euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Alfredo Jover, danbor nagusi: “Donostian ala Mexikon jaio arren, gakoa danborrada bizi eta sentitzea da”

2015/01/22

80. hamarkada azkenetik da Alfredo Jover donostiarra –1959tik darama Mexikon-- DFko danborradako danbor nagusi (argazkia EuskalKultura.com)
80. hamarkada azkenetik da Alfredo Jover donostiarra –1959tik darama Mexikon-- DFko danborradako danbor nagusi (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Donostian festa burututa, Diasporan datorren igandera arte luzatuko dira danborradak. Joan den asteburuan Paris eta New Yorken izan ziren aitzindari eta hurrengo asteburuan Madril, Caracas, Murtzia, Mexiko, Valladolid eta Shanghaiko euskal etxeetako danborradak izango dira aurtengo amaiera-emaile.

Joseba Etxarri. Urtarrilaren 20a asteartea izan da aurten eta Diasporan, Donostian ez bezala, laneguna izanik, euskal etxe edo komunitate bakoitzak aurreko edo ondoko asteburura pasatzea erabaki du, jende gehiago biltzearren. Ausart batzuk baino ez dute dagokion egunean ospatu, hala nola Madril eta Bartzelonako euskal etxeek edo, Argentinan, Necochea eta Arrecifesek; Necocheako kasuan, ekitaldiak astearte bezperan, 19 gauean, hasi ziren eta datorren larunbatean amaituko dira gala eta danborrada handi batekin. Eta larunbatean bertan ospatuko du jaia Diasporan itzal berezia duen beste danborrada batek, Mexiko hiriburukoak, 80. hamarkada hondarretik Alfredo Jover Donnay Donostia-Groseko donostiarra danbor nagusi.

-Danborraria jaio ala egin egiten da?

Guztietarik daukagu hemen. Baditugu hango gazteak, Donostiatik edo Gipuzkoatik ikasketengatik edo lan kontuengatik bizpahiru urtetarako hona etorritakoak, han sekula danborrada batean atera ez eta hemen jotzen hasten direnak. Eta baditugu hemen jaiotako mexikarrak, bazkideen seme-alabak, beharbada sekula han izan gabeak, urtero euskal etxeko danborradarekin hazi direnak eta barruan bizi eta sentitzen dutenak, danborrada jotzen hangoei batere inbiriarik gabe. Posible da, bai, hemen jaio eta danborraria izatea. Gakoa barruan bizi eta sentitzea da.

-Danborrada DFko Euskal Etxeko egutegian gorriz markatutako datetako bat da, bertako festa handi bat, San Fermin,San Inazio eta Baztan Eguna bezalako beste jai batzuekin batera. Zenbatek osatzen duzue danborrada eta zenbat jende espero duzue biltzea datorren larunbatean?

Hogei bat aterako gara sukaldari jantziekin danborrari; horietarik, sei danborrak dira eta gainerakoak kupelak. Eta 150 eta 180 gonbidatu artean espero ditugu,horiek ere partaide, afarian paperezko txanoak, palilloak eta ohol txikiak banatu ohi ditugu-eta, jendeak parte har dezan. Afaria hamarretan hasi ohi da eta hamaika t’erdiak aldera iristen gara postreetara. Ordu horretan, jotzen ateratze garenak aretotik atera eta danborrari jantziak soineratzen ditugu, frontoiean bildu eta hamabik bost minutu gutxitan sartzen gara, danbor eta barrilen martxa jotzen. Eta hamabiak puntuan direnean bandera igotzen da, San Sebastian martxa jotzearekin batera.

-Gauza ongi antolatu eta prestatua dirudi. Errepika edo entsaio asko egiten al dituzue?

Ostiral honetan, ospakizun bezpera, laugarrena egingo dugu.

-Serio hartzen duzue…

Ondo pasatzea eta gauzak taxuz egitea ez dira gauza kontrajarriak. Ahal eta hobekien egiten saiatzen gara. Eta, sinets iezadazu, festaz gozatzen dugu.

-Zein da jotzen duzuen errepertorioa? Donostian azken urteotan Sarriegiren partitura berriak emendatu dituzte, baita San Sebastian Martxa Zaharra ere…

Danborradako betiko piezak jotzen ditugu, Sarriegi maisuaren ohiko zortziak.

-Lagunarte eta familia donostiar batzuetan, aspaldiko partez angulak itzuli dira San Sebastian eguneko menura. Zein da menua Mexikon eta zenbatean daukazue?

Aurtengoak lau atal dauzka: sarrerako bariatu beroak, ondoren chile poblano salda –piper zopa baten antzeko plater mexikarra da--, gero arraina pistoz berbetea eta azkenik esne frijitua izozkiaz. Bazkideek 350 peso ordainduko dituzte (ia 20 euro) eta bazkide ez direnek 400 (22 euro pasexe).

-Edonork parte har dezake?

Jendea oro da ongi etorria, baina pentsa daitekeenez komeni da garaiz izena ematea. Familia osoak eta adin guztietako pertsonak hartzen dute parte, asko, normala denez, Donostia edo Gipuzkoarekin loturadunak, baina partaideetako asko ere nafar eta bizkaitar jatorridunak dira, esaterako, jai hau hemen euskal jaia baita; euskal etxearena, donostiarra, baina finean euskal jaia. Nik emozioz bizi dut. Harro nago parte hartzeaz eta niretzat ohorea izango da beste urte batez hondar aletxo apala ipintzea aurrera atera dadin. Bagera!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia