euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

8M Diasporan: afariak, omenaldiak eta aldarrikatu eta Emakumeen Martxetan parte hartzeko deialdiak

2018/03/08

Emakumeen Martxan parte hartzeko Euskaltzaleak-en deialdia
Emakumeen Martxan parte hartzeko Euskaltzaleak-en deialdia

PUBLIZITATEA

Euskal etxe ugarik egingo dute bat gaur Emakumearen Egunarekin, kontzientziazio eta inplikazio maila desberdinez. Buenos Airesko Euskaltzaleak-etik, Sandra Fernandez-ek borroka feministaren jarrera atxikienak defendatzen ditu, euskal etxe barrutik: “Erakundeek ezin diote muzin egin euren inguruko errealitate politiko eta sozialari. Izan ere, nire ustez, errealitate hori ezagutzeak jarrera hartzera behartzen zaitu. Honelako ekimenek aberastu egiten dute taldea eta euskal etxearen proiekzioa bera”, baitetsi digu

Buenos Aires, Argentina. Azken urte hauetan gora egin du Emakumearen Nazioarteko Egunarekiko euskal gizataldeen atxikimendu eta partaidetzak. Argentina bezalako herrialde batean, topaketak eta omenaldiak antolatzen dira emakumeak elkar daitezen edo gizataldeko emakume baten lana goraipatzeko, euskal etxeen edo udalen eskutik (ikus beherago agenda, Emakumearen Eguna dela-eta proposatutako hitzordu horietako batzuekin).

2015ean ‘Ni una menos’ (Ezta emakume bat gutxiago ere) ekimena sortzearekin (genero indarkeria salatzen du), euskal etxe batzuk ausartu eta kolektibitatea ordezkatuz kalera atera ziren kezka bera partekatzen zuten beste elkarte eta erakunde batzuekin batera. Buenos Airesko Euskaltzaleak kasu.

"Euskal gizataldeak, ezta euskal etxeak ere ez gara uharte bat. Gizartearen barruan gaude eta gure instituzioetan ere errepikatu egiten dira gizartean nagusi diren ereduak. Baina gure jarrera ez da besoak gurutzatzea, guk lagundu egin nahi dugu egoera hori alda dadin, eta horregatik eman dugu urrats hau, jarrera aktiboa hartuta, mugimendu honetan parte hartuta eta gaurko eguneko martxetan parte hartzera deituta", adierazi digute 8M dela-eta deialdi instituzionala plazaratu duen euskal etxe honetatik.

"Hemen nago" esatea da eta urratsa aurrera ematea konpromiso feministari dagokionez, euskal etxe baten aldetik. Hori guztia pixkat hobeto ezagutu nahirik Euskaltzaleak-eko euskara ikaslea den eta genero gaietan aditua den Sandra Fernandez-engana jo dugu.

-Zergatik parte hartu behar genuke 8Mko Martxan?

Lehenik eta behin esango nuke garai berri bat bizitzen ari garela; historia egiten ari gara. Argentinan eta munduko beste hainbat herrialdetan ez dago hau bezalako beste gizarte mugimendurik. Hortxata euki beharko genuke zainetan gertatzen ari denarekin ez hunkitzeko eta kalera ez ateratzeko.

Bestalde, esan behar da nahiz eta momentu honetan mobilizazioak oso jendetsuak izan, emakumeak, lesbianak, trans eta trabestiak ‘bigarren mailako herritarrak’ izaten jarraitzen dugula eta ezberdintasunen biktimak garela. Gure gorputzen jabeak izatea ukatzea; emakumeok eta lesbianok pairatzen ditugun sexu erasoak, zer esanik ez trans-ek eta trabestiek; txirotasunaren feminizazioa… borroka asko ditugu oraindik irabazteke.

-Martxoaren 8a garrantzitsua da gaia agerian uzteko, baina arazoek urteko 365 egunetan segitzen dute.

Uste dut genero ezberdintasunaren arrazoien kontra jo behar dugula; hau da, heteropatriarkatu kapitalistaren kontra. Helburu oso handia da noski, baina gure inguruan –etxean, lantokian, eskolan, militantzian…–  gauza txikiak eginez lortzen da. Antolaketa ere garrantzitsua da oso, ez bakarrik talde feministetan, baizik eta beste hainbat gizarte instituziotan, alderdi politikoetan eta zailena, nire ustez, sindikatuetan. Gauzak aldatzeko ez da nahikoa ‘genero arloak’ sortzea; botere lekuak okupatu behar ditugu gure borroka ‘ghetto’ batera mugatuta gera ez dadin.

-Zergatik uste duzu euskal etxe batetik ere sostengatu behar dela?

Nire ustez erakundeek ezin dute ezikusiarena egin eta ezin diote muzin egin euren inguruko errealitate politiko eta sozialari. Izan ere, errealitate hori ezagutzeak norbera bere iritzia ematera eta jarrera hartzera behartzen du, hala gertatzen zait behintzat niri. Nire ustez honelako ekimenek aberastu egiten dute taldea eta euskal etxearen proiekzioa bera ere.

Esan beharra daukat nire kontaktu bakarra euskal kolektibitatearekin Euskaltzaleak-en bidez dela. Galizian jaioa naiz eta duela urtebete nire emaztearekin batera hasi nintzen euskara ikasten Euskaltzaleak-en, berak proposatu eta hala adostu genuelako. Uste dut deserrotzeari aurre egin eta nire lur galiziarrarekin konektatzeko zerbaiten bila nengoela, baina galiziar kolektibitate antolatuan ez nuen aukerarik aurkitu; euren ekintza gehienak gastronomiari lotuta dauden ekitaldiak dira eta errealitate politiko eta sozialetik –hemengo eta hango– kanpo bizi dira. Ez nuen hori nahi. Euskaltzaleak-en, berriz, beste giro bat aurkitu dut.

Susmoa dut Euskaltzaleak-ek ezaugarri berezi batzuk dituela, beste euskal edo galiziar elkarteek ez dituztenak. Agian nire aurreiritzia da baina kolektibitateek kultura edo kultur moldeak zabaltzen dituzte baina politikan –eta genero edo sexu aniztasuna politika kontuak dira– batere sartu gabe. Are gehiago ez dut uste eurak sartu beharreko zerbait dela pentsatzen dutenik.Berriro esango dut, agian nire aurreiritzia izango da baina uste dut kolektibitateetako erakundeak normalean oso kontserbadoreak direla. Pozik nago, beraz, euskal etxe hau topatu izanarekin, euskara eta kulturarekiko kezka eta egarria, nire emakume eta gizarte konpromisoekin bateralandu baiditzaket.

Sandra Fernández politologoa da. Legezko abortuaren aldeko Nazio Kanpainako GBA-ko Hegoaldeko egoitzan parte hartu zuen eta 2015 eta 2017 bitartean Socorristas en Red delako taldean ere aritu zen. Gaur egun ‘Abortu politikak Buenos Aireseko metropoli-barrutian’ gaiari buruzko doktoretza tesia ari da bukatzen.

Lekukotasun hau bilduta, Euskaltzaleak-eko Sandra Fernandez-en iritziekin, hona zerrenda bat, Argentinako euskal etxeek gaurko edo Emakumearen Eguna dela eta antolatutako ekitaldietako batzuekin:

8M Ekintzen Agenda

GAURKO, MARTXOAREN 8ko
-Buenos Airesen, 15:00etan: Euskaltzaleak-etik (B. de Irigoyen 826) talde bat aterako da 8M Martxarekin bat egiteko
-Chacabucon, 20:30etan: afaria Guillermo Larregui Euskal Etxean
-Gral. Rodriguezen, 19etan, errekonozimendua Eusko Aterpea Euskal Etxeko Alicia Itceari, Udalak antolatutako ekitaldi batean, hiriko enparantza nagusian
-La Platan, 19:00etan: errekonozimendua Euzko Etxeko liburuzaina den Susana Aramburu-ri, ‘2018ko kolektibitateetako Emakume Nabarmena’ izeneko ekitaldian. Lekua: Islas Malvinas Kultur Gunean, 19 eta 50
-Villa Marian: Emakumeen taldeak antolatutako afaria eta ‘Begiradak’ erakusketaren amaiera Euzko Etxean

BIHARKO, MARTXOAREN 9ko
-Rosarion, 20:00etan, Emakumeen Topaketa Zazpirak Bat Euskal Etxean

LARUNBATEAN, MARTXOAREN 10ean
-Olavarrian, 17:00etan: Askaria Gure Exe Maitea Euskal Etxean

ASTEARTEAN, MARTXOAREN 13an
-Arrecifesen, 20:30etan, Euskal Taberna Emakumearen Eguna ospatu eta aldarrikatzeko, Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxean



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia