euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Eneko, Iñigo, Ignazio... (en El Diario Vasco)

29/07/2018

Eneko izen zaharretik Iñigo sortu zen Erdi Aroan. Umetan, santuak, San Ignaziok, Iñigo zuen izena, baina gero Ignazio bihurtu

Enlace: El Diario Vasco

Felix Ibargutxi. Laster da San Ignazio. Duela aste batzuk, 'De Engracia a Garazi. El misterio de los nombres en Navarra' liburua begiratzen ari nintzela, José Luis Ramírez irakaslearen artikulu honekin egin nuen topo: 'El legado del mundo clásico en la onomástica navarra'. Kantabriako Unibertsitateko irakasle ohi honek azaltzen du nolako sorrera izan zuen Ignazio izenak; hobeto esateko, nolako bilakaera gertatu zen Enekotik Iñigora, eta Iñigotik Ignaziora.

Aspaldi, Énneco edo Eneko izena zegoen, latina baino lehenagokoa. Iruñeko lehen erregeak Eneko zuen izena eta bada agiri bat, 842koa -«Ego rex Eneco concedo...»-, non erregeak Leireko monasterioari ematen dion Esako (Yesako) herria. Burgosko Oña herrian bada San Eneco edo San Iñigo delako baten jaiera eta esaten dute pertsonaia hori bertako monasterio bateko burua izan zela; baina Oñatik kanpo guztiz ezezaguna da santu hori.

Eneko hitzak utzitako arrasto batzuk: Necoechea hiria Argentinan, Enecuene etxea Andoainen, Enekuri auzoa Bilbon, Enekotegi abizena...

Latina higatzen eta erromantzeak sortzen hasi zirenean, hemengo erromantzearen fonetika-legeek aldaketa handi bat ekarri zuten: oso aspaldiko Énneco edo Eneko hura Iñigo bihurtu zen jendearen ahotan eta idazkietan.

José Luis Ramírezek dioenez, Iñigo nahiko deitura zabaldua zen Erdi Aroan, eta munta handiko pertsonaia batzuek Iñigo zuten izena, hala nola Iñigo Lopez de Mendozak (Santillanako markesa) eta Iñigo Lopez Rekaldekoak (San Ignazio).

Loiolako santuaren ponte-izena Iñigo izan zen. Alegia, horrelaxe bataiatu zuten. Horretan ez da zalantzarik. Baina Iruñean izandako zaurietatik sendatu eta Parisen ikasten ari zela, badirudi aldatu egin ziotela izena. Hango unibertsitateko 1528ko 'acta rectoria' delakoan, 'Ignacius de Loyola' grafiarekin aipatzen dute.

Loiolako Iñigok jakingo zuen, noski, bazela San Ignacio bat, Siriako Antiokia hiriko apezpiku izana, Jesukristoren apostolu zenbaitekin harremana izandakoa, eta II. mende hasieran erromatarrek hila, martiri moduan. Diotenez, santu honekiko miresmenagatik erabaki zuen Ignacio bihurtzea. Batek daki Iñigok erabaki ote zuen izena aldatzea, edo beste batzuek aldatu ote zioten, eta berak aldaketa ontzat hartu.

Zenbait adituk aspaldi-aspalditik esan izan dutenez, latinezko Ignatius-etik dator Ignacio deitura, eta oinarrian 'ignis' (sua) hitza legoke. Beraz, ponte-izenak 'sutsu' esan nahiko luke. Deituaren bigarren partean, batzuek 'natum' (jaioa) hitza antzeman dute, eta horientzat 'sutatik jaioa' esan nahiko luke. Etimologia polita, ezta? Politegia beharbada. Auskalo egia den.

Bada Gabriel María Verd izeneko jesuita, obra honen egilea: 'De Íñigo a Ignacio. El cambio de nombre en San Ignacio de Loiola'. Bertan dioenez, latinez Egnatius idazten zen, eta beraz, 'ignis' eta suaren etimologia hori ezinezkoa da.

Gero, Sabino Aranak bere Izendegia publikatu zuenean, Iñaki proposatu zuen Ignacioren euskal ordezkotzat. Eta orain urte asko ez dela, Euskaltzaindiak Ignazio grafia hobetsi zuen, Inazioren kaltetan.

Kontu hauekin bukatzeko, hona ideia pare bat garbi eduki behar direnak: Eneko izenetik Iñigo sortu zen; eta bi izen hauek ez daude ahaidetuta Ignazio eta Iñakirekin; batzuk eta besteak enbor banako adarrak dira.

'Ignite'

Egun hauetarako plana: Donostiako Ekain arte-galeriara joan eta Santos Bregañaren 'Ignite' erakusketa ikusi. Abuztuaren 31ra arte egongo da. Santuaren aurpegiarekin egin zuten hil osteko maskaran oinarritu da Bregaña. Lehenbizi argizariz egin zituen erreprodukzio batzuk, eta gero kandela moduan erabili, Iruñeko erakusketa batean, 2016an.

Pieza haiek erretzean oso itxura ezberdina hartu zuten. Suaren portaera, batzuetan eta besteetan, ezberdina izan baitzen. Ondorengo pausoa izan zen argizarizko hondar haiek batu eta Alfa Artera eraman, brontzezko kopiak egiteko. Eta hain zuzen ere brontzezko pieza horiek daude orain ikusgai Ekain galerian.

Noski, artelan hauen oinarrian lehen aipatutako metafora dago. Bregañak ontzat eman du Ignazio izenaren etimologia hain zabaldu hori, suaren ingurukoa, alegia.

Ignaziotar Bidea

Gai batetik bestera pasatuz: Ignaziotar Bidea, poliki-poliki, indar hartzen ari da. Badakite hori Urbiako fondan lanean ari direnek ere. Horietako batek, Aritz Altubek, hau kontatu digu aste honetantxe: «Gaur andaluziar batzuk pasatu dira hemendik. Azkeneko bi-hiru udaretan asko ugaldu dira beste bide hau egin nahi duten erromesak. Organizatutako taldeetan datoz gehienbat. Asko Holandakoak, Alemaniakoak, Zeelanda Berrikoak... baina badira asiarrak ere, batez ere Korea eta Filipinetakoak».

Urbiako fondan sartzean, bidaiariok aurpegi alaia ekartzen omen dute: «Bezperan Legazpitik gora joan dira, Biozkornako aldapa pasa dute, gero Arantzazura jaitsi eta hor lo egiteko. Goizean abiatzen dira Arantzazutik eta gurean 11k aldera sartzen dira. Badakite hemendik Araiara bide lasaia izango dutela, nahiko erosoa; Bizokornaren aldean, jolasa».



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia