euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"80 egunean" filme euskalduna Frantziako 25 zinematan da ikusgai, euskaraz eta frantses azpitituluekin

2012/06/15

"80 egunean" filmearen kartela frantsesez eta frantses komunikabideen kritika baikorrak
"80 egunean" filmearen kartela frantsesez eta frantses komunikabideen kritika baikorrak

PUBLIZITATEA

Markak hausten ari da nazioartean "80 egunean" luzemetraia euskalduna eta aste honetan euskarazko filme batek sekula lortu ez duena atzeman du: Frantziako zinematan estreinatzea, jatorrizko bertsioan eta 25 aretotan. Epicentre banatzaile frantziarrak apustu sendoa egin du Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendarien filmearen alde eta Frantziako hiri nagusietan ikusgai da jada lana: Parisen, adibidez, sei zinematan ari dira ematen. Iparraldean Biarritzen, Donibanen eta Baionan ikusgai da. Frantzian zinema euskaraz ikusteko --eta harribitxi honetaz gozatzeko-- aukera aparta!

Donostia-San Sebastian. Bi urte daramatza "80 egunean" filmeak nazioarteko jaialdietan parte hartzen eta makina bat sari eskuratzen (100 jaialdi eta 30 sari, ezta marka makala). Emeki emeki eta harrabotsik sortu gabe, munduan zehar zaleak liluratu egin ditu bi emakumen helduen arteko maitasun istorioa kontatzen duen filme intimista eta eder honek.

Aste honetan azken berri ona -momentuz- eman du filmak: Frantziako 25 zinema aretotan estreinatu da, euskarazko jatorrizko bertsioan eta frantses azpitituluekin. Euskal filmeek eta, orohar, luzemetraia independenteek inoiz gutxitan lortzen duten balentria da, eta Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga zuzendariak pozik ageri dira.

"Benetan zaila da Frantzian estreinatzea, merkatu handia eta lehia handikoa delako", esan dio Jon Garañok EuskalKultura.com-i. "Gainera azpimarratzekoa da estreinaldia kondizio oso onean egin dela: 25 kopiarekin atera da filmea. Euskal Herrian, adibidez, 14 kopiarekin estreinatu genuen eta Espainian 16 kopiakin", agertu du. Parisen sei zinematan dago ikusgai.

Frantzian euskaraz estreinatzen den lehen filmea da "80 egunean" eta zinema aretoetatik igaro ondoren DVD formatoan plazaratuko du Epicentre banatzaileak. Frantziar estreinaldi honetaz gain, aurretik Norvegiako eta Poloniako zinema aretoetan ere izan da ikusgai filma eta aurki Suediako aretoetan estreinatzekotan da. Zorionak lantaldeari!

-Filmea Donibane Lohizuneko Sélect aretoan eta Biarritzeko Royal zineman dago ikusgai eta uztailaren 4tik aurrera Baionako l'Atalante-n emango dute. Frantziako hiri nagusietako emanaldiak, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia