euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

118 urte bete berri dituen Buenos Airesko Iparraldeko EEak hitzaldia eskainiko du gaur Aberri Egunaz

2013/04/11

Iparraldeko Euskal Etxeko Kultura Azpibatzordeko kideak euskal dantzari (argazkiaIEE)
Iparraldeko Euskal Etxeko Kultura Azpibatzordeko kideak euskal dantzari (argazkiaIEE)

PUBLIZITATEA

118 urte bete berri dituela, Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxea edo 'Centro Vasco Francés' --gaztelaniaz ere bi izenak erabiltzen ditu-- Argentina eta mundu osoko euskal etxe zaharrenetako bat da. Urtebetetzea ospatzeko, erakundeko Kultura Azpibatzordeko kideak bildu eta topa egin zuten. Kultura gaiak kezka eta ardura dituen taldeak, 2013an zehar garatuko dituen ekimenen egitaraua jakinarazi du aste honetan. Abiapuntua, gaur bertan, Aberri Egunari buruzko hitzaldi batekin, euskal etxearen egoitzan.

Buenos Aires, Argentina. Apirilaren 1ean erakundearen 118. urtemuga ospatu zuten Iparraldeko Euskal Etxeko Kultura Azpibatzordeko kideek. Ospakizuna petit-comite-koa izan zen, lagunen arteko brindisa, eta kopak altxatzeko momentuan erakundea sortu zuten gizonak ekarri ziren gogora. Urtebetetzea kari, hitz hauek plazaratu zituen elkarteko idazkari Norma Riosek:

Gaur bezalako egun batean baina duela 118 urte, Iparraldeko sei lagun -Pierre Goyhenespe, Jean Uhalde, Joseph Beignatborde, Jean Etchelecu, Pierre Uhalde eta Jean Laxague- bildu ziren hiriburuko Almagro auzoko Jean eta Pierra Hourcaderen larrugintza enpresan euren amets bat betetzen hasteko. Denbora gutxian, bertan ezarritako pilota lekua eta jatetxea Iparraldeko lagunen bilgune bihurtu ziren. Proiektua abiatuta, jaiotzen ari zen euskal etxearen gastuei aurre egiteko dirua jarri zuten sei lagunek eta segidan Bilera Orokor batean parte hartzera gonbidatu zuten, oraingoan Pierre Tissierren ‘Balcarceko Igerilekuetan’. Bilkuran Pierre Goyhenespe izendatu zen lehendakari abiarazle; Jean Etchelecu, idazkari; eta Pierre Allidiere, kobratzaile.

Eurak hautatutako batzorde batek instituzioaren estatutuak idatzi zituen eta 'Centre Basque Français' izenarekin bataiatu. Bide hartatik jarraituz, 1895eko irailaren 11an erakundearen lehenengo Zuzendaritza Batzordea osatu zen: Jean Pierre Passicot, lehendakari; Pierre Goyhenespe, lehendakariorde; Pierre Goyhenespe, idazkari, Joseph Beignatborde, idazkariorde; Jean Uhalde diruzain; Jean Uhalde diruzainorde; eta Domingo Maillot, Lorenzo Bordarampé, Pedro Oholegui, Pedro Uhalde eta Jean Laxague, batzordekide.

Mende bat baino gehiago igaro da geroztik eta guk, euskal jatorrizko argentinar, Iparraldeko eta oro har Euskal Herriko kultura zabaltzen jarraitzen dugu. Anitz jende pasatu da erakunde honetatik; ametsak, itxaropena, momentu onak eta nola ez, porroten bat ere izan dugu; baina duela 118 urte bildu ziren gizon haien izpiritu bera daramagu gaur. Horrek bultzatzen egunero gaitu gure Iparraldeko Euskal Etxearen alde lan egitera.

2013ko ekintzak

Iparraldeko Euskal Etxeko Kultura Azpibatzordeak karrikaratu berria du, bestalde, aurtengo aktibitateen egitaraua. Data eta xehetasun batzuk baieztatzeke, hona ekitaldien hurrerapen edo aurrerapena:

Apirilean

-Apirilaren 11ean (gaur), arratsaldeko 7:30etan, ‘Aberri Eguna’ izenburupeko hitzaldia, Carlos Martinez-en eskutik. Solasaldia bukatutakoan, topa egingo da Aberri Eguna kari
-Apirilaren 15ean, ‘Euskaldun bati gertatu zaio’ ipuin lehiaketa jarriko da abian. Lanak bidaltzeko epea urriaren 15ean bukatuko da. Emaitzak azaroaren 15ean jakinaraziko dira eta sariak abenduaren 15ean banatuko, euskal etxean. Informazio gehiago eskuratzeko, ibaiak@hotmail.com helbidera idatzi
-Apirilaren 17an, arratsaldeko 7:30etan, etxeko kide den Enrique Levantinik Cuentos del Tata liburua aurkeztuko du
-Apirilaren 25ean, ‘Gernikako Bonbardaketa gogoan’ hitzaldia, Juan Carlos Ibarrola hizlari. ‘Gernika, Bonbardaketa’ dokumentala ere proiektatuko da

Maiatzean

-Maiatzaren 4ean, gaueko 9:30etan, Herri Urrats jaia etxeko kintxoan, afari, dantza, jolas eta zozketekin. Honi lotuta, Kultura Batzordeak iragartzen du maiatzean hasiko direla euskara eskolak Iparraldeko Euskal Etxean.
-Maiatzaren 16an, arratsaldeko 7:30etan, brindisa Iparraldeko Euskal Etxearen urtemuga dela eta
-Maiatzaren 23an, arratsaldeko 7:30etan, ‘Argentinako bertako herriak: historia eta gaur egungo errealitatea’, Conrado Valiente hizlari

Abuztutik aurrera

-Abuztutik aurrera eta lau hilabetez, Iparraldeari buruzko Tailerra. Gaiak: kortsario eta itsasgizonak (Emilio de Candido); politika (Carlos Martinez); sorginak, agoteak, baserriak (Juan Carlos Ibarrola); turismo eta geografia (Norma Rios)

Ekitaldi hauetaz gain betiko ohiko festak ere ospatuko dira aurten ere Iparraldeko Euskal Etxean, tartean Sorgin Afaria (ekainaren 29an), Baionako Pestak (abuztuan); Biper Eguna (urrian) eta Olentzero (abenduan).

-elkartearen bloga: http://iparraldeeuskaletxea.blogspot.com.es



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia