euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Onintza Enbeita, Bizkaiko bertsolari txapelduna: «Historia egin behar zen, geure momentua zen, eta nik egin dut» (en Berria)

18/12/2018

Bizkaiko bertsolarietatik, lehen emakume txapelduna da Onintza Enbeita. Asko gogoratu da bidea zabaltzen eta laguntzen jardun direnekin. Urduri hasi bazen ere, plazan jarraitzeko indarra eman dio txapelketak.

Enlace: Berria

Iraitz Mateo. Astelehen goiza izaki, azoka eguna zen atzo Gernika-Lumon (Bizkaia). Eta azokan bai, baina ohikoan izaten den postutik kanpo zebilen Onintza Enbeita (Muxika, Bizkaia, 1979). Larunbatean Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabazi ostean, «puzzle emozionala osatzen» dabil oraindik, «ederretik» eta «gogorretik», bietatik izan baitu txapelketak haren ustez. Egindako bidea fruituak ematen ari dela uste du, eta larunbatean gertatutakoa «oso handia» izan zela. Oso eskertuta dago ingurukoekin.

Zer aldarterekin sumatu zenuen zeure burua finalean?

Txapelketa honetan aspaldiko urdurien egon naiz; zapatuan ere goiza oso-oso luze egin zitzaidan. Eta zozketatik hasi arteko ordubete hori eternitate bat iruditu zitzaidan. Urduri nengoen: baneukan korapilo bat urdailean. Zortziko handian neure burua pixka bat azeleratua ikusi nuen, baina, esertzerakoan, esan nion neure buruari: «Hau jada hasi da; hartu arnasa. Horrela ezin zara egon». Zortziko txikian, ikusi nuenean saioa lehertu zela Nerearekin [Ibarzabal] egindako ofizioan, lasaiago sentitu nintzen.

Gaietan hartutako bideak, marraztutako pertsonaiak ukigarriak ziren: entzulearentzat gertukoak izan zitezkeen.

Nik beti esaten dut bertsotan gauza asko egin daitezkeela: egin daiteke kritika soziala, egin daiteke geopolitika... mila gauza egin daitezke. Baina niri eguneroko gauza txikiei eta emozioei kantatzea gustatzen zait. Uste dut benetan horrek mugitzen duela mundua eta horrek mugitzen gaituela denok. Nire lanketa pertsonala horra bideratu dut azken urteetan, baina gero, zapatuan, ez dakit kosmosa nire alde jarri zen edo nik dena interpretatu nuen nire alde edo... baina emozioetatik tiratzeko gai asko topatu nituen. Momentu batean pentsatu nuen gai horiek niretzat jarriak zirela; zozketarik ez balego, pentsatuko nuke baten batek nik irabaztea nahi zuela eta saiatu zela niri bidea errazten, baina, zozketa dagoenez, hori ezin da pentsatu ere egin.

Hala ere, buruz burukoa sorpresaz hartu zenuen.

Oholtza gainean zuk zeure burua ikusten duzu, badakizu zer aldartetan zauden, badakizu ongi zaudela, gustura. Baina besteena ez duzu ganoraz entzuten; zeure munduan zaude, zeure buruarekin hitz egiten lau orduz... Orduan, niretzat oso zaila da kalkulatzea besteekin alderatuz nola egon naizen. Etxahunek [Lekue] behin eta berriro esaten zidan: «Buruz burukora zoaz». Eta nik nire artean pentsatu nuen: «Ba, hauek beti dabiltza berdin, eta gero beraiek irabazten dute!». Xabatek ere esan zidan: «Onintza, ez erlaxatu». Eta hor hasi nintzen pentsatzen: hauek arrazoia badute, hil egingo naiz hemen bertan! Nire izena esan zutenean, pentsatu nuen: «Orain zer? Hainbeste amestu dut momentu honekin, eta orain zer egin behar dut?». Hala ere, lortu nuen kontzentratzea, hankak lurrera ekartzea eta bertsotan jarraitzea.

Aurtengo finalari begira, behin baino gehiagotan aipatu izan da finaleko zortzikotea lagun talde bat zinetela. Nola bizi izan zenuen oholtzako giroa?

Talde bat dagoenean, nabaritu egiten da; babes hori badago, eta denak batera goaz agertokira. Eta nik uste dut final honetan konpainerismoa egon dela, talde bat izan garela, eta hori oso ondo dago. Uste dut asmatu genuela elkar babesten, eta gazteenen freskura horrek eta beldurrik ez edukitze horrek guri ere lagundu zigun. Azkenean, lehenengo edo bigarren finalak ekartzen dizun freskura eta ilusio hori kutsatu egiten da, eta horrek denak soltatu gintuen apur bat.

Miribillak bero hartu zintuzten.

Kristorena da. Ez dakit zenbat urte daramatzadan bertsotan, badirudi bertsotan jaio nintzela. Baina beti esango dut, Bizkaiko finalera zoazenean, plaza hori ezin da esplikatu; jende ezezagun asko dago, baina baita urte osoan plazak antolatzen dabilen jendea ere, urteetan jarraitu zaituen jendea, zurekin sufritu duen jendea, zurekin poztu dena... eta magikoa da sortzen den giroa; oso zaila egiten zait azaltzea.

Zazpigarren finala zenuen hau. Hasi zineneko eta gaurko Onintza pertsona bera da?

Aldaketa asko egon dira. Nik esango nuke urte honetan Onintzak bere bidea topatu duela. Umetan bertsotan hasi ginen, eta jarraitu eta jarraitu eta jarraitu, baina azken urteetan ariketa bat egin dut erabakitzeko zer esan nahi dudan. Gero beste kontu bat da hori beti lortzen dugun edo ez, baina lan hori behintzat hor dago. Onintza helduagoa da orain, beste modu batera ikusten ditu gauzak. Eta nik uste dut batez ere hori aldatu dela, gero eta argiago dudala zer ez dudan esan nahi eta zer esan nahi dudan.

Txapela eta aginte makila irabazi zenituen. Sinbolikoki behintzat, emakumezko baten burura eta eskuetara joan da boterea. 

Larunbatetik dudan sentipen handiena eta hunkigarriena horixe da. Historia egin behar zen, geure momentua zen, eta nik egin dut. Hor geratuko da: irabazi duen lehenengo emakumea, Onintza Enbeita. Bi gau pasatu dira, eta orain ikusi dut egin dudana bertsotan egitea baino gehiago dela; oso pozik eta beteta sentitzen naiz horrekin. Nik beti esan dut txapela baietz, baina nik aginte makila nahi nuela bereziki, eta nahi nuela aginte makila hori emakumeen eskuetara pasatzea. Azkenean, hegemonia hor dago, eta guk bilatzen dugun ahalduntasun hori sinbolikoki makila horretan dago. Niretzat, finaleko momentua makila hartu nuen unekoa da; eta esan nuen: «Hemen gaude, hemen egon gara, bide bat egin dugu, eta jada makila geure eskuetan dago». Nire barrua hor lehertu zen.

Osabak jantzi zizun txapela. Berezia izan zen?

Gure aitita izan zen lehenengo txapelduna Bizkaian; orain ni naiz lehenengo txapeldun emakumea Bizkaian. Osabaren eskutik jasotzea berezia izan zen, bera ere ibilia delako. Baina niretzat, bertsolaritzaren historian aititaren ondoan geratzea izan da bereziena.

Norekin gogoratu zinen zure izena esan zutenean?

Atzo eta gaur, bereziki gogoratzen naiz bidea zabaldu zutenekin, eta Bizkaian hor egon zen Kristina Mandaras, egon zen Iratxe Ibarra... Bereziki gogoratzen naiz nirekin bertsotan hasi zen Alaitz Ereitiogaz; zenbat gurako nuen atzo eta herenegun berarekin momentu hori konpartitu izana. Baina bera Rennesen dago preso, eta hilabete itxaron beharko dut haren besarkada hartu arte; baina batera hasi ginen bertsotan, eta gaztetxotan batera egin genituen plaza pila bat. Bereziki polita da ikustea orain 16 urte dituzten neskak zer diskurtsorekin sartzen diren plazara; guk kolpeka ikasi dugun hori haiek nolabait badakarte beren eskema mentalean, eta hori marabilla bat da. 

Bidea egin zutenak aipatu dituzu. Lan asko egin zuten, eta egin duzue. Lanaren fruitua ote txapela?

Astebetez behintzat egindakoa ospatu nahi dut, eta pentsatu nahi dut egindako bidearen sari bat dela. Txapela arratsalde batean irabazten bada ere, neure buruari onartu nahi diot izugarrizko lana egin dugula, ez neuk bakarrik, eta egiten jarraituko dugula, eta merezi genuela txapela.

Ospatzeko tarterik izan al duzu? 

Ospakizun eterno bat da dena, mezu bakoitza gozamen bat da. Gure aita ez da etortzen finaletara, eta nik gehien maite dudan enbeitatarra gure aita da. Bera Muxikan zegoenez, zazpi finaletan parte hartu ondoren Bilbon parrandan geratu beharrean, lehenengo aldiz Muxikara joan nintzen. Nire buruan lehenengo aita zegoen, eta gero mundua. Ondoren, Gernikara joan ginen, eta lagunek prest zuten dena ni joan nintzenerako. Taberna beteta zegoen, eta pankarta bat zegoen; Como una ola jarri zuten, eta xanpaina ireki genuen. Hor hasi nintzen kontziente izaten zerbait handia ari zela gertatzen. Zapatu gauetan reggaetona egoten da taberna horretan, eta Como una ola kantatzen ari ziren ez dakit zenbat lagun; pentsatu nuen hori ere beste iraultza txiki bat zela. Atzo oraindik ospatzen jarraitzen nuen, baina hemendik aurrera hasiko gara lasaitzen eta lur hartzen.

Plazari emandakoa itzuliko zeniola bota zenuen azken agurrean. Aurrerantzean plazan jarraitzeko gogotsu zaude?

Puzzle emozionala osatzen ari naiz. Baina denbora beharko dut oraindik dena barneratzeko, pentsatzeko, eta argi ikusteko zer gertatu den. Duda gabe, plazan egin gara; bakoitzak erabakitzen du bere bizitzako bidaia, eta gu plazan egin gara, plazan heldu gara, eta, bere gauza onekin eta gogorrekin, plazan ahaldundu gara. Horregatik jarraitu nahi dut plazan. Ekaitza dagoen ostiral gau batean 40 lagun bildu ahal dira bertso afari batean, eta izugarria da pasatu daitekeena. Bertsoa hori sortzeko gai da, eta hori inork ez digu kenduko; jarraituko dugu horretan. Asteburutik aurrera ere plazan jarraituko dut: plazandrea naiz, eta neure buruari eta besteei demostratuko diet merezimenduz irabazi dudala. Baita irabazten jarraituko dudala ere: mezuak, musuak eta besarkadak.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia