euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

8M Mugimendua: Emakumeen aldeko ‘Olatu berdea’ euskal etxeetara ere iristen ari, gaurko ekintzetako batzuk

2019/03/08

Valentziako Euskaltzaleok Greba Feministaren alde
Valentziako Euskaltzaleok Greba Feministaren alde

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatzen da gaur, martxoaren 8an, eta gizarteko sektore ugarik bat egiten dute emakumeen eskubideak aldarrikatzen dituzten kanpaina eta borrokekin. Euskal Etxeak ez daude joera honetatik kanpo eta nahi baino mantsoago bada ere gero eta gehiago dira genero gaien inguruko aktibitateak antolatzen dituzten zentroak. Gehienek gaur bertan egingo dituzte; beste batzuek martxoan zehar. Helburua, ordea, guztietan amankomuna: genero parekotasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren kontrako mezuak adieraztea. Hauek dira euskal etxeetatik bidali dizkiguten hitzorduetako batzuk:

Martxoaren 8ko ekintzak

-Valentziako Euskaltzaleok Euskal Etxeak bat egin du gaurko Greba Feministarekin eta horrela adierazi du bere sare sozialetan.

Argentinan

-Azulgo Gure Txokoan, iluntzeko 7etatik aurrera, Izaskun Landaida Emakunde-ko zuzendariaren agurra eta 2017-2018-2019ko kanpainak proiektatuko dira bideoz; ondoren ‘Begiradak eraldatzen’ erakusketa inauguratuko da eta ‘Volar’ dokumentala proiektatuko. ‘Begiradak eraldatzen’ erakusketa martxoaren 15a arte egongo da bertan ikusgai.

-Gral. Rodriguezeko Eusko Aterpeak, herriko Plaza Nagusian, Gernikako Arbolaren kimutik metro batzuetara egingo den zeremonian hartuko du parte. Omenaldian Euskal Etxeko sortzaileetako bat, batzorde kide ohi eta gaur egun erakundearen laguntzaile den Maria Angelica Juambelz omenduko dute.

-La Platako Euzko Etxeak La Platako Hiriak “Islas Malvinas” Kultur Gunean antolatuko duen ekintzan hartuko du parte. Zeremonian gizataldeetako emakumeak gailenduko ditu Udalak ‘Emakume Nabarmena’ sariarekin, tartean Euzko Etxeko Maria Fernanda Astigarraga. Hitzordua arratsaldeko 7etan, Kultur Gunean, 19 eta 51 kaleetan.

-Villa Mariako Euzko Etxeko Emakumeen Batzordeak afaria antolatu du urtero bezala, emakumeak omentzeko. Menu ederra eta ezusteko opariak iragarri dituzte. Hitzordua gaueko 9etan da, egoitzako Euskal Herria aretoan. Euzko Etxeko lagunek jakinarazten dute ehun sarrera saldu dituztela dagoeneko.

-Ayacuchoko Euskal Odolak pasatu digun informazioan dio, Txahalaren Jaialdiari begira, afari bat egingo dutela Euskal Etxeko lagunek Festako Erregin hautagaiak jendaurrean aurkezteko.

Uruguain

-San Joseko Euskaldunen Taldeak, San Joseko Udalarekin batera, ‘Begiradak Eraldatzen’ erakusketa jarriko du ikusgai herriko Kultur Gunean, 18 de Julio eta Treinta y Tres kaleetan. Inaugurazio ekintzan Euskal Emakumeari buruzko hitzaldi bat eskainiko du Maite Bengoak, iluntzeko 7etan. Ondoren topa egingo dute bildutakoek. Montevideoko Euskaro eta Haize Hegoa euskal etxeek eta baita FIVU Federazioak bat egingo dute San Joseko lagunekin ekintzan. Sarrera doakoa.

Martxoaren 15ean

-Montevideoko Haize Hegoa Euskal Etxean, bertako lehendakari Maite Bengoak Euskal Emakumeari buruzko hitzaldi bat eskainiko du, Euskal Etxean, Isabela kaleko 3475b helbidean, iluntzeko 7:30etan.

Martxoaren 23an

-Sao Pauloko Eusko Alkartasuna-n ‘Mi vida en marte’ luzemetraia proiektatuko dute. Filmak emakumearen bizitzarekin lotura duten hainbat gai jorratzen ditu eta pelikula bukatuta topiko horien inguruan mintzatuko dira bildutakoak.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia