euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

1.500 gazte euskal argentinar batera aritu ziren dantzari Llavallol-eko 'Euskal Echea' eskolaren Euskal Jaian

2008/10/16

Vanesa Felix, Izaskun Ordoqui, Aitor Alava eta Belen Girasole, Llavallol-eko Euskal Echearen Euskal Jaian (argazkia EuskalKultura.com)
Vanesa Felix, Izaskun Ordoqui, Aitor Alava eta Belen Girasole, Llavallol-eko Euskal Echearen Euskal Jaian (argazkia EuskalKultura.com)
Urtero bezala, ume eta neska-mutilek Llavallol-eko Euskal Echea eskolako rugby zelaia bete zuten euren dantza, abesti eta, batez ere, alaitasunarekin, Euskal Jaiaren edizio berri batean. Joan den urriaren 4ean egin zen jaia eta etxeko apaizak gogoratu zuenez 'eskolako kapera eraiki zuteneko 80. urtemuga'. Euskal Echea-ko Zuzendaritza Batzordeko lehendakari Simon Pedro Soroetek hitzaldi labur batean eskolan egindako azken hobetze eta eraikitze lanak aipatu zituen, eta baita laster abian jarri nahi duten ekimena ere, 'Udako Euskal Unibertsitatea'.

PUBLIZITATEA

Lavallol, Argentina. Euskal Echea eskolaren Euskal Jaiak milaka lagun bildu zituen joan den urriaren 4ean ikastetxearen urteroko jaian. Ikasle dantzariak bakarrik, mila eta bostehun ziren. Ekitaldia goizean hasi zen, Itsas Eskola Militarreko Bandak jotako argentinar ereserki nazionalarekin eta Gernikako Arbolarekin, segidan. Bandera argentinarra eta ikurriña alboan zituela Eskolako apaizak Euskal Echea-ko aurten kaperaren 80. urteurrena ospatzen dela ekarri zuen gogora. Ondoren, Simon Pedro Soroet Euskal Echea-ko Zuzendaritza Batzordeko lehendakariak eskolan egin berri diren eraikitze eta berritze lanen berri eman zuen eta aipatu zuen baita ere laster abian jartzekotan diren ekimen berri bat, 'Udako Euskal Unibertsitatea' izenekoa. Enrique Aramburu dauka arduradun, eta euskara eta euskal kulturari buruzko uda garaiko ikastaro berriak baitaratuko ditu.

Dantzaldiari ekinez, 48 dantzarik Agurra dantzatu zuten, Aitor Alava zuzendari. Ondoren, Gorulari, Arkudantza eta Zazpi Jauzi -–azken biak, bost urteko umeek dantzatuta-– eta Arkudantza mistoa ikusi ahal izan ziren. Jarraitzeko, heziketa fisikoko eskemek ere euren lekua izan zuten.

Euskal estanpa ikusgarria

Beste askotan bezala, jaiaren unerik hunkigarriena “Estampa Vasca” delakoa izan zen: 1.500 haurtxo eta neska-mutil bildu ziren dantzan rugby zelaian, Juan Mari Beltranen musikaren laguntzaz. Denek batera Agintariena dantzatu zuten eta gero, taldeka eta adinaren arabera sailkatuta, hainbat lan eskaini zituzten, besteak beste, Pirritx eta Porrotx-en, eta Takolo eta Mokoloren abestiak, kadrilla bat, fandangoa, eta Imotzeko Esku Dantzarekin batera. Bilboko jaietako "Badator Marijaia" kantarekin bukatu zen “Estampa Vasca” jai ikusgarria.

[Euskal Echea ikastetxeko ikasleak Euskal Estanpa delakoa egiten (bideoa EuskalKultura.com)]


Ikasleen mikro ekimenak

Iaz bezala, Institutuko ikasleek prestatu eta kudeatutako 'Mikro ekimen'ak ere erakutsi ziren. Stand-etan, ikasleek asmatu eta eginiko produktu eta artikuluak zeuden salgai, beti ere euskal marrazki, diseinu eta ikutudunak. Produktuen artean, edalontziak, katiluak, giltzariak, nikiak, lauburuak eta toallak, besteak beste. Kaperan, berriz, Argentinako ikur nazional, probintzial eta tokikoen erakusketa ezarri zen. Aldi berean, Etxeko abesbatzako ikasleek egindako lanak ere ikusgai jarri ziren eliz atarian.

Euskal Echea-ko Zuzendaritza Batzordeko lehendakari Simon Pedro Soroet-ek esker biziak eman zizkien bereziki María Belén Girasole, Vanesa Félix eta Aitor Alavari jaiaren antolakuntzan zein arrakastan parte hartzeagatik.


Elkarrizketa Jaiko sustatzaile IZASKUN ORDOQUIri

-Zein da komunitateari utzi nahi diozuen mezua jai erraldoi honekin?

Eskolaren mezuak helburu argi bat dauka: gure tradizioa ezagutaraztea eta gure ikasleek artean, kulturan edota kirol arloan landutako trebetasunak erakustea. Baina, bestalde, erakusketa akademikoa baino askoz gehiago da, eskola, ikasle eta gurasoak elkarrekin hurbildu eta biltzen dituen metodo pedagogikoa da.

-Zein da familien erantzuna?

Ikasleen familiak zinez laguntzen gaituzte eta egiazko partaide ditugu jaia antolatzen. Arduratzen dira, esterako, umeen jantziaz, informazioa lortzen dute, eta ondoan ditugu aurreko egunetan zein jaiaren egunean berean. Eta bukatzen denean, hurbildu ohi zaizkigu zorionak ematera.

-Euskal Herrikoa, tolosarra izanda, nola bizi izaten duzu zuk zeuk jai hau?

Engaiamendu eta lotura handia daukat jaiaren antolakuntzarekin, gure kultura zabaltzeko oso aukera berezia delako. Ikurriñak nonahi, adin guztietako dantzariak, Euskal Herriko ikur horiek guztiak... euren tokia daukate egun honetan. Esan dezadan baita ere jai hau ezinezkoa litzatekeela zenbait erakundeen laguntzarik gabe, hala nola FEVA, Euskaltzaleak, Euskal Echea-ko Batzordea, irakasleak eta laguntzaileen sostengurik gabe. Bereziki aipatu nahi dut hor Vanesa Félix, Belén Girasole eta Aitor Alavaren lana.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia