euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

17. urteurrena ospatu du Tres Arroyos-ko Hiru Errekak, Patxi Perez errezibitzeko eta Euskal Asterako prestatzen ari dela

2016/10/27

Hiru Erreka Euskal Etxearen 17. urteurrenaren jaia urriaren 14an izan zen, Tres Arroyosen
Hiru Erreka Euskal Etxearen 17. urteurrenaren jaia urriaren 14an izan zen, Tres Arroyosen

PUBLIZITATEA

Eten labur bat egin dute Hiru Erreka Euskal Etxeko kideek euren eguneroko ekintzetan erakundearen urtemuga ospatzeko. Afaria arrakastatsua izan zen eta ehun bat lagun bildu zituen geroaren alde topa egiteko. Orain azarorako jarduera bereziak gogoan ari dira prestatzen tresarroyostarrak, tartean, Patxi Perezek hirian eskainiko duen tailerra, Euskal Aste Nazionalerako bidaia eta Cesar Arrondoren hitzaldi eta bisita.

Tres Arroyos, Argentina. Giro ederrean ospatu zuten Euskal Etxearen 17. urteurrena Buenos Aires probintziako Tres Arroyosko euskal gizataldeko ordezkariek. Jaia urriaren 14an  izan zen, instituzioaren egoitzan, eta ehun bat pertsona bildu zituen bazkide, ahaide eta lagunen artean.

Erreki argentinar tipiko bat partekatu ondoren, dantzariek hartu zuten bere gain festa edertzeko ardura eta bai txikiek baita ertainek ere euskal dantza sort hautua taularatu zuten. Gauean zehar zozketak eta zahato txapelketak ere egin ziren eta topa egiteko momentuan ikurrin itxurako pastel bat atera zuten dantzariek.

Azaro lanpetua Patxi Perez, Euskal Astea...

Mugimendu handiko egunak izango dituzte Hiru Errekako lagunek datozen asteetan. Azaroaren 8 eta 9an dantzari txiki eta ertainei zuzendutako tailerrak eskainiko dituzte, egun horietan herria bisitatu duen Patxi Perez dantzariak eta berarekin batera jotzen duten musikariek emanik. Bi eguneko tailerrez gain, kontzertu bat emango du taldeak asteartean –azaroaren 8an– eta Euskal Etxeak afari bat antolatuko du euren bisita eskertzeko Euskal Herriko artistei. Afarian parte hartzeko sarrerak aldez aurretik erosi behar dira; informazio gehiago, hemen.

Azaroaren 11tik 13ra Necochean egingo den Euskal Aste Nazionalean hartuko dute parte, bestalde, etxeko dantzariek. Eta azaroaren 26an, kultur ekitaldi baterako deia egin dute Euskal Etxean, Cesar Arrondo lagun. “Gure Euskal Etxea eta komunitatearekin lotuta dauden sorpresa batzuk ere izango ditugu”, jakinarazi diote EuskalKultura.com-i Euskal Etxetik.

Hortik, Euskararen Nazioarteko Eguneko ospakizunetara pasatuko da Hiru Erreka eta, azkenik, urte amaierako festa ospatuko dute tresarroyostarrek abenduan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia