euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2018ko BACek marka guztiak hautsi ditu: 30.000 lagun bildu zituen Laurak Batek antolatutako euskal jaialdiak

2018/05/07

Danborrada 2018ko BACen
Danborrada 2018ko BACen

PUBLIZITATEA

“Zinezko arrakasta”. Hauxe da antolatzaileen eta parte hartu zuten euskal etxeen balantzea. 2018ko ‘Buenos Aires Celebra al País Vasco (Buenos Airesek Euskal Herria ospagai)’ jaialdiak 30.000 lagunen bisita jaso zuen hiriko festa jendetsuenetako bat bihurtuz. ‘Buenos Aires Celebra-BAC’ Argentinako hiriburuak kanpoko kolektibitateen omenez antolatzen duen ekitaldi bat da, Buenos Airesko Udalak bultzatzen du eta hiri erdiguneko Mayo etorbidean egiten da.

Buenos Aires, Argentina. Aurpegi zoriontsuak, bozkario iruzkinak, irudi hunkigarriak. Aurten ere festa erraldoia bilakatu du euskal argentinar kolektibitateak ‘Buenos Aires Celebra’ jaialdia. Baina zenbakiak zenbaki baino ez dira eta horregatik beharrezkoa da eranstea giroa, Mayo etorbidean atzo sortu zen giroa. Izan ere, ondo baino hobeto aurkezten du euskal kolektibitateak komunitate gisa elkarrekin egindako ahalegina. Baina zenbakiak hor daude eta 30 mila pertsona bildu izana benetako lorpena da eta hori ere goraipatu behar da.

Laurak Bat elkarte antolatzaileko lehendakari Arantxa Anituak EuskalKultura.com-i adierazi dionez, “aurtengoan ere aurretik ganeuzkan espektatiba guztiak gainditu ditugu. Udaletik zorion hitzak jaso ditugu, lortu dugun erantzun mailagatik eta ekitaldira bildu ditugun kultur proposamenengatik. Hiriburuko komunikabideek ere, prentsa, irrati eta telebistek, lagundu digute. Oso oso pozik gaude, zinezko arrakasta izan baita”.

Laurak Bat antolatzailearekin batera, beste euskal etxe ugari izan dira festako parte euren sukaldari, dantzari, musikari eta oro har, bateko eta besteko kideekin. Gure Esku Dago herri dinamikak aurten ere ozenki esan dio 'baietz' Argentinako euskal komunitatearen gonbiteari eta ekainaren 10ean Euskal Herrian egingo duen Giza Kateari begira diasporako Giza Katea sortu zuen atzo jaialdiaren baitan.

Agintariak ere partaide bertaratu dira Mayo Etorbidera jaiaz gozatzera. Buenos Aires hiriburuko Gobernuaren izenean, Matias Lopez (Hiri Garapen idazkaria), Pamela Malewicz (Giza Eskubide eta Kultur Aniztasun idazkariordea) eta Adrian Varela (Gizataldeen zuzendaria). Eusko Jaurlaritzaren izenean, Gorka Alvarez Aranburu Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria eta Sara Pagola Euskadiko Ordezkaria Argentina eta Mercosurren. Euskal Herritik propio etorritakoen artean, EH Bilduko Jasone Agirre legebiltzarkidea.

Bahia Blancako Javier Eder-ek lehenengo BAC izan du hau FEVAko lehendakari hautatu zutenetik orain aste gutxi, eta berarekin batera Federazioko beste batzordekide eta buruzagi asko ikusi genituen.

EuskalKultura.com-ek 2018ko BACen irudi bilduma hautua emango du argitara biharko edizioan.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia