euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ahots berriekin eta Pazko Igandeko kontzertuarekin ekin dio 2012ari 'Camerata de la Luna' koralak

2012/04/13

Pazko Igandeko kontzertuaren irudiak, joan den astean (argazkiak 'Camerata de la Luna')
Pazko Igandeko kontzertuaren irudiak, joan den astean (argazkiak 'Camerata de la Luna')
San Luis probintzia argentinarrean, Villa Mercedeseko Euskal Etxeari atxikitako 'Camerata de la Luna' abesbatzak bi ekintza berezirekin hasi du 2012 ikasturte berria. Batetik eta euskal etxeko egoitzan, hilabete iraun duen ikastaro bat eskaini die abesbatzan sartu nahi zuten abeslari berriei. Bestalde, eta probintziako Hezkuntza Ministerioaren babesarekin, Pazko Kontzertua eskaini zuen joan den igandean, hiriko Santo Domingo Elizan. Emanaldia 2012ko zikloko lehena izan da eta Cameratakoez gain, Mendoza eta San Juan hirietako musikariek hartu zuten parte. Bestetik, arte tailerrak eta umeentzako kantu klaseak ere laster hasiko direla jakinarazi digute Villa Mercedeseko Euskal Etxea-ko arduradunek.

Villa Mercedes, Argentina. Francisco Mensa zuzendari, 2003. urtean jaio zen 'Camerata de la Luna' taldea jardunbide oparoa joan da eraikitzen kultur arloan, hiri zein nazio mailan. Eliz musika eta musika profanoa zabaltzeko asmoa duen abesbatza 2007an Villa Mercedeseko Euskal Etxearekin elkartu zen, eta lotura horren ondorioz Euskal Herriko abesti tradizionalak gehitu zizkion Mensa zuzendariak koruaren errepertorioari.

Azken bost urteotan, beraz, Villa Mercedeseko euskaldunaren musika arloko ordezkari bihurtu da 'Camerata de la Luna' eta geroztik Euskal Asteetako koru emanaldietan aurkezteaz gain, Euskal Herria ere bisitatu zuen 2009ko irailean.

Camerata de la Lunak egindako tailerra 2012 01
[Ahots berriak gehitzeko, tailer bat egin dute 'Camerata de la Luna' abesbatzako arduradunek Villa Mercedeseko Euskal Etxea-n (argazkia EE)]

Martxotik aurrera, eta taldean sartzeko asmoa zuten abeslariei begira, tailer bat eskaini dute Cameratako arduradunek euskal etxearen egoitzan. Ikastaroa entzunaldi batekin hasi zen eta hilabete bateko trebakuntza amaitu ondoren, azterketa bat egin behar izan dute aurkeztu zirenek. Etsaminean ariketa praktiko eta teorikoak gainditu behar izan dituzte abeslariek eta hiru kanta abestu: Italiako Errenazimentuko errepertorioko bat, Argentinako kantu herrikoi bat eta, azkenik, euskal errepertorioko ‘Txoria Txori’.

Aipatu behar da joan den apirilaren 8an Pazko Igandeko kontzertua eman zuela abesbatzak Villa Mercedeseko Santo Domingo Elizan. Errezitalean Antonio Vivaldiren ‘Gloria’ interpretatu zuten San Luiseko abeslariek, beste artista batzuek lagunduta. Ikuskizunean Jimena Semiz sopranoak, Silvia Nasiff mezzo-sopranoak, San Juango ‘Ensamble Barroco’k eta ‘Santa Lucia’ abesbatza polifonikoak ere hartu zuten parte.

“San Luis probintziako Hezkuntza Ministerioaren babesa izan zuen kontzertu hau 2012an zehar gauzatuko den zerrenda luze bateko lehena izan da”, adierazi diote EuskalKultura.com-i euskal etxetik. “Euskal etxeko beste ekintzak ere laster hasiko dira, tartean, arte eta umeentzako kantu tailerrak”, azpimarratu dute Euskal Etxea-ko kideek.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia