euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Euskal kulturaren 2017ko urtekaria plazaratu du 'Jakin' aldizkariak (en El Diario Vasco)

10/01/2018

Euskal kulturaren urteko balantzea egiteko eskatu die 'Jakin'ek hamar egileri. Bertsolaritzaren, literaturaren, musikaren, arte plastikoen zein arte eszenikoen, zinemagintzaren, ingurune digitalen eta euskal hedabideen inguruan jardun dira

Enlace: El Diario Vasco

2017ak eman duenak hasi berri dugun urteari begiratzeko eta erronka berriak zehazteko balio duelakoan, euskal kulturaren urteko balantzea egiteko eskatu die 'Jakin'ek hamar egileri, urtero legez, lehenengo aldizkarian sartzeko.

Olatz Beobide aktore eta zuzendariak idatzi du artikulu nagusia; Miren Rubio eta Itziar Ugarte kazetariak librean aritu dira, eta Kattalin Miner bertsolaritzaz, Iratxe Retolaza literaturaz, Galder Perez antzerkigintzaz, Maialen Goñi zinemaz, Jon Eskisabel musikaz eta Xabier Landabidea mundu digitalaz. Guztiak Jakin aldizkariaren 223. zenbakian.

Gainera, urtea irudietara ere ekarri dute Adur, Aritz Irigoien, Axpi, Exprai, Diego Pallés eta Patxi Gallego marrazkilariek. Azkenik, Alberto Barandiaran Hekimeneko zuzendariak euskal hedabideen argazkia agindu, eta errematea iruditan paratu dio aldizkariari Unai Iturriagak.

Begi bistako prekarietatea

Antzerkigintzan molde berriak sortu arren, prekarietatea begi bistakoa da hegoaldeko profesionalen artean, eta Artistaren Estatutua eta erakunde publikoen babesa beharrezkoak dira Olatz Beobiderentzat. Bere artikuluan hala ondorioztatu du, eta aktore eta zuzendari jardunari heldu dio euskal arte eszenikoen egoeraz hausnartzeko.

Ikuslearen konpromisoan ere sakontzen du. Euskarazko ekoizpenek arrakasta izan dezaketela garbi geratu baita aurten Handia filmarekin, baina «zenbaki handiek ez dezatela ezkutatu banakakoa, handia ikusaraziz txikia ezkutatuz», gogoratu du. Ildo beretik, ETB1en euskarazko fikzio bat izatearen garrantzia gogorarazi du: «ETBk fikzioa eskaintzen zuen garaian ikuslegoak katea aukeratzen zuen. Eta berriz ere hala beharko luke, guretik arituz babestu eta jantziko dugulako euskal kultura».

Miren Rubio kazetariak, aldiz, pasa berri den urteko zenbait urtemuga eta gertakari aukeratu ditu gure burua irudikatzeko ditugun ikur eta lekuez jarduteko: Gernika koadroa, Guggenheim museoa, Arriaga antzokiaren 'Obabakoak' ekoizpena, Kukai dantza taldea... Adibide horien bidez identitatea eraikitzeko ditugun zailtasun eta moduak uzten ditu agerian. Ditugun konplexuak eta aukerak.

Itziar Ugarte kazetariak ere urteko hainbat gertakari josi ditu kultura transmisioaren gabeziez, memoria kolektiboaz eta euskarazko kultur ekoizpenaren ikusgarritasun eta prestigio faltaz aritzeko. Ahots, aipu eta gogoeten collage-a osatu du horretarako.

Bertsolaritzaren, literaturaren, musikaren, arte plastikoen zein arte eszenikoen, zinemagintzaren, ingurune digitalen eta euskal hedabideen inguruan irakurri ahalko dute Jakin aldizkariko irakurleek.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia