euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2017ko Aberri Eguna Argentinan: ospakizunak Cañuelasen hasi eta Concordian eta Olavarrian segitu zuten

2017/04/19

Laurak Bateko dantza taldea Cañuelaseko Aberri Eguneko Dantzarien Topaketa
Laurak Bateko dantza taldea Cañuelaseko Aberri Eguneko Dantzarien Topaketa

Batzuek Berbizkunde igandean bertan, beste batzuek aurreko asteburuan eta askok ondokoetan. Egun batean edo bestean ospatuta ere, Aberri Eguneko ospakizun guztiek elkarbanatzen dute Euskal Herriarekin duten lotura eta engaiamendu sentimendua adierazi eta plazaratzeko gogoa. Argentinan, aurten goiztiarren ibili dena Buenos Aires probintziako Cañuelas izan da, bere dantzari gazteen Aberri Eguneko elkarretaratzea 11. ediziora iritsi baita apirilaren 8 eta 9an; Artikulu honetara Concordia eta Olavarriako ospakizunen aipuak ere bildu ditugu.

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Hamahiru euskal dantza talde bildu dira aurten Aberri Eguna ospatzeko Cañuelas hiriko Denak Bat Euskal Etxeak antolatzen duen Dantzarien Topaketan. Jaialdia apirilaren 8 eta 9ko asteburuan egin zen eta nahiz eta eguraldiak ez zuen batere lagundu ekintza guztiak gauzatu ahal izan ziren, kanpoan ez ezik barnean.

Larunbat arratsaldean, Jose Manuel Estrada Eskolako instalazioetan egin ziren Danborrada eta dantza-erakustaldia. Hamahiru dantza taldek hartu zuten parte ikuskizunean, tartean Buenos Aireseko Laurak Bat, Lomas de Zamorako Denak Bat, Jose C. Pazeko Toki Eder, Chascomuseko Zingirako Euskaldunak, Necocheako Euzko Etxea, Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak, Chacabucoko Guillermo Larregui, Maipuko Anaitasuna, La Platako Euzko Etxea, Bahia Blancako Unión Vasca, Paranako Urrundik, General Las Heraseko Zazpirak Bat eta Cañuelasko Denak Bat euskal etxeetatatik etorriak. Quilmesko Euskal Etxeko lagun batzuk ere bertaratu ziren

Dantza-erakustaldiaren ostean, lekuz eta arropaz aldatu eta Euskal Etxearen egoitzara bildu ziren gazteak erromeriaz  gozatzeko. Bertan musika ipiniz, Daniel "Jopo" Galfredorekin batera Sabbaticos Taldeak ere jo zuen aurten.

Topaketaren 11. edizioa igandeko azken agurreko bazkariarekin bukatu zen. Bazkarian zehar Cañuelas bertako euskal abesbatzak kantatu zuen eta etxe anfitrioiko Zuzendaritza Batzordeak esker beroak luzatu zizkien Cañuelasera bertaratutako ordezkaritza guztiei. Oroigarriak ere banatu zituzten: lauburu tankerako egurrezko arropa eskegitzeko gakoak

Concordia eta Olavarria

Concordian, Entre Rios probintzian, urteroko ohiturari jarraituz, San Antonio de Padua Katedraleko mezan parte hartzera deitu zuen bertako Ibaiko Izarra Euskal Etxeak. Elizkizunak bukatu eta gero, Gazte Lurra dantza taldeak dantza emanaldi bat eskaini zuen Katedralaren aurrean, bertaratuko euskal komunitateko kideak eta publiko orokorra ikusle.

Olavarrian ere Berbizkunde Igandeko mezari lotu zion bertako Gure Etxe Maitea Euskal Etxeak bere Aberri Eguneko ospakizun deia. Zeremonia San Jose Elizan egin zen eta Azulgo Elizbarrutiko apezpiku den Hugo Manuel Salaberry Goyenechek eman zuen meza. Euskal etxeko banderadunek lagundu zuten apezpikua elizan sartzean eta meza bukatuta Jesus Mendia Pasealekura joan ziren, bertan iragarri baitzueten Euskal Etxeko lagunek dantza ikuskizuna eta umeei zuzendutako ekitaldia, besteak beste Bazkoko txokolatezko arrautzak banatuz.

(Segituko dugu datozen egunetan Aberri Eguneko artikulu gehiagorekin, ez baita ahaztu behar datorren asteburuan bertan Aberri Eguneko ospakizun gehiago izango direla munduko hainbat tokitan, baita ondokoan ere. Ez ahanztu, esaterako, gaur bertan egingo duela Aberri Eguna gogoratzeko ekitald bat Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeak. Ikus deialdia gure agendan, hemen)


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia