euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Abuztu eta iraileko egitarau oparo bati ekingo diote La Platako Euzko Etxea euskal etxeko lagunek

2011/08/22

La Platako Euzko Etxea-k bultzatzen dituen ekintza batzuk
La Platako Euzko Etxea-k bultzatzen dituen ekintza batzuk

PUBLIZITATEA

Musika, dantzak, liburuak, jaiak. Adin eta interes guztietako jendearentzako proposamenak luzatzen dizkiote La Platako euskaldunek beren komunitateari. Batzuk etxe barruan, beste batzuk etxetik kanpo baina beti euskal kultura zabaldu eta lagunen artean egoteko asmoarekin. Ekintzez betetako epe hau datorren ostiralean hasiko da, 21. La Platako Koru Topaketan euskal etxeko abesbatzaren aurkezpenarekin; jarraituko du, gero, San Inazio afariarekin, “Buenos Aires-ek ospatzen du” erakusketarekin, ume eta liburuzain egunarekin eta dantzarien omenezko festarekin. Hona hemen aktibitate programa osoa.

La Plata, Argentina. Hamaika ekintza gauzatzen dira egunero La Platako euskal etxean. Ezagunak dira Euzko Etxea-ren kirol eskola, Evangelina Bertolak zuzentzen duen abesbatza, euskal etxeko euskara eta dantza taldeak eta Matxin Burdin Liburutegia. Orain, isiltasunean egiten den lan handi hori erakusteko aukera dute Buenos Aires probintziako hiriburuko euskaldunek eta komunitate osoa gonbidatzen dute euren hitzorduetan parte hartzera.

Abuztuaren 26an, iluntzeko 8etan, euskal etxeko koruak kontzertu bat eskainiko du 21. La Platako Koru Topaketan. Kantaldia “La Plata, koruen probintziako hiriburua” delako ekimenean gauzatuko da, Udaletxeko Urrezko aretoan. Sarrera doain da eta Udalaren babesa du.

Programarekin jarraitzeko, abuztuaren 27an San Inazio afaria egingo da euskal etxearen egoitzan. Ospakizunaren testu-inguruan, pelikulak proiektatuko dira eta etxeko dantzariek pieza batzuk eskainiko dituzte. Afari eta erromeriaren sarrerak idazkaritzan lor daitezke - 14 kaleko 1245. zenbakian-.  

Buenos Aires hiriak gizatalde euskaldunari egingo dion omenaldian ere egongo dira Euzko Etxea-ko kideak. Buenos Aires hirian eta abuztuaren 28an burutuko den ekitaldi honetan, La Platakoak kirol, liburutegi, euskara eta heziketaren standetan egongo dira. Euskal etxeko abesbatzak eta dantzariak ere pasatuko dira Maiatzeko Etorbideko tauletatik.

Abuztuko hirugarren igandean ospatu da aurten Umearen Eguna Argentinan. Egun batzuk beranduago – irailaren 3an, hain zuzen --, La Platako eta inguru herrietako euskal etxeetako txikiak bilduko dira Euzko Etxea-n euren eguna ospatzeko. Ekintzak eta jolasak 'Mari Aramayo' emakumezkoen lagunarteak koordinatuko ditu.

Liburuzainaren Eguna gogoratzeko, irailaren 17an Laura Nobilek 'Seme-alabek ahaztu nahi dutena, bilobek gogoratu nahi dute' bere hitzaldia emango du. Mintzaldiaren ostean, lagunen arteko afaria egingo da euskal etxean.

Euzko Etxea-ko dantzari eta dantzari ohiak haien omenezko jai batean bilduko dira irailaren 24an. Informazio gehiago eskuratzeko, helbide hauetara idatz daiteke: fiestaexdantzari@hotmail.com - secretaria@cvascolaplata.org.ar. Facebook-en ere honi buruzko informazioa lor daiteke, Fiesta ExDantzari (LaPlata) delako helbidean. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia