euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2008an amaituko da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eliz artxiboen digitalizazioa; Jardunaldiak aste honetan Bilbon

2007/11/06

Etzi eta etzidamuko Jardunaldietako afixa
Etzi eta etzidamuko Jardunaldietako afixa
Aurrerapen sinestezina da: Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan arbasoak dauzkaten euskaldunek internetez kontsulta ditzakete hiru elizbarruti hauetako artxikoetako datuak eta, zorte pixka batekin, oso denbora gutxian lortu euren aiton-amonen, edo aiton-amonen aiton-amonen datuak, lehenago egun, aste edo hilabatetako lana zen zerbait. Digitalizazioa, berez, 2008an amaituko da baina edukiaren ia erdia sarean dago, kontsultatzeko moduan, Trentoko Kontzilio aurretik 1901. urteraino. Elkarretaratzea egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian datozen ostegun eta ostiralean digitalizazio horretaz eta bere zabalkundeaz mintzatzeko.

PUBLIZITATEA

Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Bilbo, Donostia eta Vitoria-Gasteizko Gotzaindegiek elkarretaratzea antolatu dute etzi eta etzidamu --ostegun eta ostirala-- 'Artxiboak guztiontzat-Archivos para todos' izenburu orokorpean, 2000. urtean hasi eta 2008an bukatuko den eliz artxiboen --jaiotze, ezkontze eta heriotz agirien-- digitalizazio prozesuaz mintzatu eta eztabaidatzeko.

Historia, demografia, ekonomia, soziologia eta familia-historiarako garrantzi handia duen egitasmoa da hau, aitzindaria Europan, eta artxibo fondook babesteaz gain, balio handiko tresna jarri du ikertzaile eta herritarren esku. Euskal Autonomi Erkidegoko eliza-parrokietako XVI. mendetik XX. menderainoko jaiotza, ezkontza eta heriotza erregistroak eskuragarri daude interneten Irargiren, Euskadiko Kultur Ondare Zentroaren Badator datutegian eta horretarako sortu diren eliza-barruti bakoitzeko Artxibo Digitaletako web orrietan.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako datuak

Digitalizazio proiektu hau, Eusko Jaurlaritzaren finanziazioari esker egina izan da, Irargi, Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroa eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko Elizbarrutien arteko kolaborazioarekin. Eusko Jaurlaritzaren eta hiru Eliza-barrutien arteko elkarlan hitzarmenei esker parrokietako bataio, ezkontza eta heriotza errolda liburuak digitalizatu eta interneten jarri dira; guztira 3,5 milioi lagunen datuak daude (XVI. mendetik 1900 urteraino eremu horretan bizi izan ziren herritarren gehiengo ia osoa).

Egitasmoa Kulturaren Euskal Planaren jarduerekin lotzen da, hain zuzen, bertan definitzen diren ondorengo proposamenetan:

● Euskadiko Artxiboen Sistema Nazionala antolatzea
● Ondare dokumentala digitalizatzea
● Euskarri mota guztietako ondare dokumentalak sarbide unibertsala izatea

Aldi berean, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Artxibategi Historiko Nazionalaren egoitzari izango denari ekin dio, Bilbon bertan, eta bestalde, Kultura Sailak oso aurreratua dauka Dokumentu Ondarearen eta Artxiboen Lege egitasmoa. Hain zuzen, Lege egitasmo honi esker sortuko da Euskadiko Artxibategi Historiko Nazionala, Sistema Nazionalaren ardatz nagusia izango dena eta memoria digitalaren arloa bereziki landuko duena.

Jaiotza, ezkontza eta heriotza agiriak

Egitasmo hau, Euskadi Ezagutza Gizartean planaren barruan jarri zen abian eta hiru lurraldetako eliza-artxiboak digitalizatu ondoren sistema informatikoen bitartez babestea eta erabilgarri jartzea du xede. Egitasmoa, Kultura Saileko Irargi, Euskadiko Dokumentu Ondare Zentrua, zuzendu eta gauzatzen ari da, hiru elizbarrutietako artxibo arduradunekin elkarlanean. Indexatu eta digitalizatzen ari diren artxiboak XVI. mendetik hasi eta 1900. urterainokoak dira eta bertan jaiotza, ezkontza eta heriotza erroldak daude.

Egitasmoaren emaitzak eragina izan dute elizbarrutietako artxiboetan, bereziki modernizazio teknologikoari dagokionez eta erabiltzaile gero eta ugari eta anitzagoei eskainitako zerbitzuen profesionalizatze handiagoagatik. Aldi berean, indizatu den dokumentazio guztia Irargiren Badator datu basean sartu da.

Bilera ostegun eta ostiral honetan Euskaldunan

Egitasmoa burutzear dagoela, ebaluatzeko eta proposamenak mahaigaineratzeko unea dela pentsatu dute proiektuko arduradunek, egitasmoaren inguruan geroari begira dauden ikuspuntuak, sinergiak eta aukerak kontuan hartuz. Horretarako Eusko Jaurlaritzaren eta hiru eliza-barrutietako artxiboetako arduradunek azaroaren 8an eta 9an Euskalduna Jauregian burutuko diren jardunaldiak antolatu dituzte. Erabiltzaileak protagonista nagusi izango dituzten jardunaldi hauetan, mahainguruen bidez, erabiltzaile mota desberdinen iritzia ezagutu (artxiboen munduko profesionalak, artxibora birtualki edo egoitzara bertara joaten diren erabiltzaileak edo, etorkizunari begira, jarraibide batzuk eskain diezazkiguketen beste profesional eta ikertzaile batzuen) iritzia ezagutu nahi da.

1563tik aurrera, Trentoko Kontzilioak horrela agindu ondoren --nahiz eliza parrokia batzuetan lehenagotik ere egin, izatez bai baitaude XV. mendeko apunteak--, Eliza katolikoak elizetako sakramentu-liburuetan jaiotza (bataio), heriotza eta ezkontzetako errolda zehatza jasotzeari ekin zion. Beraz, Eliza-artxibo horietan gorde da gure iraganaren memoria, hiru mende horietako errolda zehatzak eta historiarako garrantzia duten hainbat gora-behera.

Trentoko Kontzilio aurreko datuetatik 1901ekoetara

Indexatu eta digitalizatzen ari diren artxiboak XVI. mendetik hasi eta 1900. urterainokoak dira eta bertan jaiotza, ezkontza eta heriotza erroldak daude. 1870ean Erregistro Zibila sortu zen arte, bataio-liburuak dira dauden errolda zehatz bakarrak eta horixe da, arian-arian herritarren esku jartzen ari den altxorra. Informazioaren garrantziaz jabetzeko, aipatutako hiru mendeetan eta hiru elizbarrutien esparrurako, dagoeneko interneten 3.857.252 errejistro daude kontsultagai, horietatik 1.700.030 Bizkaiko Elizabarrutiaren Artxiboan; 1.515.222 Donostiako Elizbarrutiaren Artxiboan; eta 642.000 Gasteizko Elizbarrutiaren Artxiboan. Proiektuaren amaierarako 8 milioi inguru izatea aurreikusten da, bestela esanda, 3,5 miloi biztanle haien bataio, ezkontza eta heriotza errolden informazioa.

Sakramentu-liburuetan jasotako apunte bakoitzari artxibo lanetan erabiltzen den araudien araberako (ISAD norma) deskribapena egiten zaio eta indexatu egiten da. Horrekin batera, liburu-apuntearen irudia era digitalean gorde egiten da, CD euskarrian, eta beraz, irudi gisa ere, Interneten erabiltzeko moduan jarriko da.

Doan eta etxetik kontsulta daiteke intertez

Horrela bildutako datutegia era errazean ikertzaile eta herritarren esku dago eta etengabe ari dira eduki berriak sartzen Irargiren Badator datutegian eta Elizbarrutietako artxiboen webguneetan, Alava, Bizkaia eta Gipuzkoakoetan hain zuzen.

Egun Irargiren eta hiru gotzaindegietako datutegietan 3.857.252 sakramentu erregistro daude eskuragarri, eta egitasmoa burutzen den unean 8 milioi dokumentu izatea aurreikusten da. Egitasmoa burutu arte, internet bitartez katalogo, gidak eta erregistroak on-line bila daitezke. Oinarrizkoaren irudia jaso ahal izateko oraindik hau bidaltzea eskatu egin behar da.


Lotura interesgarriak

'Artxiboak Guztientzat' Jardunaldietako egitaraua (pdf)
Azaroaren 8-9an

Irargi, Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroa
www.irargi.org

Gasteizko Elizbarrutiaren Artxibo Historikoa
www.ahdv-geah.org

Bizkaiko Elizaren Histori Arkibua
www.aheb-beha.org

Donostiako Elizbarrutiko Artxibo Historikoa
www.mendezmende.org

Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboa
www.iglesianavarra.org

Baionako Elizbarrutia
www.diocese-bayonne.org

Araba, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bizkaia Genealogia Elkartea
www.antzinako.org


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia