euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Alicia Itcea euskara irakaslea Gral. Rodriguezko Udalak ohoratutakoen artean Emakumearen Nazioarteko Egunean

2018/03/16

Alicia Itcea, Gral. Rodriguezko 2018ko Emakume Nabarmenetako bat
Alicia Itcea, Gral. Rodriguezko 2018ko Emakume Nabarmenetako bat

PUBLIZITATEA

Emakumearen Egunean hiriko emakume nabarienak ohoratu nahi izan zituen General Rodriguezko Udalak. Euskal kolektibitateari dagokionez, Alicia Itceak izan du aurten errekonozimendua jasotzeko ohorea. Aliciak urteak daramatza euskara ikasten, irakasten eta zabaltzen bere herrian. Gogora dezagun, bestalde, Euskal Etxearen datozen ekintzei dagokienez, euskal musika tresnei buruzko hitzaldi bat iragarri duela Eusko Aterpeak biharko eta hurrengo astean, Ostiral Santuan, euren txibi salmenta ezaguna gauzatuko dutela, etekinak EEren ekimenentzat.

Gral. Rodriguez, Argentina. Raul Tarettoreren bi urteak beteta, aginte makila berriro ere itzuli zaio Juan Itceari Eusko Aterpea Euskal Etxean, urte batzuk badira-eta biek EEko gidaritza txandakatzen dutela. Lehendakari berriarekin hizketan, batzorde berria buru belarri ari dela urteko ekintzak antolatzen jakinarazi digu. Bihar bertan, euskal musika tresna tradizionalei buruzko hitzaldia emango du 2017ko Gaztemundu bekan parte hartu zuen Matias Marcosek. Hitzaldiarekin batera txalaparta tailerra ere eskainiko du musikariak. Hitzordua 17etan da.

Herrian azken urteetan sendotzen joan den ohiturari jarraituz, EEko sukaldari taldeak txibiak Bizkaiko erara prestatuko dituzte Bazko ostiralean –aurten martxoaren 30a– Eusko Aterpea-ko sukaldari lagunek. Urtero bezala, Gral. Rodriguezko herritarrei eskainiko zaizkien gutizien salmentarekin bilduko den dirua instituzioaren beharretarako izango da. Txibi kazolak 20:30etik aurrera eskuratu ahal izango dira eta Euskal Etxearen egoitzan, baina kasu! aldez aurretik eskatu behar baitira 0237-2851284, 0237-485-3645 edo 011-15-6099-7042 telefonoetara deituz; anoak 130 pesotan daude.

Aberri Eguna ere ospatuko dute Eusko Aterpea-ko lagunek eta urtean zehar hainbat hitzaldi eskainiko dituzte, euskara klaseak eta tailerrekin batera.

Emakumearen Eguna

Mota askotako proposamenak aireratu ziren martxoaren 8an Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta. General Rodriguez-en omenaldi bat egin zien Udalak hiriko berrogeita hamar emakumeri, tartean Eusko Aterpea-ko Alicia Itceari. Alicia oso ezaguna da Argentinako euskara eremuan ikaslea eta gero irakaslea izateagatik. Kolektibitatetik kanpo Administrazio Publikoan lan egin zuen eta gaur egun erretiratuta dago. 

“Poz pozik, eta Eusko Aterpea nire euskal etxearekin oso eskertuta sentitzen. Maricarmen ahizpa, Juan neba eta hirurok Euskal Etxea sortu zenetik gaude elkartean eta bere sorrera eta handitze prozesuaren lekuko izan gara. 2.000. urtetik aurrera ibilbide berri bati ekin nion Euskal Etxean: euskararen, gure ama zenaren hizkuntzaren ikasketari ekinez, eta horrek leku zoragarrietara eraman nau. Barnetegien dinamikari esker Argentinako eta baita Uruguaiko hiri ederrak ezagutu ahal izan ditut eta hori gutxi balitz, Euskal Herria ere ezagutu nuen, makina bat lagun eginez, paisaia ezin politagoak bisitatuz, Maizpide Euskaltegia, Baztan gure aitatxi-amatxiren herria… Bihotzean gordetzen ditut oroitzapenak”.

“Rodrigueztarra naiz ni, hau da nire herria, hemen ikasi eta lan egin nuen; nire semeak ere hemen egin zuen bere bidea. Maite ditudan lagun ugari ditut, auzo ahaztezinak… Orain, gainera, jerretiratuta nagoenez denbora handiagoa daukat herrian pasatzeko eta gozatzeko. Honengatik, sariaren berri iritsi zitzaidanean asko hunkitu nintduen espero ez nuelako. Indar handia ematen dit euskara eta euskal kultura zabaltzen jarraitzeko; eta kultura argentinarrak ere bai! Ardura hori izango dut lekukoa  nire ondorengoei pasatzeko eguna iritsi arte”, adierazi digu Aliciak.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia