euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aita Tillousek onerako bidea hartu du Baionan ebakuntza jasan ondoren, pankreasen minbizia atxeman baitzioten

2007/12/13

AEBetako omonier den aita Martxel Tillous
AEBetako omonier den aita Martxel Tillous

PUBLIZITATEA

Iduri du garaiz harrapatu dutela eta onerako bidean hasi dela. Iragan asteartean egin diote ebakuntza aita Martxel Tillous-i Baionako ospitale batean eta emaitza ona izan dela adierazi dute familiako iturriek. Arrengura eta kezka nagusitu ziren pankreaseko minbizia izan zezakeela zabaldu zelarik, baina, nonbait, gaitza hastapenean zen eta kendu ahal izan diote. Eritasuna, medikuarengana joan arazi ondoren atxeman zioten, Xipri Arbelbide bere lagun eta apeza ere badenak ongi ez zegoela antzeman baitzion eta horretara behartu. Ezin izango du lehengo bizimodu azkarra eraman, Ameriketan harat-hunat estaturik estatu, baina bai bizimodu normala Euskal Herrian.
Pozik dira bere familia eta lagunak Euskal Herrian, eta baita ere Euskal Herritik kanpo Ameriketan eta Afrikan duen lagun andana. Aita Martxelek arrengura handiagoa zeukan Kaliforniara itzuli eta Eguberrietan San Frantzisko, Bakersfield eta Chino bezalako lekuetan egin ohi dituen jaiotzetan eta funtzioetan parte hartzeko, baina Xipri Arbelbide apez eta lagunak osagarria zaindu eta lehenik medikuarengana joan behar zuela esan zion, eta hark atxeman zion pankreaseko minbizia zirudiena.

Jakiteko noraino harrapatua zen ebakuntza egin behar, eta horixe egin zioten joan den asteartean Baionako Lafourcade klinikan. Atxeman zuten garaiz heldu zirela, eritasuna hastapenean baitzen eta kendu ahal izan baitiote, familiako iturriek EuskalKultura.com-i jakin arazi diotenez. Hiru orduko ebakuntza izan da, baina badirudi ez duela kimioterapia edo horrelakorik egin behar izango. Hori bai, zaindu beharko du bere burua, eta utzi orain arte Estatu Batuetan zeraman bizimodu azkarra, batetik bestera anitz miliako bideak eginez estaturik estatu euskal komunitatearen zerbitzuan. 'Ezetz esaten ikasi beharko du', esaten zuen bere lagun Xipri Arbelbidek.

Pozten gara, aita Martxel


'Honelako bizia ez da erraza pertsona gazte batentzat, eta aita Martxelek, hirurogeita hamabi urterekin gazte askok baino lan azkarragoa zeraman', esan digu abade zuberotarra eta AEBetako euskal komunitatea ongi ezagutzen dituen iturri batek. 'Berak egin izan du lan hori eta oraindik hor ari zen, badakielako bera Europara joaten bada bere ordez ez dela inor etorriko Estatu Batuetara euskaldunen apaiz izateko, Euskal Herrian bertan ez baitute aski apaiz-eta. Baina badirudi heldua zaiola bizia errazago hartzeko tenorea, hemen take it easy esaten dutena egiteko tenorea. Ezetz esaten ikasi behar du, oraingoan nahitaez'.

Axola duena, eritasuna garaiz harrapatu izana da eta ebakuntza ongi atera izana. Berri ona, mementu batez zinez kezkaturik zeuden bere inguruko hainbatentzat. Bere lagunak pozik dira, Ameriketan, Europan zein 26 urte eman zituen Afrikan. Pozten gara geu ere, aita Martxel, zorionak.


Lotura interesgarriak

NABOk aita Martxel Tillousi eskaini dio bere 2008 egutegia
2007ko abuztuaren 23an EuskalKultura.com-en argitara emana

Aita Martxel Tillous, Ipar Ameriketako euskal apez ibiltaria
2002ko martxoaren 25ean EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia