. Antzeko zerbait nahiko zenuke?

Soinu aldetik bai, baina bestelako kontzeptu batekin. Jaialdin, Joxanekin batera abestea ederra izan zen. Aurten ere joan nahiko nuke, baina ez dakit posible izango den. Txinara abestera noala, baina, konfirmatu didate. Oso pozik nago.

- Askotan jatorri desberdineko musikari eta abeslariekin egiten duzu lan, soinu berriak ikasteko nahita bilatzen duzun zerbait da hori?

Oso aberasgarria da eta izugarri gustuko dut airez eta doinuz aldatzea. Beti daude harritzen nauten erritmo berriak, horregatik gustatzen zait jende berriarekin lan egitea. Onartu behar dut erraztasuna dudala soinu berriak neureganatzeko, musika barruan daramadan zerbait delako, baina beti da erronka eta plazera.

- Erronkez ari zarela, New Yorkeko Hispanic Sociaty-n otsaila hasieran eman zenuen kontzertuan dantzatu ere egin omen zenuen.

Eszenifikatutako kontzertua izan zen, klasikoa gustuko duen baina aditua ez den publiko batentzat. Horregatik gauza desberdina egin nahi izan genuen, eta ez kontu serioegia. Cesar Delgado tenore mexikarrarekin eta Ileana Cortizo eta Ana Ruth Bermudez orkestra bikotearekin aritu nintzen. Kubako Danzon dantza egin genuen, oso elegantea da.

- Euskal kulturaren ordezkari zaren neurrian, nola ikusten duzu diasporaz, oro har eta AEBetakoaz bereziki?

New Yorkekoa da gehien ezagutzen dudan euskal etxea, bertan bizi naizelako. Eta lan handia egiten dutela ikusten dut, aurrekontua beti traba. San Frantziskokoa ere ezagutzen dut, ederra da. Oro har, esango nuke gure diaspora bizi-bizirik dagoela.

Amaya Arberasi buruz gehiago jakin nahi baduzu, sartu zaitez bere webgunera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia