euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

123 urte bete berri dituen Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeak Gernika oroituko du apirilaren 25ean

2018/04/16

Iparraldeko Euskal Etxearen 123. urteurrena (argazkia Norma Rios)
Iparraldeko Euskal Etxearen 123. urteurrena (argazkia Norma Rios)

PUBLIZITATEA

Iparraldeko Euskal Etxeko lagunek ekitaldi berean gogoratuko dituzte Aberri Eguna eta Gernikako Bonbardaketaren 81. urteurrena. Cesar Arrondo hizlari anfitrioi eta ‘Gernika’ dokumentala ikusten. Hitzordua apirilaren 25ean izango da, iluntzeko 7etan. Erakundeko Kultura Azpibatzordeak antolatzen duen urteko programan parte hartzera ere gonbidatu du elkarteak, tartean euskara klaseetan, Mus Tailerrean eta Zine Zikloan.

Buenos Aires, Argentina. Apirilaren 1ean da Iparraldeko Euskal Etxearen urteurrena eta joan den 11an ospatu zuten agintari eta lagunek, 123 urte. Ekitaldian, ohi bezala, topa egin zuten bildutakoek eta urtero bezala ere lehendakariari egokitu zitzaion urteurreneko hitzak adieraztea. Bere mintzaldian, Roberto Martin Plorutti Etchegoyen presidenteak Euskal Etxearen historiaz hitz egin zuen eta etorkizunari eusteko egin beharreko apustua nabarmendu zuen.

Euskal kolektibitateko zenbait erreferentek lagundu zuten Iparraldeko Euskal Etxea urtebetetzea ospatzeko zeremonian, besteak beste, tartean Enrique Fagoaga, Ramon Javier Arozarena, Maria Elena Etcheverry eta Olga Carricaburu zeudela, baita ere Chacabuco eta Cordoba hirietako euskal etxeetako bi ordezkari eta Sara Pagola Euskadiren Argentina-Mercosur-erako ordezkaria.

Aberri Eguna eta Gernika

Bizkaiko herria suntsitu zuen Bonbardaketaren 81. urteurrena apirilaren 26an izango da eta Iparraldeko Euskal Etxeak bezperan gogoratuko du, etxeko Kultura Azpibatzordea antolatzaile. Ekitaldian Aberri Eguna ere gogoan izango du hizlari arituko den Cesar Arrondok. ‘Gernika’ dokumentala proiektatuko dute eta bukatzeko topa egingo dute Moreno kaleko egoitzara bertaratutakoek. Hitzordua apirilaren 25ean, 19:00etan.

Urteroko programa

Kultura Azpibatzordeko erreferentea den Norma Riosek jakinarazi digunez, Euskal Zine Zikloa arrakastaz hasi zen martxoaren 14an ‘Behiak’ proiektatuz.

Hilabete berean hasiak dituzte Mus tailerreko 2018ko saioak ere. Proposamena irekia da, gizonezko eta emakumezkoentzat eta elkarretaratzeak ostegunetan dira Euskal Etxeko txokoan, Domingo Trimarco irakasle. Riosek azaldu digunez, “Mus Tailerrak ‘Juan Sebastian Piterbarg tailerra’ izena darama. Ekimena iaz abiatu genuen eta Juan arduratzen hasi zen, etxeko kide eta mus-zale amorratuena. Baina maleruski zendu egin zitzaigun eta bere omenean jarri genion izena tailerrari”.

Euskara eskolak ere hasi dira Kultur Azpibatzordearen eta Euskaltzaleak Euskaltegiaren artean egindako tratua medio. Klaseak astearteetan dira 19etatik 21etara. Parte hartzeko ez da beharrezkoa erakundeko kide izatea eta ikasleen esanetan, “giro ederra da eta primeran pasatzen dugu, Anabel Jaureguiberry irakasle”.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia