euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Datorren asteleheneraino luzatu da Chascomusen urtarrilean egingo den Udalekuan izena emateko epea

2009/12/02

Chascomuseko Udalekuko afixa
Chascomuseko Udalekuko afixa

PUBLIZITATEA

Datorren asteleheneraino, abenduaren 7raino, luzatu dute antolatzaileek izena emateko epea. Aukera bakarra da --orain arte lehena-- Argentinan euskal udaleku batean parte hartzeko, antolatzaile eta begiraleak Euskal Herritik etorriak batzuk eta beste batzuk argentinarrak izanik. Udalekuak ohiko kanpamentuetako ezaugarriak dauzka, baina euskal gaien inguruan antolatuta dago, haur eta gaztetxoek batetik ongi pasatu, baina bestetik euskal kulturarekiko ezagutza zabal dezaten. Gaztetxoek 12-16 urte bitartekoak behar dute izan. Udaleku egunak urtarrilaren 4tik 9ra arte dira. Kuota, berriz, 120 pesokoa.

Chascomus, Argentina. Chascomuseko Euskal Etxeak ohar batean azaldu duenez, Euskal Udalekua ohiko udaleku bat da eta, udan gazteentzako antolatzen den kanpamendu bat; egunero joko eta jolasak, kirolak, irteerak, naturarekin zerikusia daukaten ekitaldiak eta antzekoak garatzen diren ekimen bat; kasu honetan euskal kulturari lotua, esan nahi baita euskal kultura ezagutarazi eta sustatu nahi duena, beti ere modu ludiko, adiskidetsu eta jolaskorrean. Astean zehar, beraz, pilota eskola eta tailerrak, arrauna, euskal dantzak, musika, euskara, euskal joko tradizionalak eta gisa horretako ekitaldiak gauzatuko dira, begiraleak Chascomuseko Euskal Etxekoak eta baita ere Euskal Herritik, Gipuzkoako "Eziko Udalekua" izeneko talde espezializatutik propio ekarritakoak izango direlarik.

Bere lehenengo edizio honetan Euskal Etxeetako 12-16 urte bitarteko gaztetxoentzat prestatu da. Parte hartzeko, izen ematea abenduaren 7a baino lehen behar da baieztatu, horretarako ekintza honetako koordinatzaile eta aldi berean Chascomuseko Euskal Etxeko lehendakari den Maria Laura Eguren-ekin behar delarik kontaktatu, telefonoz (02241) 15-6977 zenbakira deituz edo, e-mailez, beltxa62@yahoo.com.ar helbidera idatziz. Parte hartzaile bakoitzak 120 peso ordaindu beharko ditu, eta bere izen ematea aldez aurretik utziko duen 50 pesoko seinalearekin baieztatuko du.

Ezaugarri hauetako lehenengo Udaleku argentinarra

Zingirako Euskaldunak-etik adierazten denez, orain abian den Udaleku honen proiektua 2006ko Euskal Asteko FEVAko bileran aurkeztu zuen Maria Laura Eguren Chascomuseko Euskal Etxeko lehendakariak Eusko Jaurlaritzako orduango Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzaren aurrean, haiek aurrerabiderik eman ez bazioten ere.

"Azkenik, iaz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol eta Kanpo Ekintza diputatu Iñaki Galdos Irazabal gure hirian bisitari izan genuenez, ekimena bere aurrean aurkeztu eta berehala aurrerabideratu zuen, 'Eziko Udalekua'rekin lotura eginez, eta elkarte honi Udalekua Chascomusen egin ahal izateko finantziamendua emanez Argentinara iritsiko diren bost begiraleen koordinazioa ahalbidetu duelarik", azaldu dute.

[Oharra: Euskal Etxe antolatzaileak Udalekuan parte hartzeko ipinitako lehendabiziko prezioa 250 peso baziren ere, 2009-11-23ko datan plazaratutako oharrean prezio hori 120 pesotara apaldu da]

Lotura interesgarriak

Chascomuseko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxearen webgunea
www.vascosdechascomus.com.ar

Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2009ko Udalekuak
http://www.gipuzkoagazteria.net/udalekuak/index.php

'Eziko Udalekua'
www.ezikoudalekua.net



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia