euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aberri Eguna Estatu Batuetako euskal etxeetan: New York, Washington DC, Miami eta Las Vegas

2012/04/26

New Yorkeko Eusko Etxeko barra Aberri Egunean. Eguna Josu Iriondo NYeko apezpikuak emaniko meza batekin hasi zen, ondoren pintxoak, aldarrikapen oharra irakurtzea, afaria eta dantza (argazkia EuskalKultura.com)
New Yorkeko Eusko Etxeko barra Aberri Egunean. Eguna Josu Iriondo NYeko apezpikuak emaniko meza batekin hasi zen, ondoren pintxoak, aldarrikapen oharra irakurtzea, afaria eta dantza (argazkia EuskalKultura.com)
Estatu Batuetan ere izan zuen oihartzunik Aberri Egunerako deialdiak, nahiz eta Diasporako beste hainbat lekutan bezala, kasu askotan ez Berpizkunde igandean bertan, astebete edo bi aste ondoren baizik. Eman genuen zegokionean New Yorkeko aurtengo Aberri Egunaren berri, eta oraingo artikulu honetan beste hiru euskal etxe estatubatuar gehituko ditugu, argazkiak eta lekukotasuna bidali baitizkigute bertatik, Washington hiriburutik, Miamitik eta Las Vegasetik.

PUBLIZITATEA

Washington DC, Estatu Batuak. Aberri Egunekoa munduko euskal etxe askotan urteko jai nagusi gisa ospatu izan badute ere --Latinoamerikan bereziki--, Estatu Batuetan beste tradizio batetik datoz eta New Yorkeko Eusko Etxea --AEBetako euskal etxetik zaharrena eta heldu den urtean Mendeurrenera ailegatuko dena-- aipa daiteke Aberri Eguneko ospakizun estatubatuarren erreferentzia nagusitzat. Aurten ere egun osoko ekitaldi polita egin zuten, eta horren berri eman zuen bertatik EuskalKultura.com-ek, honako artikuluan.

Etxeorratzen Hiriko euskal etxeaz aparte, azken pare bat asteetan iritsi da gurera herrialde honetan bertan gauzatutako beste deialdi batzuen berri, hala nola Washington DCko Euskal Etxearena. Hiriburuko euskal etxeak, esaterako, haur eta nagusiak elkarrekin jolasean eta joko tradizionaletan aritzeko aukera eman zien piknika egin zuen, aire zabalean, baso eta parke batean.

 Washington DC Aberri Eguna 2012

[Washington DC Euskal Etxea: haur jolasetan eta, besteak beste, sokatiran ere aritu ziren Washington DC-ko euskaldunak Aberri Eguneko piknikean (argazkia WashingtonEE)]

Las Vegas Aberri Eguna 2012

[Las Vegas-eko Lagun Onak Basque Club elkarteko emakumeak; eguraldi txarra izanagatik, umoretsu eta alai (argazkia Las VegasEE)]

Ildo beretik, Miamin, euskal etxeak Aberri Eguneko bazkariarekin ospatu zuen eguna, aire zabalean hemen ere, hainbat euskal familia bildurik, Boni Guenetxeak azaltzen digunez. Las Vegas-etik, bestalde, Amaya Beristain lasvegastarrak Lagun Onak Basque Club elkartearen jaiaren irudiak bidali dizkigu: eguraldi makurrari aurre egin eta paella ederraz gozatu zuten Las Vegas-eko bazkideek. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia