euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aitor Inarra, San Frantziskoko BCCko euskara irakaslea, Nicole Kidmanen pelikula batean aktore

2012/07/11

Aitor Inarra "Hemingway & Gellhorn" filmerako "Leon Felipe" euskaldunaren paperean karakterizatua
Aitor Inarra "Hemingway & Gellhorn" filmerako "Leon Felipe" euskaldunaren paperean karakterizatua
Orain dela zazpi urte Estatu Batuetara etortzeko erabakia hartu zuenean, Aitor Inarra donostiarrak ezin zuen imajinatu non bukatuko zuen: euskara irakasle eta aktore Nicole Kidman bezalako izar baten ondoan. Euskal Herritik "atsedena" hartzeko asmoarekin emigratu zuen Inarrak baina, urteak igaro eta herrimina sentitzen hasi zenean, San Frantziskoko Basque Cultural Center-eko euskara irakasle lanean buru-belarri engaiatu zen. Euskal elkartearen bidez heldu zitzaion zineman aritzeko lehen aukera: iragan maiatzean HBO kateak estreinatu zuen "Hemingway & Gellhorn" filmean Nicole Kidman eta Clive Owen-ekin aritu da.

PUBLIZITATEA

San Frantzisko, AEB. Iragan maiatzean Estatu Batuetako HBO kable kate ezagunak "Hemingway & Gellhorn" filmea estreinatu zuen. Pelikulak Ernest Hemingway idazlearen eta Marta Gellhorn gerra korrespontsalaren arteko maitasun istorioa kontatzen du eta Clive Owen eta Nicole Kidman aktoreak dira izarrak. Eurekin batera, San Frantziskoko euskal komunitateko lagun bat agertzen da: Aitor Inarra donostiarra, Leon Felipe izeneko euskal borrokalari baten paperean (bideoak, hemen).

Inarra Basque Cultural Center-eko euskara irakaslea da eta hau izan da zinema munduan egin duen lehen lana. "Euskal etxeko presidenteak e-maila bidali zidan euskal aktore baten bila ari zirela esanez. Asteazkenean erantzun nuen, ostegunean casting-era deitu zidaten eta Clive Owen ezagutu nuen, eta ostiralean grabatzen hasi ginen Nicole Kidmanekin!", azaldu dio EuskalKultura.com-i Inarrak.

Bi izar handi

Papera oso txikia da, Inarrak berak argitzen duenez, baina berari zinema mundu honetan sartzeko aukera eman dio. "Esperientzia bikaina izan da produkzio hauek nola egiten diren ikustea. Batez ere, miresgarria da ikustea aktoreak nola sartzen diren paperean, inguruan dutenari jaramon egin gabe".

Clive Owen ingelesa "tipo oso jatorra" dela azaltzen du: "asko lagundu zidan. Euskal Herria ezagutzen zuen gainera, Donostian izana da, Arzaken jan du. Oso futbolzalea da eta Ingalaterran ibilitako euskaldun bat ezagutzen zuen, Xabi Alonso". Nicole Kidmanekin gauzak oso bestelakoak izan omen ziren: "oso izar handia da eta egia esan, kikildu egiten nintzen bere aurrean. Errodajean ordu erdi pasa zen arte ez nintzen neure burua aurkezteko gai izan! Baina nola aktuatzen duen ikustea ikaragarria da", dio Inarrak.

Orain Bigarren Mundu Gerrari buruzko filme bat egiten ari da Inarra, ofizial nazi baten paperean. Ametsetako mundu honetan sartu ondoren, aktoreak euren lana maite duten pertsona arruntak direla ikusi duela dio eta bertan lanean jarraitzeko asmoa du.

Euskaratik atseden bila

Zine munduan ia halabeharrez hasi zen Inarra; eta, paradoxikoki, euskal etxera euskal mundutik ihesi heldu zela esan daiteke. "Orain zazpi urte Euskal Herritik joatea erabaki nuen eta San Frantziskora etorri nintzenean hasieran ez nuen euskal komunitatearekin harremanik izateko asmorik. Gogorra da agian, baina horrela zen. 34 urtez Euskal Herrian bizi ondoren, handik aldendu eta gauza berriak ezagutu nahi nituen. Baina urteak pasa ahala herrimina sortu zitzaidan. Gabon Gau batean Euskal Herrian zer gertatzen zen begiratzen hasi nintzen internetez eta euskararekin harremana berreskuratu nahi nuela erabaki nuen".

BCC-ra idatzi eta euskara irakasle bila ari zirela jakin zuen. Abenduan izena eman eta urtarrilean NABOk Salt Lake City-n egin zuen irakasle barnetegian parte hartu zuen. Harrezkero hiru urte eta erdi --"zazpi seihilabeteko", dio berak-- pasa dira eta eskolatan eta euskal kulturaren aldeko lanean buru-belarri engaiatuta dago Inarra.

Bere ikasleen motibazioa eta interesa azpimarratzen ditu eta atzerrian euskara ikasteko ahalegina egitea asko miresten duela aitortzen du. "Hemengo euskal komunitateak Euskal Herriari buruz duen kontzeptuak harritu egin nau. Ez dute inongo zalantzarik Euskal Herriaren integritateari buruz, guri han azkenean hainbeste gauza sartu dizkigute buruan... Argi dute Nafarroa Euskal Herria dela, Iparralde Euskal Herria dela... Kulturaz hitzegitea maite dute, ez hainbeste politikaz eta biolentziaren oso kontrakoak dira orohar. Ni klaseetan azken 30 urtetako historia eta egoera azaltzen ahalegintzen naiz, nik ezagutu dudana kontatzen saiatzen naiz".

Euskal mundutik ihesi San Frantziskoko euskaldunen sendiaren parte izaten bukatu du Inarrak. "Oso argi dut neure hizkuntza eta Euskal Herria pila bat maite ditudala eta euskararen alde lan egin nahi dut beti", aitortu dio EuskalKultura.com-i.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia