euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Agenda rss

Omenaldia Gernika eta Libertad bataloietako kideei, Urkullu eta Rousset partaide

2015/04/19

Non: Pointe de Grave, Frantzia

II. Munduko gerra amaieraren 70. urteurrena.

Apirilaren 18 eta 19an (larunbata eta igandea), Carnot Brigadaren beteranoei omenaldia, Gernika eta Libertad bataloiak. Aurreikusia dago Urkullu lehendakaria eta Akitaniako presidente Alain Rousset izatea igandean ekitaldiko buru. Bertaratzeko bi eguneko txangoa antolatu du Bilbotik larunbatean Sabino Arana Fundazioak (hotel gela eta gosaria, autobusa eta asegurua 95 euro).

Izen-ematea 94 4056450 edo iruiz@sabinoarana.org.

Sabino Arana Fundazioak bidaia bat antolatu du Pointe de Gravera (Akitania), “Gernika” eta “Libertad” batailoietako gudariei gorazarre egiteko

Hona Sabino Arana Fundazioak zabaldu duen deia:

II. Mundu Gerra amaitu izanaren 70. urteurrena dela-eta, Sabino Arana Fundazioak bidaia bat antolatu du, apirilaren 18an eta 19an egitekoa, Pointe de Graven (Akitania), Bordeletik oso gertu, izan ziren guduetan parte hartu zuten “Gernika” eta “Libertad” batailoietako kideei gorazarre egiteko; gudu haietatik gutxira Frantzia erabat askatu zen eta guda-talde alemanak ere errenditu egin ziren. Aurreikusita dago, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Alain Rousset Akitaniako presidentea buru izatea, leku horretan batailoi bietako eroriei eta bizirik geratzen direnei egingo zaien gorazarre-ekitaldian.

Pointe-de-Graveko borrokak 1945eko apirilaren 14an, larunbatarekin, hasi ziren eta hilaren 20ra arte iraun zuten., “Gernika” batailoiko gizonen kemena aho batez goretsi zuten euren arma-lagunek: hura bereziki nabari ikusi zen lehenengo eguneko gudu hilgarrietan, 40 kotan, Montalivet hegoaldean, eta apirilaren 19an, ‘‘Blokhaus Y-33’’ garrantzitsua, Soulac-eko iparraldean, hartzeko izan zirenetan. Borroketan bost gudari hil ziren eta beste 23 zauritu. Gudariak ziren, Euskadiren alde eta faxismoaren kontra borrokatzen gure lurretatik kanpo.

Irteera apirilaren 18an, larunbatarekin, izango da, goizeko 7:30etan, 40 kotarantz, Montalivet hegoalderantz, non euskaldunek eta anarkistek osatutako “Gernika” eta “Libertad” batailoiak nazien tiraniaren kontra borrokatu baitziren eta hitleriar Reich-aren kontrako azken garaipenean parte hartu, demokrazia eta askatasuna basakeriari gailentzea ekarri zuen garaipenean.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Alain Rousset Akitaniako presidentea bertan izatea espero da, batailoi bietako eroriei eta bizirik geratzen direnei leku horretan egingo zaien gorazarre-ekitaldiko buru.

Ondoren, Soulac sur Mer-era abiatuko gara; han urtero, bizirik geratzen direnak, gero eta gutxiago badira ere, bertan dagoen oroitzapenezko monumentuan lore-sorta bat ipintzera joaten dira; hain zuzen ere, hura Pointe de Graveko guduan borrokatu eta hil zirenen gomutagarri eregi zen (bunkerrak bisitatu, argazkiak, etab.)

Gero, Bordelera joango gara hotelean ostatu hartzeko, eta arratsaldeko gainerakoa, libre.

Biharamunean, apirilaren 19an, goizez, Rétaud-era joango gara, han meza bat ospatuko delarik San Troyan elizan, eta gero, zeremonia bat ere bai Nekropoli Nazionalean, non baitaude ehortzita guduan hildako Gernika batailoiko gudariak. Azkenik, Bilbora itzuliko gara.

Bidaia egin nahi dutenak, Sabino Arana Fundaziora, 94.405.64.50 telefonora, deituta apuntatu ahal dira, edo bestela iruiz@sabinoarana.org e-posta helbidean.



« Apirila 2024 »
1
28
29
30
 
 
 
 
 

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia