euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Abian da ‘Kontaketa Harrigarriak’-en 10. edizioa eta hiru antologia argitaratuko dituela iragarri du Corpus Christiko Euskal Etxeak

2018/02/06

Corpus Christiko Eusko Etxeak 2017an antolatutako Argentinar, Euskal eta Guaraní Kulturen Jaia (argazkia EE)
Corpus Christiko Eusko Etxeak 2017an antolatutako Argentinar, Euskal eta Guaraní Kulturen Jaia (argazkia EE)

Literatur Lehiaketaren 10. edizioaren gaia ‘Istorio ahaztezinak’ izango da eta lanak bidaltzeko epea maiatzaren 31ean bukatuko da. Gaztelaniaz, euskaraz edo guaraniz idatzitako testuek har dezakete parte kategoria bakar batean: ipuin laburrak. Gonbite honekin batera, Eusko Etxeak jakinarazi du Lehiaketa hasi zenetik jasotako testuak bilduta hiru antologia argitaratuko dituztela aurten bertan.

PUBLIZITATEA

Corpus Christi, Argentina. ‘Kontaketa Harrigarriak’ Literatur Lehiaketaren 10. urteurrena ospatzearekin batera, jarraipena emango dio 2018 honetan Corpus Christiko Eusko Etxeak iaz hasitako erronka polit bati: izaera hirueleduna duen lehiaketa antolatzeari, testuak gaztelaniaz, euskaraz eta guaraniz aurkeztu baitaitezke. 

Proposamena idazle helduei (18 urtetik aurrerakoei) dago zuzenduta, modalitate bakarrean: ipuin laburrak, hau da, hiru orrialdeko luzera izango dute gehienez. Lehiaketan parte hartzeko oinarriak berdinak dira hiru hizkuntzentzat, honakoak:

-Gaia: Istorio ahaztezinak. Idazlanaren izenburua ez da deialdiaren gaia/izenburua izango

-Aurkezpena: lanak gaztelaniaz, euskaraz edo guaraniz aurkeztu ahal izango dira eta argitaragabeak behar dute izan. Kontaketek hiru orrialdeko luzera izango dute gehienez; A-4 tamainan; letra Arial 12 neurrikoa; lerroartea 1,5.   

-Lanak bidaltzeko epea: maiatzaren 31an bukatuko da, eta e-postaz soilik bidali ahal izango dira relasombroso5@gmail.com helbide elektronikora. E-postan bi atxikimendu bidali behar dira: batean, idazlana eta idazlanaren amaieran, egilearen ezizena. Bestean, egilearen datuak: ezizena, izen-abizenak, jaiotze data, NAN, helbide postala eta helbide elektronikoa.

-Epaimahaia: Hizkuntza bakoitzeko hiru adituk osatuko dute epaimahaia, eta ekainean erabakiko dute zeintzuk diren irabazleak. Epaimahaikideen izenak emaitzak argitaratu ondoren jakinaraziko dira.

-Sariak: Lehenengo bost irabazleek Liburua eta Diploma bana jasoko dituzte. Hamar aipamen berezi ere egongo dira, eta hauek agiriak jasoko dituzte. Sari-emanaldia uztailaren 28an izango da, Eusko Etxeak antolatuko duen Argentinar, Euskal eta Guarani Kultur Jaian.

Antologiak

Euskal Etxearen baitan sortutako Atahualpa Yupanqui Liburutegiak mota askotako ekintzak garatzen ditu urtean zehar. Aurten lan berezia ari dira egiten Olga Leiciaga eta Ana Maria Macchi Echagüe literatur lehiaketaren hamar edizioetan jasotako testuekin hiru antologia osatzearren. Eusko Etxeko lehendakari Olga Leiciagak jakinarazten duenez, bilketa eta edizio lana eginda daukate "eta orain artean hiru liburu egiteko materiala daukagu. Azalak eta guzti. Beste bi gehiago egingo ditugu baina bi horiek 2019an.”

“Aurten argitaratuko ditugun hiru antologiei dagokienez, lehenengoan hamar urte hauetan euskal gaiei buruz jasotako narrazioak bildu ditugu eta baita gai bera jorratzen duten beste erakunde batzuek antolatutako lehiaketetan aurkeztutakoak ere. Antologiaren izena ‘Relatos de aquí y de allá’ (Hemengo eta hango kontaketak) izango da. Bigarren bilduma ‘Kontaketa Harrigarriak’eko 2013ko eta 2014ko edizioetan irabazle izan ziren testuek osatzen dute, eta hirugarrena gauza bera baina 2015eko eta 2016ko edizioetako testuekin. Beti izan dugu lanak argitaratzeko asmoa, eta hala egin genuen 2010ean, 2011an eta 2012an; gero, arazo ekonomikoak medio asmoa bertan behera utzi behar izan genuen eta orain partaideek eta irakurleek eskaturik berriro ekingo diogu. 2019an beste bi bilduma argitaratuko ditugu: bata “Relatos misioneros” (Misionesi buruzko kontaketak); bestean 2017ko eta 2018ko lehiaketetako testu irabazleak batuko ditugu”, jakinarazi digu Eusko Etxeko lehendakariak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia