euskalkultura.com

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

Justo Garate ikerlari eta jakintsu euskaltzale bergararra Argentinan hil zeneko 15. urteurrena betetzen da gaur

02/07/2009

Justo Garate Arriola
Justo Garate Arriola

PUBLICIDAD

Hamabost urte izango dira gaur Justo Garate, Diasporari hain lotutako idazle, mediku eta ikaslari handia hil zela. Bergaran 1900ean jaioa, 1936ko gudaren ostean erbestera jo behar izan zuen Garatek, eta Argentinako Mendoza hirian aurkitu zuen bizilekua, bertako Unibertsitateko medikuntza irakasle, dekanorde eta kontseilari izan zelarik. Argentinatik ere euskal kulturaren alde lan eskerga egiten jarraitu zuen eta 1979an euskaltzain urgazle izendatu zuten. Bere pertsona oroitu nahi izan dugu gaurko egunez.

'Eneko', 'Eneko Mitxelena', 'Eneko Zilueta', 'Elorregi' eta 'Txeru Arriola' goiztizenez ere ezaguna, Justo Garate euskaltzale eta idazle gipuzkoarra Bergaran jaio zen 1900 urtean. Medikuntza Madrilen eta La Platan (Argentina) ikasi eta Freiburg, Paris, Berlin eta Heidelbergen espezializatu zen. Bilboko Medikuntza Fakultatearen sortzaileetakoa izan zen 1936ean.

Eusko Abertzale Ekintzako kidea zen eta 1936ko gerra zela-eta erbestera joan behar izan zuen. 1937ko abenduan Garate familia osoa, tartean Justo eta bere emazte Itziar Arostegi, Buenos Aireseko portura heldu zen, 'Alcyone' izeneko itsasontzian. Hutsetik hasi eta hasieran Tandilen lekukotu ziren. 1954 urtean Mendozako unibertsitateak irakasle lana eskaini zion, eta Andeetako mendikatearen oinean dagoen hiria hartu zuten bizileku. Unibertsitate horretako dekanorde eta kontseilaria ere izan zen.

Diasporako kulturgintza

Argentina eta Ameriketako hainbat herrialdetan erbesteratutako beste euskaltzaleekin harremanetan jarri zen Garate: Andres Irujo, Bingen Amezaga, Jokin Zaitegi, Andima Ibiñagabeitia.... Artikulu eta lan ugari kaleratu zituen Revista Internacional de Estudios Vascos, Eusko Jakintza, Munibe, Gernika eta Príncipe de Viana aldizkarietan, eta Boletín Americano de Estudios Vascos eta Euskalerriaren Adiskideak elkarteko argitalpenetan ere.

Bere lan aipagarrienak Guillermo de Humboldt. Estudio de sus trabajos sobre Vasconia (1933), Ensayos euskarianos (1935), La época de Pablo de Astarloa y Juan Antonio Moguel (1936), El viaje español de Guillermo de Humboldt (1799-1800) (1946), Viajeros extranjeros en Vasconia (1942), Cultura biológica y arte de traducir (1943) eta El carlismo de los vascos (1980) izan ziren.

Euskal Kulturaren alde egindako lanarengatik euskaltzain urgazle izandatu zuten 1979an eta EHUko honoris causa doktore 1982an. Eusko Ikasketen Amerikako Institutuko eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide izan zen.

Lotura interesgarriak

Justo Garateren biografia
Bidegileak bilduman, Jerardo Elortzak idatzia

Justo Garate Hamaikabiden
www.hamaikabide.org

Bibliografia eta linkak
Literaturaren Zubitegian



« anterior
siguiente »

PUBLICIDAD

PUBLICIDAD

PUBLICIDAD

PUBLICIDAD

PUBLICIDAD

Las más leídas

Últimos comentarios

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia