euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2018ko Munduko Mus Txapelketaren amaieran ‘Iñaki Unamuno’ pasealekua inauguratu du Macachingo herriak (argazki eta bideoak)

2018/10/01

PUBLIZITATEA

Macachin, Argentina. Munduko Mus Txapelketaren 41. edizioa bukatu da joan den asteburuan eta anfitrioiek balantze ezin hobea egin dute. EuskalKultura.com-ek ostiraleko buletinean jakinarazi zuenez, bikote nafarrak, Gelbentzuko Timoteo Etxeberria eta Jaione Otxandorena sunbildarra partaide, irabazi du lehenengo saria. Jaione, gainera, Munduko Txapelketa bereganatu duen lehenengo emakumea izatearen ohorearekin ere geratu da.

Bigarren eta hirugarren sariak Isidro Larrañaga eta Andres Fernandez espainiarrentzat eta Eduardo Fadda eta Edgardo Ratto argentinarrentzat izan ziren, hurrenez hurren. Sari-emanaldia ostiralean egin zen. Ekitaldi berean, opariak trukatu zituzten anfitrioiek eta gonbidatuek.

Macachindik mundura

Aurtengo Mundu Txapelketak honako herrialdeetatik etorritako ordezkaritzak bildu ditu: Euskadi, Uruguai, Nafarroa, Frantzia, Mexiko, Kanada, Venezuela, Espainia, Txile, Estatu Batuak, Peru eta Argentina, horietako muslariek hartu dute parte Macachin herria egoitza izan duen lehiaketan.

Atsedenik hartu gabe lan egin du bertako Euzko Alkartasuna Euskal Etxeak aurreko edizioen egoitza izandako hirien mailan egote aldera eta muslari partaideen esanetan lortu ere ederki lortu du, ez bakarrik lehiaketaren antolakuntzari dagokionez baizik eta baita ere partehartzaileei eta beren laguntzaileei eskainitako programei dagokienean, hamaika izan baitira txapelketako egitarauko parte eskainitako txangoak, bisitak, tailerrak… Ekintza hauekin guztiekin Argentinaren eta Macachinen, bertako biztanleen barrua, abegikortasuna eta euskal zein argentinar sena erakutsi nah izan dituzte antolatzaileek. Argazki bilduma osoa, hemen.


[2018ko Munduko Mus Txapelketaren inaugurazioan, euskal dantzak]

‘Torneo Memorial Manolo Arriola’  txapelketaren amaiera eta omenaldiak

Munduko Mus Txapelketaren bukaera ostiralean, irailaren 29an, egin zen, hiri eta probintziako agintariak eta FEVAko lehendakaria lagun.

Gogora dezagun lehiaketak "Memorial Manolo Arriola" izena hartu duela, antolatzaileek omenaldia egin nahi izan diotelako Manuel Arriola muslari zenari. Hori dela eta itxiaren zeremonian, Arriolaren omenezko plaka oroigarri bat desestali zuten.

Zeremonia berean, ‘Iñaki Unamuno’ Pasealekua inauguratu zuen Macachingo herriak Euskal Etxearen aurreko plazan. Macachingo Euzko Alkartasuna-ko sortzaileetako bat eta erakundeko erreferente nagusia den Unamuno Bergaran jaio zen 1936an eta 1956an La Pampa probintziako herri honetara iritsi zenetik euskal kulturaren zabaltzaile nekaezin izan da eta segitzen du izaten.

Azken agurreko bazkaria hasi aurretik plazako dantzak eskaini zizkieten bildutako lagunei Bahia Blancako eta Macachingo dantzariek. 600 lagunentzako afarian ere taularatu zituzten hainbat euskal dantza Bahiko Beti Aurrera eta Macachingo Gure Ametzako gazteek.

[‘Iñaki Unamuno’ Pasealekuaren inaugurazioa]

[Azken agurreko afariaren aurreko Plazako Dantzak (bideoak Valeria Oyarzabal)]


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia