euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak ez du karguan jarraituko 2017an

2016/12/23

Etxepare Euskal Institutuaren aurkezpenean, 2010ean, ezkerretik eskubira Mari Jose Olaziregi, Blanca Urgell garaiko Kultur sailburua eta Aizpea Goenaga (argazkia EuskalKultura.com)
Etxepare Euskal Institutuaren aurkezpenean, 2010ean, ezkerretik eskubira Mari Jose Olaziregi, Blanca Urgell garaiko Kultur sailburua eta Aizpea Goenaga (argazkia EuskalKultura.com)

Aizpea Goenagak, azken sei urteotan Etxepare Euskal Institutuaren zuzendariak, ez du erakundean jarraituko 2017an. Kultura sailburu berriak, Bingen Zupiriak, Miren Arzalluz izendatuko du kargu horretarako. Goenaga, Etxepareko zuzendaria izan da institutuaren hastapenetik (2010ean); eta berak izan du erakundea abian jartzeko ardura, Mari Jose Olaziregi laguntzaile. Olaziregik duela aste batzuk utzi du bere kargua. Irakur Aizpea Goenagaren azken agur gutuna.

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastián. Aizpea Goenagak ez du Etxepare Euskal Institutuaren zuzendaritzan jarraituko, Diario Vasco egunkariak gaur argitaratu duenez. Egunkari gipuzkoarrak aditzera eman du Goenagak herenegun jaso zuela berria, Bingen Zupiria kultur sailburu berriaren ahotan. 

Halatan, Goenagaren agurra duela aste batzuk institutua utzi zuen Mari Jose Olaziregirenari batu zaio. Olaziregik kargua utzi eta bere EHUko irakasle postura bueltatu da. Horrela, Etxeparek institutua 2010ean abian jarri zuen lantaldearen buruak galduko ditu. Olaziregiren postua Irene Larrazak, orain arte erakundeko komunikazio burua izan denak, hartu du, oposizio bidez. Goenagaren ordezkari nor izango den jakiteko dago momentuz. 

Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuaren lehendabiziko zuzendaria izan zen eta bera izan zen erakundea hutsetik abian jartzeko ardura izan zuena, 2010eko ekainean hasita. Erakundea sortzeko proiektua Miren Azkarate Kultur sailburuaren agintaritzapean sortu zen, eta Blanca Urgell sozialista sailburu zenean eman zituen Etxeparek lehen urratsak.  

"Esperientzia zirraragarri eta gogorra izan da, aldi berean. Existitzen ez zen zerbait abian jarri behar izan genuen, hutsetik hasita, eta gainera eremu oso zabala hartuz: mundu osoa. Hilabete batzuk lankiderik gabe eman nituen, burokrazia arazo batzuengatik. Eta urte bukaeran heldu ziren aurrenekoak, horien artean nire lankide nagusiena izan dena, Mari Jose Olaziregi", adierazi dio Goenagak Diario Vasco-ri. 

Albiste osoa, gaztelaniaz, Diario Vasco-ko bi artikulutan, hemen, eta hemen.

(EGUNERATUA 2016-12-23 arratsaldean) Aizpea Goenagaren azken agur gutuna, Facebook-eko bere kontuaren bidez plazaratua:

Adiskide maiteok,

Urtea bukatzearekin batera, 2010ean Etxepare Euskal Institutuaren zuzendari bezala hasi nuen bidaia amaitu egingo da. Euskara eta euskal kultura munduan barrena zabaltzea erronka apasionantea izan da eta esker oneko hitzak besterik ez ditut bidelagun izan zareten guztiontzat; bai sortzaile, eragile eta erakundeentzat. Aurrerantzean ere bide batean baino gehiagotan topo egingo dugulakoan nago.

Eskerrik asko bihotzez zuen lana, babesa eta eskainitako laguntza guztiagatik.

Adiorik ez, eta urte berri on,

Aizpea Goenaga
Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria



« aurrekoa
hurrengoa »

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia