euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'80 egunean' filmak nazioartean arrakastatsu darrai: Guadalajara eta Washington-en izango da aurki

2011/03/22

Mariasun Pagoaga eta Itziar Aizpuru aktoreak Maite eta Axun dira filman (argazkia 80egunean.com)
Mariasun Pagoaga eta Itziar Aizpuru aktoreak Maite eta Axun dira filman (argazkia 80egunean.com)
Iazko Donostiako Zinemaldian aurkeztu zutenez geroztik munduko hainbat bazterretan izan da '80 egunean' luzemetraia: Hamburgo, Montreal, Dublin.... Iragan astean, adibidez, Miamin, San Diegon eta Manchesterren izan zen. Zer du bada filme honek? Ustez, dena aurka: bi emakumeen arteko maitaun istorio bat kontatzen du, protagonistak adinekoak dira eta euskara hutsean egina da. Baina, usteak erdiak ustel, eta filmeak ibilbide polita egiten darrai nazioartean. Datozen asteetan Lituanian, Guadalajaran, Nantesen eta Washingtonen izango da, besteak beste.

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastián. Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga dira '80 egunean' filmaren zuzendariak, eta azken urtean alderik alde ibili dira luzemetraia hainbat jaialdietan aurkezten. Manchester-etik itzuli berria da Jon Garaño, eta Goenaga hil honetan Bartzelonan, eta Estatu Batuetako Miamin eta San Diegon izan da dagoeneko.

Norvegiako zinemetan hirugarren astez dago ikusgai eta datozen asteetan ere hamaika aurkezpen egingo dituzte: Lituaniako Vilnius hiriburuan, Mexikoko Guadalajarako Zinemaldian, Frantziako Nanteseko jaialdiako 'La fenetre Basque' (Euskal lehioa) sailean, Washington-en eta Italiako Torinon.

Bihotza ala burua

Luzemetraiak kritika oso onak jaso ditu Donostiako zinemaldian aurkeztu zutenetik. Axun eta Maiteren istorioa kontatzen du: 70 urterekin berriz ere topo egiten duten bi emakume hauek lagun minak ziren haurtzaroan, baina ez dute harrez gero elkar ikusi. Axunek Maite lesbiana dela jakiten duenean dimentsio berri bat sortzen da beraien adiskidetasunean. Homosexualitatea da filman agertzen diren gaietako bat, baina gakoa, zuzendarien esanetan, askok bizitzako uneren batean bizi izan duten hautua da: bihotza ala burua, sentipenak ala arrazoia.

"Bi gai desberdin jorratu nahi genituen lan honetan, batetik nagusien mundua, eta bestetik bihotza eta buruaren arteko hautu hori", azaltzen du Jon Garañok. Filmaren arrakastaren arrazoietako bat antzesleen lana dela dio berak. "Oso errealista egin nahi genuen, eta antzespenen naturaltasunak eman digu horretarako bidea". Mariasun Pagoaga eta Itziar Aizpuru dira filmeko protagonistak.

Euskara nazioartera

Luzemetraia euskaraz egina da eta nazioarteko jaialdi hauetan jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin izan da ikusgai. "Hasieran elebiduna egin nahi genuen, hemengo errealitatea azaltzeagatik, baina azkenean euskara hutsean egitea erabaki genuen. Euskaraz izate horrek mugatu egiten du zinema-aretoen merkatua (Euskal Herrian, Madrilen eta Bartzelonan izan da ikusgai), baina nazioarteko jaialdien zirkuituan horrek ez du axola; are gehiago, batzuetan jendeak hizkuntza 'arraro' hori entzuteko jakinmina duela uste dut", gehitzen du Garañok.

Luzemetraiak bere bidea egiten jarraitzen du, emeki emeki baina etenik gabe, eta zinematan ikusi nahi duten Diasporako euskaldunek izango dute agian oraindik aukerarik. Adi egon gure agendan azalduko diren hitzorduetara. '80 egunean' filmaren Facebookeko orrian ere izango duzue emanaldi guztien berri.

Filma ikusteko itxaron nahi ez dutenek, sarean badute aukerarik:

-Euskaraz, eitb.com-en euskarazko luzemetraien atalean.

-Euskaraz eta gaztelaniazko azpitituluekin www.filmin.es webgunean (1,95 euro ordainduta).



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia