euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Giro bikaina eta 300 partaide txiki derrigorrezko hitzorduan: FEVAk antolatzen duen Ume Topaketa

2011/10/04

14. Ume Topaketa joan den irailaren 24an burutu da Euskal Echea Institutuko predioan (argazkia FEVA)
14. Ume Topaketa joan den irailaren 24an burutu da Euskal Echea Institutuko predioan (argazkia FEVA)
Udaberrian sartuta gaude jadanik Argentinan eta urtaro honetako jaialdi igurikatuenetako bat da dudarik gabe Ume Topaketa. Aurrekoetan bezala, 14. elkarretaratze honetan ere FEVAko euskara arloa izan da ekintzaren bultzatzaile nagusia, HABEtik jasotako diru-laguntzarekin. Baina jaia ez litzateke posible izango ezin estimatuzko beste bi kolaboraziorik gabe: helduen taldea, eurak baitira umeekin daudenak eta euren jolas eta beharrez arduratzen direnak, eta Euskal Echea Institutua, urtero Llavallolgo bere egoitzako ateak irekitzen baititu festa erraldoi hau egin ahal izan dadin.

Llavallol, Argentina. Arrakastatsua oso suertatu da joan den irailaren 24an burutu den 14. Ume Topaketa. Hirurehun bat neskato eta mutikok hartu zuten parte Argentinako euskal federazioak eurenntzat propio prestatutako jaialdian. Herri askotako euskal etxeetako ordezkariak bildu ziren Llavallolgo Institutuko zelaietan goiz partez,  tartean Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat, Buenos Airesko Laurak Bat eta Emakume Abertzale Batza, Cañuelaseko Denak Bat, Chascomuseko Zingirako Euskaldunak, Gral. Las Heraseko Zazpirak Bat, Gral. Rodriguezeko Eusko Aterpea, Jose C. Pazeko Toki Eder, La Platako Euzko Etxea, Lomas de Zamorako Denak Bat, Maipuko Anaitasuna, Mar del Platako Denak Bat, Tandilgo Gure Etxea eta bertako Euskal Echea-koak.

FEVAren 14 Ume Topaketa 2011 01

[Adin guztietako txikiek hartu zuten parte FEVAren proposamenetan (argazkia FEVA)]

Berrogeita hamar begiralek adinaren arabera banatu zituzten umeak eta gosaldu eta gero hasi zen mugimendua. Pilota, dantzak, altxorraren bilaketa, abestiak eta irudiak dira txikitxoek egin zituzten aktibitateetako batzuk. Eguna bukatuz joan zen eta ekitaldiari amaiera emateko, umeek berek egindako kometak aireratu ziren Euskal Echea institutuko kirol zelaietatik.

FEVAren 14 Ume Topaketa 2011 02

[Eurak egindako baserri irudiak oparitu zizkioten elkarri txikiek (argazkia FEVA)]

FEVAren 14 Ume Topaketa 2011 03

[Jaiaren amaieran kometak aireratu ziren (argazkia FEVA)]

Agur esateko momentuan eta FEVAren izenean Begoña Lentinik esker beroak eman zizkien euskal etxeetako kideei urtero Topaketaren protagonistak izateagatik. Jaiaren bukaeran ere, Euskal Echea Institutuko Izaskun Ordokik ere hartu zuen hitza elkarretaratzera hurbildu zirenei zuzentzeko. Ordoki oso pozik agertu zen topaketa nola garatu zen ikusita eta berak zuzentzen duen etxea 15. topaketaren egoitza izango dela aurreratu zion bildutako jendeari.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia