euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2017ko San Sebastian Eguneko ospakizunean, Necocheako txikiek Danborradako jazki orijinalak jantzi zituzten

2017/02/08

Necocheako 2017ko Danborrada
Necocheako 2017ko Danborrada

Urtero legez eta Euzko Etxeak antolaturik, Necocheak ere izan zuen bere San Sebastian Eguna, danborrada eta guzti, hiriko lagunak eta beste hainbat euskal etxetako ordezkariak partaide. Aurten, gainera, haurrek Donostiatik bidalitako jazki orijinalak soinean. Urteko lehenengo hilabeteko jai giroa, ordea, urtarrilaren 13an piztu zen Necocheako Euzko Etxeko lagunen artean, Gizataldeen Azokan euskaldunen ordezkari aritu zirenean.

PUBLIZITATEA

Necochea, Argentina. 2016a Argentinako Euskal Aste Nazionalaren antolatzaile izanik amaitu zuen Necocheako Euzko Etxeak. Ondoren etorri ziren Euskararen Eguna eta ikasturtearen amaiera. Urtero bezala, baina, oporretara joan ordez, urtarril erdialdean euskal etxe necocheatarra herriko Gizatalde Atzerritarren Azokan aritu zen, partaide eta lanean, urtarrilaren 13tik 15era, euskal kolektibitatearen ordezkari eta agerle.

Azokaren 15. edizioa zen aurtengoa eta plater tipikoak eta dantza eta musika ikuskizunak eskaini zizkioten gizatalde instituzio patehartzaileek publikoari Miguel Lillo Parkeko Lorategi Frantziarrean. Euskaldunen kasuan, txistorra, solomoa eta ogitartekoak prestatu zituzten euskal etxeko sukaldariek saltzeko.

2017ko San Sebastian Eguna

Egun batzuk geroago, ordea, Euzko Etxeak aspaldidanik gauzatzen duen ohitu bati ekin zion: urtarrilaren 20an Gipuzkoako hiriburuarekin bat egin, gogoz eta izpirituz, eta Danborrada jotzeari. Aurtengoan ere, bi eguneko ospakizuna antolatu du, ostiral (20) eta larunbatez (21), beti ere Donostian sortzen den giroa Necochean bertako modu donostiarrean birsortu eta festa partekatuz.

Aurtengo programa Lourdesko Amaren elizan emaniko mezarekin hasi zuen euskal etxeak. Meza bukatu eta gero ospakizunetako lehenengo Danborrada jo zuten eliz atarian, Udal Musika Banda laguntzaile Sarriegi maisu donostiarren doinuak zuzenean eskainiz danborrariek jo zitzaten. Ondotik, Euzko Etxean bildu ziren berriro gonbidatuak, Pintxo Egunean parte hartzeko. Ostiraleko programa erromeriarekin bukatu zen. Osasuna Otxoteak ere abestu zuen gaua bere doinu tradizionalekin jantziz.

Biharamunean, euskal elkarteko Sukaldaritza Azpibatzordeko kideek prestatutako paella izan zen afariko protagonista. Afarian bertan Victor Fernandez berraukeratu zuten etxekoek, bigarren urtez jarraian erakundeko alkatea izateko. “Victor Euskal Etxeko lehenengo dantza taldeko parte izan zen 1941ean eta orduandik gaur arteko bere etengabeko ardura saritu nahi izan genuen”, adierazi digu euskal elkarteko Kitty Zubillagak.

Aspaldiko tradizioa 

Dudarik gabe, San Sebastian Eguneko ospakizuna Euzko Etxearen ekintza oihartzuntsuenetako bat da. Urtero ahalegin berezia egiten du euskal etxe argentinar honek Donostiarekin era sinboliko batez bat egiteko, eta asmo horren baitan Danborrada jotzen duten musikari trebatuak ditu eta trebatzen ditu. Horrez gain, 2014tik aurrera necocheatarrek Donostiako Konstituzio Plazaz janzten dute elkarteko SUMi (erabilera anitzeko aretoa), festari behar duen ikutu eta girotzea ematearren.

Aurten, ordea, beste nobedade bat gehitu diote ospakizunari: Parte hartu zuten etxeko txikiek Danborradaren traje orijinalak jantzi zituzten. “Berez, iazko Euskal Astean estreinatu genituen baina aurtengoa izan da lehenengo San Sebastian Eguna traje berriekin. Jantzi horiek Donostiako hiru ikastetxe batzen dituen Summa eskolak eman dizkio Euskal Etxeari, Gaztelubide Elkartearen, eta Iñaki Almandoz eta Javier Madariagaren laguntzarekin, besteak beste”, azaldu dio ekimen horren arduradun izan zen Xabier Zubillagak EuskalKultura.com-i.

Aipatzekoa da urtero inguruko euskal etxe batzuetako danbor jotzaileak ere aritzen direla Necocheako Danborradan. 2017 honetan, beste batzuen artean, Buenos Airesko Laurak Bateko Eduardo Olivettok eta San Nicolaseko Euzkal Etxeko Alvaro Ocarizek hartu zuten parte.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia