euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2012ko Hator Hona programako sei partaideen izenak plazaratu dituzte Necocheako Euzko Etxea-ko gazteek

2012/05/31

Hator Hona proiektuaren irudia
Hator Hona proiektuaren irudia
Hator Hona programaren 9. edizioa uztailaren 13tik abuztuaren 6ra gauzatuko da kostalde argentinarreko hiri honetan. Hiru astetan zehar, Euskal Herritik etorritako sei gaztek euskal kulturarekin lotura duten hainbat ekintza garatuko dituzte bertako Euzko Etxean, tartean euskara, musika, dantza eta kirol eskolak. 2012ko Hator Hona-ko partaideen izenekin batera, beste nobedaderik iragarri du euskal etxe anfitrioiak: uztailaren 26 eta 27an –Argentinako neguko oporren baitan- eta beste euskal etxe batzuetako kideei begira, tailer bereziak antolatuko dituzte Euzko Etxean. Honi buruzko informazio gehiago datozen asteetan ezagutaraziko da ekimenaren blogean.

Necochea, Argentina. Gazte partaideek elkar ezagutzea, elkarrekin momentu ederrak pasatzea eta, jakina, gozatzea euskal kulturaz gozatzen, hauexek ditu helburu nagusi Necocheako Euzko Etxea-k lehenengoz 2004an abian jarri zuen Hator Hona proiektuak. Eta zalantzarik gabe, xede hauek oraingoan ere beteko dira aurten uztailaren 13an Euskal Herritik argentinaratuko diren sei gazte euskaldunen eskutik.

Hiru astetan zehar, Gaizka Garde Izquierdo iruindarrak, Nagore Lekuona Lopez de Robles gasteiztarrak, Maitane Andueza Mujika eta Irati Urkiola Irigoien donostiarrek, Lierni Zangitu Arroyo aretxabaletarrak eta Junkal Lekuona irundarrak Necocheako euskal etxeko kideak Euskal Herriko kulturaren hainbat gaitan murgilduaraziko dituzte, bakoitza gai horietako bat edo gehiagoz arduraduta, hala nola Gaizkak euskal dantza eta panderoaz, Nagore euskal dantzez, Maitane euskara eta trikitixaz, Irati euskaraz, Lierni txalaparta eta kirolez eta Junkal trikitixa eta panderoaz.

Euzko Etxea euskal etxetik jakinarazi dutenez, urtero bezala, Hator Hona-ko partaideekin egingo diren klase guztiak komunitate osoari zuzenduak eta doakoak izango dira. Beste alde batetik, nobedade bat ere badatorkigu Necocheatik. 2012 honetako Hator Hona programan, beste euskal etxeetako kideei begirako ekintzak ere antolatuko dira. Izan ere, uztailaren 26an eta 27an, Argentinako neguko oporretako bigarren aste amaieran, tailer bereziak egingo dira, Necochean bizi ez direnek ere parte hartu ahal izan dezaten.

Aldi berean, Necocheako euskal etxeko gazteek Hator Hona iragartzeko bideo bat egin eta sareratu dute, programaren edizio guztietako irudiak baliatuta:

[Hator Hona programa iragartzeko egindako bideoa (bideoa EE)]

“Esker beroak eman nahi dizkiegu gutaz fidatu eta ekimenean parte hartzeko idatzi diguten guztiei. Hona etortzeko aukera guztiei ematea gustatuko litzaiguke baina, zoritxarrez, ezinezkoa da. Aurten kanpoan geratu direnak saia daitezke datorren urtean berriro, ea elkar ezagutzen dugun!”, adierazi dute Necocheako Euzko Etxea-ko gazteek www.hatorhona.blogspot.com euren blogean. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia