euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Alicia Aguirre lehendakari zena omenduko du Mendozako Denak Bat-ek haren ezusteko heriotzaren hilabete pasexera

2018/05/25

Urte batzuk ditu argazkia baina oso adierazgarria da: Alicia Aguirre bere Euskal Etxeko gazteek inguratuta
Urte batzuk ditu argazkia baina oso adierazgarria da: Alicia Aguirre bere Euskal Etxeko gazteek inguratuta

PUBLIZITATEA

Benetako zartakoa izan zen bere tupusteko heriotza. Euskal etxeko lehendakari izateaz gain askorentzat "lagun bat" zen, "erakundearen motorea". Denak Bat proposamen bikoitzarekin dator asteburu honetan: larunbatean, euskal zinema proiektatuko du eta igandean, egoitzaren inaugurazioaren 15. urteurrena ospatuko. Egitarau horren barruan, bazkide eta adiskidez inguratuta, "omenaldia egingo diogu, apirilaren 13an joan zitzaigun Alicia Aguirre Markuleta lehendakari, euskara irakasle eta lagun maiteari", dioskute.

Mendoza, Argentina. "Azken agurrak tristeak izan ohi dira, batez ere laguna sekula berriz ere ikusiko ez duzunean. Baina inoiz ez dira besoak jaitsi behar, Aliciak behintzat ez zukeen sekula hori nahi izango". Aliciak utzitako arrastoa lagun, Denak Bat-ek aurrera egin eta proposamen bikoitza egin du datorren astebururako, bere adiskide kutunaren heriotzatik hilabetetik gora pasa denean, etxeko bazkide eta lagunak bilduz, euskaltzale mendozatarrei elkartzen segitzeko aukera emanez, "Aliciak nahiko zukeen legez".

Larunbatean, maiatzaren 26an, Euskal Zinema eskainiko da. Jabi Elortegiren ‘La ikurrina prohibida de Atotxa’ programatu du orain Javier Salvarredi buru duen Batzordeak, Euskal Zine Zikloari jarraipena emateko. Filmaren ostean, pintxo eta edariak zerbitzatuko ditu tabernak. Hitzordua iluntzeko 8etan izango da, sarrera doan.

Biharamunean, eguerdiko ordu batean, hiru efemeride ekarriko dira gogora: egoitzaren inaugurazioaren 15. urteurrena, Aberri Eguna eta Argentinako Iraultza. Zerbitzatuko den menu euskal argentinarrak hondako sagaiak batuko ditu: enpanadak, babarrunak, goxua eta edariak. Bazkalostean, Etxeko txikienek dantza egingo dute, beste kide batzuk musika joko dute eta bideo bat proiektatuko da Euskal Etxearen egoitzaren historia gogoratzeko. Une berezi eta egokia izango da hori, bazkide eta lagunez inguratuta, Alicia Aguirre Markuletari merezitako omenaldia egiteko.

Alicia gogoan

Alicia Aguirre Markuleta Mendoza probintzia argentinarrean jaio zen, 1946an. Guraso nafarrak zeuzkan: ama, Fermina Markuleta, Arruitzen jaioa, oso gaztetan emigratu zuen Argentinara, bere nebaren pausoen atzetik, esnetegi batean lan egitera. Aita, Atanasio Aguirre, Olazagutiakoa zen eta Afrikara gerrara joatea ekiditeko ihes egin zuen Argentinara. Aliciak familiaren baitan ikasi zuen euskal kultura maitatzen eta errespetatzen. Baina ez zen bakarrik etxean ikasitakoarekin geratu. Haratago joan nahi izan zuen eta hiriko Euskal Etxera hurbildu zen 1998 urtean, elkartearen bigarren fundazioaren garaian. “Are gehiago", esaten digu bere familiak, "erakundea bere egoitza ezartzeko lokal bilatzen hasi zenean, Alicia bera arduratu zen horretaz eta berak aurkitu zuen duela 15 urtedanik euskal etxearen egoitza izan den lokala”.

Alicia Aguirre Denak Bat-eko batzordekide izan zen, zenbait lan eta zeregin bereganatuz, 2014an lehendakari hautatu zuten arte. Bera, ordea, kargu edo zeregin jakin bati lotutako pertsona bat baino gehiago izan zen, "euskal hizkuntza eta kulturaren sustatzaile amorratua baitzen, sustatzaile, animatzaile, langile porrokatu", dioskute bere euskara ikasleek. "Luxuzko anfitrioia zen, asko zaintzen gintuen eta asko ikasten genuen berarekin, Euskal Herriko geografiaz, historiaz, mitologiaz, dantzz… Gure euskal sustraiak aurkitzen lagundu zigun. Bere indarra eta kemena, bere balore ongi errotuak eredugarri ziren gazteentzat; beti esaten zien hitzahitz dela, lanari eustearen garrantzia azpimarratzen zien, eta gazteek oso harreman polita zeukaten beraiekin, izan ere haiek hautatu zuten lehendakari"."Eta asko botako dugu faltan bere ‘ongi etorri’ famatua”, esan digute.

Euskara Munduan programako ikasle-irakasleentzat ere berri lazgarria oso izan zen  Aliciaren heriotza. “Ez dugu aisa ahaztuko bere umorea, bere adiskidetasuna… biltzen ginenean agerian geratzen zen oso euskal mendozatarra zela, anfitrioi ona zenez ‘ongi etorri’ hitzak maiz baitzeuzkan ezpainetan, euskaraz... baina Cuyoko azentuarekin”, gogoratu dute guretzat HABEko programako lagunek. 

Honi lotuta esan behar da lan handia egin zuela Alicia Aguirrek, Denak Bat-en lekua irabazteko euskararentzat. Eta hain izan zen hala, euskara Denak Bat-en proposamen nagusietakoa bilakarazi zuela. “Proposatzen zituen helburu guztiak betetzen zituen pertsona zen gure Alicia”, azpimarratzen digute Euskal Etxetik. “Kolpe handia izan da bere tupusteko heriotza, baina horrek ez du itzaliko berak piztutako sugarra. Sugar horrek argitu ahal izango die bidea bere beharra duten euskal etxeei”, adierazi digute euskal mendozatarrek, hunkituta eta euren lagunaz harro.



Komentarioak

  • Alicia Aguirre

    Jatorra, langilea, euskaltzalea... gogoan izango zaitugu Alicia

    J. Saldubehere (Euskal Herria), 2018/05/28 20:08

« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia