euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Alberto de Sarasqueta, Kunshango Mondragon Parkea: “Txinan edukiontziak edukiak bezainbeste edo gehiago balio du”

2015/01/29

Alberto de Sarasqueta Kunshango Anaitasuna baserriaren aurrean, Mondragon Industri Parkean (argazkia EuskalKultura.com)
Alberto de Sarasqueta Kunshango Anaitasuna baserriaren aurrean, Mondragon Industri Parkean (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Alberto de Sarasqueta bilbotarrak zazpi urte daramatza Txinan. Bera da Kunshango Mondragon Industri Parkeko ‘zuzendari kudeatzailea’ –general manager dio ingelesez eta txineraz bere txartelak– Euskadirekin harreman lehenetsia duen Jiangsu probintzian. Bi munduen arteko zubilana egiten du 2007an Shanghaitik 40 kilometrora euskal enpresak kokatu, elkarri lagundu eta baturik merkatu eta testuinguru txinatarrari hobeto ekiteko sortutako euskal polígono honek. Mila langile ari dira bertan, euretarik berrogei bat ‘espatriatu’, gehienak euskaldunak.

-Joseba Etxarri/Kunshan, Txina. Gaztetxo zenetik hasi zen sentitzen lilura berezia Txinarekiko, aitortu digu 33 urteko abokatu ekonomista honek Kunshango ‘Anaitasuna’ deitzen duten eraikineko bilera gelan errezibitu gaituenean. Aukera sortu zitzaionean ez zuen, beraz, zalantzarik izan. Egun Kunshan-en zuzentzen duen parkeak 16 enpresa batzen ditu eta euskarri da eurentzat. Poligonoaren bihotza den Anaitasuna etxe honetatik –txineraz Hexue (harmonia, oreka) ere esaten diote– persona eta zerbitzu kudeaketa egiten dute kide diren enpresentzat eta guztien solaskide bakarra dira agintarien eta inguru txinatarraren aurrean baldintzak lortu eta aritzeko orduan.

-Hain gara desberdinak txinatarrak eta euskaldunak?

Gauza batzuk antzekoak izan ditzakegu eta beste hainbat zeharo desberdinak. Antzekotasunez galdetzen badidazu, familiaren kontzeptua aipatuko nizuke, bi kulturotan familia sakon errotua baitugu. Txinako leku batzuetan markatua da, gainera, matriarkatua, esaterako Shanghain bertan, emakumeak baitarama etxearen eta finantzen ardura.

-Asko kostatzen al du kultura txinatarra ulertu eta bere uretan murgiltzeak?

Txina ulertzeko usted dut lehenengo, desberdinak garela behar dugula onetsi eta gure harremana onespen horretatik eraiki. Gogoan behar da hartu Txina ez dela soilik herrialde bat, zibilizazio bat baizik. Hemengo pentsamoldea holistikoa da eta gauzak bere osotasunean ikusten dira, Euskadin eta Mendebaldean pentsaera sekuentziala daukagun bitartean; alegia, antzerki klasikoan erabiltzen den “planteamentua, korapilo edo mamia eta emaitza edo ondorioa”.

-Adibide bat ematekotan?

Negoziazio batean, planteamentua egin ondoren eta korapilora pasatuta, Txinan normala da zure solaskidea planteamentura itzultzea edo, alderantziz, preziora joatea zuzenean, ondoren korapilora itzultzeko. Finean, Txinan garrantzitsuena harremana da, negozio horren euskarri den harremana, eta harreman hori da bi aldeek zaindu eta elikatu behar dutena, idatzitakoa baino, paperak askotan formalismo huts izaten baitira.Izan ere, hemen normala da kontratuak laburrak izatea eta zehaztasun gehiegi gabeak. Gauzak egiteko modu hau konplikatua izan daiteke planteamentu sekuentziala daukagunontzat eta alderantziz, eurei ere kosta egiten baitzaie ulertzea gu hain egituratuak izatea.

-Idatziaren balioa erlatiboa da, beraz, eta ez da funtsezkoena…

Esan dezagun askotan legeak ez daudela xehetasunetaraino findu eta zehaztuak eta zehaztapen hori aipatzen ditudan harreman horien arabera gauzatzen dela, esan nahi baita buro-ekin izan ditzakezun harremanen arabera gertatzen dela legea zerorrek ulertzen duzun moduan edo zuri baliagarria zaizun moduan interpretatzea. Euskadin, esaterako, enpresa baren abantaila fiskalak argi daude, legeak zehazten duenaren arabera erabaki eta interpretatzen dira, eta gauzak beltzak edo txuriak dira. Hemen gehiago ibiltzen zara grisen eskalan. Hemen bizi garenok ziurgabetasuna kudeatzen ikasten dugu.

-‘Euskaldun Hitza’k balio al du hemen?

Euskaldun Hitza kontzeptuak, emandako berbari eutsi eta esandakoari gogor eta estu lotzea nahi du esan. Txinan, berriz, gehiago pentsatzen da baldintzak aldakorrak direla eta momentu batean emandako hitza alda daitekeela hurrengo momentuak baloreak aldatzen baditu. Batzuek hori hitza jatea bezala interpreta dezakete, baina txinatarren ikusmolde holistikoaren baitan behar da ulertu. Bidea beste era batera ibiltzea da. A-tik B-ra iristeko ez dugu zertan lerro zuzena jarraitu behar, uhinak egiten ere irits gaitezke helmugara, parametro batzuen baitan, jakina, baina uhin horiek onar ditzakegu, modu txinatarra bildu eta nolabait bizikide izan dagigun Mendebaldeko gure logikarekin.

-Mila langile zarete Kunshango Mondragon Parkean. Anaitasuna eraikina poligonoaren bihotza omen da.

Proiektuarentzat eta partaide dituen enpresentzat lokarri eta itsasgarri dugu, hohesio eta koherentzia emaile. Indar biltzaile. Txinan tamainak axola du eta bolumena eta solaskide izateko gaitasuna ematen digu, euskarri dugu hainbat arlotan, baita formaziogune ere, beste zenbait abantaila artean; jangela ere hor dugu, handik gatozenoi egunero Euskadiko moduko janaria ematen digu, elkarrekin bazkaltzeko aukerarekin batera. Ongi uztartzen da, gainera, Shanghain egoitza duen Euskal Etxearekin, harek gehiago lantzen baititu arderdi ludikoak eta euskal kulturarekin zerikusia daukatenak.

-Denbora gutxi barru ezkondu behar duzula esan didate.

Abuztuan ezkonduko naiz, Bilbon (irribarre egiten du). Deustuan ikasi nuen eta nire bikoteak Komertzialean, baina hemen ezagutu genuen elkar. Jaiotzez, Elchen jaio zen, gurasoak txinatarrak. Batzuetan xasisa txinatarra, motorra europarra eta Euskadiko piezak dituen auto bat bezalakoa dela esaten dut, lau urtez biziizan baitzen Euskadin. Gure planak oraingoz hemen geratzekoak dira. Gure lurra bihotzean daramat, baina alderdi profesionalean asko geratzen zait hemen egiteko, Txinak Euskadira itzultzen utzi nazan aurretik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia