euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Abian dira dagoeneko euskal musaren 2018ko hitzordu nagusiak: MercoMus apirilean izango da eta Mundiala, irailean

2018/03/12

2018ko Mus ekintza batzuk
2018ko Mus ekintza batzuk

PUBLIZITATEA

MercoMus Txapelketa, apirilean Latinamerikan, eta irailean Macachingo Mundiala izango dira 2018ko hitzordu nagusiak euskal musari dagokionez. MercoMus-en 11. edizioa, apirilaren 11tik 15era egingo da Montevideon. Mundialari begirako txapelketa nazionalak ere ari dira egiten hainbat herrialdetan, eta berehala hasiko dira Argentinan, Uruguain eta Txil, esaterako. Herrialde bakoitzean irabazle ateratzen direnak Argentinar Pampako Macachinen elkartuko dira, irailaren 22tik urriaren 1era, Munduko Mus Txapelketan.

Buenos Aires, Argentina. MercoMus txapelketa hegoamerikarra Uruguaiko hiriburuan egingo da aurten, bertako Euskaro Euskal Etxea antolatzaile eta Argentina, Txile, Peru, Venezuela eta Uruguaiko 14 bikote partaide. Ekitaldia apirilaren 11an hasiko da, gaueko 9etan, ongi etorri brindis batekin eta 15ean bukatuko da, sari banaketa eta MercoMus-eko 11. edizioaren agur afari eta topa egitearekin. Hau izango da Uruguaik antolatzen duen laugarren MercoMus, aurrekoak 1998, 2011 eta 2015 urteetan izanik (urte batzuetan txapelketak kale egin zuen mende hasierako krisi ekonomikoak eraginda).

Txapelketaren baitan baina denbora librean txangoak egiteko aukera izango dute muslari eta laguntzaileek. Programan adostu diren bisiten artean Udaletxeko begiratokira, Legebiltzarrera, erdigunera eta hiriko bus turistikoan, eta Portuko Merkatura daude, batzuk aipatzearren.  

Txapelketa Nazionalak

Urteroko dinamikari jarraituz, herrialde askotan aurrera darraite nazio bakoitzeko bikote txapelduna erabakitzeko txapelketak. Beste nazio batzuetan, laster hasiko dira lehia horiek. Argentinan, esaterako, abuztuaren 17tik 19ra jokatuko norgehiagoka nazionala, Chascomus-ko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxea antolatzaile. Uruguain oraindik ez da data zehatzik eman, baina Euskaro Euskal Etxearen 107. urteurren ospakizunaren barruan izango da, gogoan izanik Euskaro Euskal Etxearen urteurrena ekainaren 29an dela. Txilen, berriz, apirilaren erdialdera antolatuko dira txapelketak, Mundialean parte hartzearren Andeen Mendikatea zeharkatuko duen bikotea erabakitzeko.

"Memorial Manolo Arriola" Nazioarteko Mus Txapelketa

Munduko Mus Txapelketaren 41. edizioa La Pampa probintzia argentinarreko Macachin hirian egingo da aurten, irailaren 22tik urriaren 1era. Argentinan eta baita nazioarteko mailan ere Manuel Arriola muslari zenak euskal karta joko honen alde egindako lana gogoan harturik jarri dio "Memorial Manolo Arriola" izena Argentinako Mus Elkarteak txapelketari.

Lehiaketarekin batera Pampa sakonera iritsiko diren muslari eta laguntzaileek eskualdeko ezaugarriak eta izaera bera ezagutzeko aukera izango dute Euzko Elkartasuna Euskal Etxe antolatzaileak propio antolatzen ari den txangoei esker. Ateraldi batzuk egingo dira, tartean, inguruko ‘tambo’etara.

Txapelketa honetaz, eta oro har, Argentinan egingo diren mus ekintza guztiei buruzko informazioa hedatzeko, Facebook kontu bat zabaldu du, Argentinako Mus Federazioak, ‘Federación Argentina de Mus’ izenpean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia