euskalkultura.com

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Bernardo Atxaga, idazlea:«Ez da subjektu politikorik sortzen egungo eskoletan» (en Berria)

08/01/2017

Behin 60ak beteta norbera gauza askotaz jabetzen dela dio Atxagak. Nekeak eta kontrako indarrak badirela aitortu arren, ez dago geldi egoteko: 'Erlea' aldizkariaren 10. zenbakia, 'Lu eta Le' antzezlana, 'Harrien hiztegia' diskoa... eta datozenak.

Enlace: Berria

Gorka Erostarbe. Metaforak darabiltza elkarrizketan, hasi eta buka, modu zirkularrean, literatur narrazio bat sortzean bezala. «Euskal maskara» deitzen duenak kezkatzen du Bernardo Atxaga (Asteasu, Gipuzkoa, 1951); euskal kulturaren eta hizkuntzaren beraren egiazko errealitatea estaltzen duela dio. Gazte zela Andoaingo fabrika batean ikusitako makina handi matxuratuarekin alderatzen du errealitatea, eta mekanismoaren katebegi guztiak aztertu behar direla dio, urratsez urrats, «nahiz eta badirudien beti dagoela komikietako boxeo eskularru bat, zerbaitetan lanean hasi orduko, punch!, muturrekoa ematen dizuna».

Hotz egiten du Gasteizen. Gabon jaien hasiera da. Ignacio Aldecoa liburutegi publikoan hartu du aterpe. Maskararik gabe mintzo da, begirada eta tenple pausatuarekin, baina indar biziz. 

'ERLEA' - EUSKARA -HEZKUNTZ

Euskaltzaindiaren bultzadaz ekin zion Erlea literatur aldizkaria atondu eta zuzentzeari, 2009an. Geroztik, hamar zenbaki atera dituzte, eta bizi izandako esperientziatik ez du oso ondorio onik ateratzen: gehiago izango diren ez daki oraindik.

2015ean, zortzigarren zenbakia atera ostean, esan zenuen gizartearen harrera aldetik «frakaso» bat izan dela Erlea aldizkaria. Hamargarrenera iritsi zarete. Berdin pentsatzen duzu? 

Bai, hala pentsatzen dut. Erlea kaleratzea putzura harria botatzea izan da, eta ikusi dut oso uhin gutxi sortu duela.

Zer adierazten du uhin urritasun horrek? 

Aldizkariaz oso seguru nago ni. Aldizkaria oso berezia da bere horretan, obra bezala, ze ez da artikulu segida huts bat. Badauka barruan narrazio bat, kontzeptu bat, hainbeste sortzaileren lana. Sekzio batzuk erabat originalak dira. Nire ustean, aldizkaria ona da... 

Baina? 

Baina ez dago uhinik, ez dago oihartzunik. Gaur egun ez dauka lekurik horrelako aldizkari batek eta horrelako literatura batek, edo argitalpen merkantilizatu ez den orok, berdin literaturan edo musikan. 

Sortu zenuenean, hala adierazi zenuen: jakin nahi zenuela halako produktu batek lekurik ote zuen euskal komunitatean. Ondorioa, hortaz, ezezkoa da? 

Oso zalantzazkoa da behintzat. Horregatik diot frakaso bat dela. Nire ustez, urgentea da euskal testuen zabaltze moduak aldatzea erabat. Uzten baldin bada hori zirkuitu arruntean, ez da egiazko ondoriorik izango; agian elikatuko da etengabe lantzen ari garen euskal maskara, euskal adjektiboarekin irudikatzen den zera guztia, niretzat makillajea besterik ez dena. Durangok [azoka] elikatzen du, esaterako, maskara hori. Joseba Sarrionandiak esana da, Durangon bere saiakera bat 3.000 aletik gora salduta, gustatuko litzaiokeela erosketa horien jarraipena egitea. Alegia, gure gazte garaian Anaitasuna aldizkaria jende pila batek erosten zuen, baina oso gutxik irakurri. Dinamika berbera da.

Nola aldatu testuen zabaltze modu horiek? 

Munduko beste leku askotan bezala, irakurketa saio publikoak dira irtenbide. Zuzeneko saioak. Bi mila saio urtean, Euskal Herriko berrehun puntuko zirkuituan. Baina zaila da. Izan ere, nork jarriko dio zintzarria katuari? Nor arduratuko da plan orokorraz? Nola lortuko da udalak horrelako ekitaldietan inplikatzea? Arduradunak behar dira, lokalak, dirua. Eta gogoa ere bai, eta anbizioa. Asko eskatzea izango da, seguru asko. Joxean Sagastizabalek atera duen liburuan [Peru Apreta, mistikoa] zera dio, hemengo kristauek ez dakitela ia ezer kristautasunaz. Biblia irakurri ez dutelako, batez ere. Ba, gauza bera esan liteke euskaldun gehienei buruz. Euskal kulturaren ideiarik ez dute, eta, jakina, ez dute haren mirarik bilatzen.

Pentsa zitekeen inoizko egoerarik onena dela: inoiz baino jende gehiago dago euskaraz alfabetatua, gatazka armatuaren zama alboratuta norabide berean bultza egiteko egokiera... Non huts egiten du kateak? 

Ez dezagun aldez aurretik baloraziorik egin. Baina egin dezagun makina bat hondatzen denean egiten den bezala. Ni gogoratzen naiz gazte nintzela Andoaingo fabrika batean makina handi bat hondatu zela; lekuko izan nintzen nola konpondu zuten, lagun baten aitarena baitzen. Ikusi nuen makinaren pauso guztiak nola aztertu zituen, mekanismoak zituen urrats guztiak. Guk hori egin behar dugu, pausoz pauso aztertu. Eta hori egin behar dugu bi folioko txostenetan. Problemaren parte bat da egiten diren azterketen erretorika, betelana; sarri ideiarik ez, baina berba bai! Sumatzen ditugun arazo guztiak, pauso bakoitzeko, bi folio. Ideiak bi foliotan esan daitezke onak direnean. Txarrak direnean, askotan berrehun folio behar dituzte.

Zein dira, baina, zaindu beharreko pauso nagusiak? 

Bata da tamaina, gure merkatuaren dimentsioa. Baina horri lotutako arazoa ez da kuantitatiboa, batez ere. Ez dugu esan behar: «Ezin ditugu liburuak kopuru handitan saldu». Ez, barkatu. Hainbat liburu 20.000 ale saltzera iristen da. 20.000 ale salduta, literatura batek, erakunde batek, egile batzuek, herri batek egin dezake aurrera, oso lasai. Tamainak ez du eraginik horretan, nire ustean, baizik eta bigarren auzian: halako tamaina txikiarekin, halako perimetro urriarekin, ezinezkoa da kritika. Ezinezkoa da ideien kontrastea, ezinezkoa da egiaren esatea ere. Hori da gure arazo nagusia. Eta ez dakit nola ez den jendea gehiago konturatzen horretaz.

Zuk zer adieraziko zenuke bi foliotan, esaterako? 

Bi folio nahikoak nituzke hezkuntzan zer gertatzen den adierazteko. PISA txostenaren beharrik ez neukan hainbat gauzaz jabetzeko, nahiz eta ondo etorri den ur mediatikoak harrotzeko eta, tarte batez, arazo hori jendearen ezpainetan jartzeko. Baina zer gertatzen zait? Bada, ezin dut pausorik eman. Zergatik? Ez dut sartu nahi nire auzoarekin, ez dut arazorik eduki nahi nire familiako ez dakit norekin. Ez gara ari Arkansastik New Yorkeko teatro bat kritikatzen. Ari gara gure parean dagoenaz, eta horrek ez dio arnasarik ematen kritikari: ito egiten du. Kritikak behar ditu baldintza minimo batzuk: bakantasuna, espazioa... Ez naiz batere ari literaturari buruzko bigarren mailako diskurtsoez. Batere ez zait inporta hori. Hori gure gizartean oso fenomeno marjinala da. Ni ari naiz arazo politiko eta sozial izugarriez: bata, hezkuntza, eta bestea, hizkuntza.

Hel diezaiogun, bada, hizkuntzari. Gainditua zirudien euskara batuaren eta euskalkien arteko talkak, baina ahots zenbait euskara batuaren aurka azaldu da azkenaldian... 

Horrek adierazten du krisiaren sakona norainokoa den. Hori da erregresio bat eta jarrera erabat erreakzionarioa. Esaten da txerriak ikusten badu erreka bat korronte bizian, hara doala. Badauka halako atrakzio bat kaosarekiko, eta nik joera horiek hartzen ditut sintomatzat, krisiaren sakonaren sintomatzat. Azken finean da ergelkeria bat, ze planteamendu hori, hemendik hogei urtera, hogeita hamar urtera, da hizkuntzaren suntsiketa erabatekoa.

Zer gertatu da honaino iristeko? 

Aipatu izan dut, eta hitzaldi zakarren bat ere eman izan dut hizkuntza politika arduradunen aurrean, eta esan izan dut, oso modu errazean, folio erdian sartzen delako, hizkuntzarekin daukagun arazorik handiena itzulpenarena da.

Zehatzago esanda? 

Itzulpena da lan bat ia ezinezkoa. Horregatik sekula ez nioke errua botako itzultzaile norbanakoari. Bakarrik esaten dut gizarte batek, Jaurlaritza batek, botere publikoek antolatu behar dutela itzulpenaren kontua. Oraingo egoera erokeria bat da. Hor dugu puntu izugarri ahula eta kritikoa. Azken finean, txotx baten lodiera duen lekuan sartu behar dugu informazio masa izugarria. Eta ez naiz ari itzulpen literarioez, hori amateurren kontua da ia; geuk egiten dugu. Baina besterik da biologiako testu bat, milaka haurrek irakurriko dutena, edo errotulazioak, edo administrazioko testuak... Itzulpenarena estatu auzi bat da: behar luke aparteko kontseilaritza bat, eta behar bezala antolatzeko plan orokor bat. Eta azpigai bat litzateke nora bideratuko ditugun itzulpenaren indarrak: izango ditugu udaletxe eta bulego burokratikoetan urrea hautsa bihurtzen? Edo jarriko ditugu, esate baterako, Wikipedia itzultzen? Agian komeniko litzateke denak eraikin erraldoi batean elkartzea, eta egiten hastea lan ezinezko hori. 

Erlea-ren asmoen artean bazen Euskaltzaindiaren eta gizartearen arteko zubilana egitea ere. Nahiko aldenduak dirudite. 

Euskaltzaindiak, nire ustez, egiten du gizartearekin lan bat. Ez dakit abertzaleek estimatzen dioten merezi adina, baina Euskaltzaindia da erakunde bakarra zazpi probintziak aintzat hartzen dituena. Oso harrituta nago, Euskal Herrian aberria gora eta aberria behera nola ibiltzen garen baita harriak aspertu arte ere... baina halakoak onura bat dagoenean erabiltzen dira batez ere, hauteskunde garaian, eta gero, errealitatean, benetako garaian, gehienak dira probintzialistak. Niri hori erregresio bat iruditzen zait, eta erreakzionarioa. Euskaltzaindiak berak hori behintzat zaintzen du, eta Erlea-k berak ere bai. Euskaltzaindiaren autoritatea indartu aldekoa naiz ni. Ni hala nago. Zentralizazioaren ideia ona litzateke Euskal Herriarentzat. Ez da posible egotea taifa erresuma bat, eta denak burutik jota egotea.

Zailtasunak zailtasun, hamar zenbaki atera dituzue. Besterik izango da? 

Garbi esango dut: azkenengo datuen zain nago. Ikusten baldin badut aurreko guztien ildotik joan dela... gizarteak ez badu nahi, ez badu behar, ez daukat arazorik bere horretan lagatzeko.

Zer kopuruz ari gara? 

Nola ez dagoen kritikarik, nola ez dagoen debate eta barne kontrasterik, datuen falta dago. Maskarak ez du daturik maite. Maskararekin egiten dugu «asko saldu da», edo «gutxi saldu da»... Nahiz eta gezur txikiak esaten dizkidaten, nik ez dut uste laurehun aletik gora saltzen dugunik.

Gustuen eta kontsumoaren atomizazioak izan dezake eraginik horretan? 

Bai, dudarik gabe. Etorkizun honetan iraganeko gauza askok ez dute zentzurik. Erlea-k ez zentzurik izatea, ez da halako arazoa ere, tira. Minoria batentzat da, eta gero ere izan daiteke, baina, esate baterako, eskolak sekulako arazoa dauka. Gaurko gazteak, batetik bizi dira mundu zoragarri batean. Mundu guztian bizi dira, dena dute eskura. Japoniako neska batek makillajeari buruz egin duen tutoriala ikusten dute Zalduondon. Alde batera, izugarrizko tresna da, bizimodu kreatiboa asko laguntzen du; baina modu horretan ez dago balio transmisiorik... Ez da hiritarrik egiten, ez da gizon-emakume politikorik egiten, eta, beraz, gizartea ikusten dut flotazioan bezala, arina... Zer egin du eskolak? Botereak? Ez zaio interesatzen pertsona politikoak egotea, pentsatzen dutenak, nortasuna dutenak, zoon politikon-ik. Oso inkomodoa baita aldamenean izatea kritika egiten dizun norbait. Eskolak eta botereak egin du jakintza instrumentala bideratu. Entretenituta daude haurrak, sortzeko ere tira, moldatzen dira, baina ez da subjektu politikorik sortzen gaur egungo eskoletan.

'DONOSTIA 2016' - IKUSGARRITASUNA

Donostia 2016k bi lan enkargatu zizkion. Korrespondentziak egitasmoan parte hartu du, Bashkin Shehu idazle albaniarrarekin gutun trukea eginez, eta Lu eta Le antzezlana idatzi zuen, Xabier Lete eta Lurdes Iriondoren figuretatik abiatuta.

«Hiltzea ikusia ez izatea da», idatzi zuen Fernando Pessoak, eta arrazoi zuen, bete-beteko existentziarik ez baitago auzoaren aitorpenik gabe, irudia itzultzen digun beste bat gabe», diozu Baskhim Shehuri idatzitako lehen gutunean. Ikusezintasunaren auzia erabakigarria da zuretzat? 

Niretzat ez da zalantzarik: ikusia izateak, besteak zu ikusteak dakar onarpena, balio bat ematea. Oinarrian ikusgarritasuna dago. Hori gabe, dagoena da ezereza. Nire lehen erreflexua beti izan da sinestea, oso inuzentea izan naiz, eta urte askoan pentsatu izan dut zerbait aitortzen zuenak hala jokatuko zuela, baina jende mordoa ikusten dut aitortzen duen hori praxian jartzen ez duena. Euskararekin ere batzuetan inpresio siniestro hori jaso dut. Batzuetan iruditzen zaizu oinak harri sendo baten gainean jartzera zoazela, eta jartzen dituzu oinak, eta konturatzen zara kolokan dagoela harri hori, bereizi delako maskara eta errealitatea. Oraindik ere ez da egon Eusko Jaurlaritzako politikari bakar bat ere, oporraldi garaian-edo zein liburu irakurriko duen galdetuta, euskarazko bat aipatu duenik. Hori da maskara. Hori lapsus da, ez dira konturatzen zer esaten ari diren. Maskarak dena nahasten du. Ez dugu ahaztu behar lagun omen diren denak ez direla lagunak. Gogorra egin zait hori ulertzea.

Zein ez dituzu lagun sentitzen? 

Esate baterako, Jabier Muguruzak eta biok umeentzako disko bat atera nahi genuen. Jo zuen Muguruzak ikastolatarrengana, eta ez zioten aurrerabiderik eman. Jo zuen kutxatarrengana, eta berdin. Orduan esaten duzu, «nire ustean hauek lagunak nizkian», baina ez dira lagun. Azkenean, Muguruzak berak atera behar izan du Harriaren hiztegia delakoa. Laguntza bakarra Mikel Laboa katedrak eman zuen. Bi mila eurokoa, oker ez banago. Eta horregatik egiten dut, adibidez, Donostia 2016ren balorazio positiboa...

Zuen lana ikusgarri egiten lagundu du Donostia 2016k? 

Tira, ikusi gaituzte, balioa eman digute, lana eman digute, eta sortu dituzte gure bidez produktu batzuk, norabide oso onean. Izan dira kide eta lagun. Akaso kutxatarrek eta ikastolatarrek beste plan batzuk dituzte guretzat, eta jarri nahi gaituzte geranioak bezala beren festetan...

Zuk Kutxari eta Ikastolari egozten diezun horixe egotzi dio zenbaitek Donostia 2016ri; kultura jolas parke bihurtzea, alegia. 

Niri injustua iruditzen zait kritika hori, baina, esan behar dut, besteak bezala, nire partikulartasunetik eta esperientziatik ari naizela. Kritikari eskatu behar zaio zehatza eta konkretua izatea. Nik fede handia diot ikusi eta bizitakoari, eta nik hori bizi izan dut. Gainera, beste kontu bat dago: gauza bat da ekitaldia bera zer izan den, edo Erlea aldizkaria zer izan den, eta bestea da zer ikusarazi nahi den, fenomenoa. Eta ikusi da probintzialismo erabatekoa hemen ere. Bilboko hedabide nagusiek egin diete uko Donostia 2016ko kontuei. Eta, Madrildik ere, mutis erabatekoa egin da, bakearen eta bizikidetzaren esparru arriskutsu horretan sartu zelako Donostia 2016. 

Urteetako zure jarduerari erreparatuta, zenbaitek laudatu izan dizun horixe, euskal literatura ikusgarri egitea eta nazioartekotzea, kritikatu izan dizu beste hainbatek. Azkenaldian mundu akademikotik egin dizuten kritika da batez ere kanpora begira aritu izana literaturgintzan. 

Ez ditut oso aintzat hartzen. Egin dizkidaten kritika horiek kalumniaren kategorian kokatzen ditut. Badakit, Biblia irakurritakoa naizelako, kalumnia dela belarrientzako goxoki bat. Horren aurka egitea ia ezinezkoa da; esan dezakedana da ni Euskal Herrian barrena gora eta behera, ezker eta eskuin ibili naizela, hitzaldiak emanez, irakurketak eginez, aurkezpenak eginez... Mesedez, errespetu bat. Hor daukadan min bakarra da, eta harritu nauena da, nola litekeen horrelako kalumnia plazaratu eta, nire jarduera ezagutzen duen hainbatek nola ez duen txintik ere esan, nola ez diren atera ni defendatzera. «Berrogei urte euskal militantzian, eta gero hau!», pentsatu nuen.

Kritika hori egin dizute, sarri, Ramon Saizarbitoriaren jarduerarekin kontrajarriz. Zer iruditzen zaizu binarismo hori sortzea? 

No comment. 

IZEN PROPIOAK ETA ESPEKTROA

Egun bogako dago transmisio kontzeptua; Lurdes Iriondo eta Xabier Leteren figurak aldarrikatzeko behar batetik sortua da Lu eta Le antzezlana?

Transmisio kontzeptua oso modu desegokian erabiltzen dela iruditzen zait. Horren atzean dagoena da arrazoi ekonomiko-administratibo bat. Hori asmaketa bat da, eta enbarazu besterik ez du egiten. Hor auzia da, bizi dugun etorkizun honetan, garai global honetan, ze harreman ezartzen dugun tradizioarekin. Tradizioa hartu, ondarea hartu, eta hori berritu egiten duzu. Beti egiten dugu lan tradizioarekin. Lu eta Le izan da tradizio bat hartu, kasu honetan oso hurbila, oso eskura eduki dudana, ezagutu dudana, eta beste zerbait egitea. Eta egin dezakezu alde, kontra, saihetsetik, komikoa egin dezakezu, dramatikoa...

Zaintzen da tradizioarekiko lotura hori?

Ez. Gure liburutegietan, esaterako, ez badago tradizioarekiko lotura hori, zer pentsatzen dute gure gazteek? Ez dagoela ezer. Edo euskaraz dagoena dela sufriezina, antigoalekoa. Eta paradoxa da hori gezurra dela, badaudela dagoeneko gauza zoragarri asko gure literaturan, gure musikan, eta nola ez dugun hori hartzen aintzat, ez gizarteak, baina, batez ere, ezta agintariek ere. Eskoletako liburutegiak, adibidez, ez lirateke egongo dauden bezala kontuan hartuko balute tradizioarekiko lotura, eta egongo lirateke agian Castillakoak bezala... baina hain gara harroak gu... eta bileratik bilerara gabiltza beti. Gauza bat da bilerak egitea eta beste bat lan egitea. Agintariei esango nieke «ez ezazue hainbeste bilera egin, eta zoazte, adibidez, Zamorara, eta galdetu nola egiten duten han!».

Nola egiten dute, bada? 

Liburutegia oso espazio bizia da Zamoran. Ikasleek gai bat lantzen badute, esaterako, fotosintesia, haren inguruan antolatzen dute liburutegi osoa. Eta irakasleek ere astero-astero denbora bat irakurketari eskaintzen diote ikasleekin batera.

Donostia 2016rako propio sortu zenuen Lu eta Le. Izango dira emanaldi gehiago?

Bai, egingo dute Andoainen, Iruñean, Bilbon... Baina badakit proposamen teatral exijentea dela. Modu greziarrean planteatua dago, katarsi baten bila bezala. Umorea da, baina da umore oso beltza. Hala ere, obra hau dago nire muin-muinean. Ni orain hau naiz. Lehentxeago hasi nintzen tonu horretan idazten. Hiru ipuin atera nituen Txoriak kolpeka liburuan, eta haietako batekin aldaketa moduko bat eman nuen. Andoniren heriotza LSDaren argitan ipuina zen. Testu espektrala zen hura, eta Lu eta Le ere espektrala da; hemendik aurrera ere, hortik joko dut. Ez da izan pentsatutako zerbait: etorri egin da. Bat-batean konturatu naiz aldatu egin zaidala burua, edo zerbait, bizitzak eraginda. Nobela bat ere idatzi nuen erdiraino-edo, dibertigarria edo izan zitekeena, baina utzi egin nuen. Aurrerago helduko diot akaso. Orain beste bat hasi dut, eta espektrala hura.

Zer esan nahi duzu, zehazki, espektrala diozunean? 

Lu eta Le-n azaltzen dira bi androgino. Espektroetan ez dago ez mutil ez neska, ez katoliko, ez ezer... bi androgino eta panpina menina bat. Eta ikara ematen du. Jendeak ikara pasatzen du. Segituan konturatzen zara ez direla humanoak, humanitate orotik harago daudela, jainkorik ez dagoela... Heriotza azaltzen da. Eta umorea dauka heriotzak. Heriotzari buruzkoa da. Prosa guztia behintzat hortik doakit orain. Eta poesian, bestelako zerbait gertatu zait. Orain alaia ateratzen zait. Gertatu zait Muguruzak diskorako eskatu zizkidala letrak, eta hasi eta denak umorezkoak ateratzen zitzaizkidan...

Kultur munduarekin dituzun nekeak arintzeko baliagarri izan zaizu Harrien hiztegia disko-liburua? Musika eta haurren mundua batzen direlako? 

Literatur ika-mikak eta horiek nire bizitzan dira kondar bat, ez naute batere ardura. 65 urte ditut, eta jada bizitzaren albo batean bezala sentitzen naiz. Egin behar dudana da datorkidana jaso, eta gero hori aterako zait batzuetan umore ukituarekin, besteetan espektro bilakatuta, edo edonola.

Ez zintuen ezustean harrapatuko Joseba Sarrionandiaren argazki publiko berriak, ezta? 

Ez, ez [barreak]. Asko gustatu zitzaidan Argia-n atera zuten umorezko albiste moduko bat esanez Bilboko BECen egin beharko litzatekeela Sarrionandia ezagutzen zuten guztien arteko afari bat.

Esan izan den moduan, balioko du Sarrionandiaren mito izaera eraitsi eta hezur-haragizko idazlea berreskuratzeko? 

Oso seinale ona litzateke, baina kontrako indarrak ere handiak izango dira. Maskara orokorrari eusten diotenek behar dituzte euren mitoak. Gure maskararen mitoen sortzaileen eta korporazio handien jarrerek antzekotasun handiak dituzte. Korporazio handiek celebrity-ak erabiltzen dituzte, eta ez dakit nolako modelo supersonikoak... eta atzean petrolio enpresa nazkagarri baten irudia dagoela ohartzen zara. Guk ere mitoak sortzen ditugu. Josebaren [Sarrionandia] kasuan, gainera, ia perfektua izan da mitoa; espetxeratua, nola ihes egin zuen, gero non egon den... Eta pentsatzen dut beretzat hori arazo bat dela; itxi egiten du berekiko ikuspegia. Agian bakarren batek ikusiko du tabernaren batean habanera bat kantatzen eta galarazi egingo dio, mitoek ezin baitute habanerarik kantatu. Oso interesgarria izango da bilakaera jarraitzea. Eta nik konfiantza badut, oso poeta ona iruditzen baitzait.

Poeta batez ere?

Poeta handia, behintzat, eta niretzat sorkuntzaren eskaileran gorenekoa da poesiarena; poemak idaztea erraza da, baina poeta ona izatea oso zaila, eta bera bada. Gero bere pentsamenduarekin, bere saiakerekin batzuetan ados nago eta besteetan ez; ez nuke erabat besarkatuko alde horretan.



« anterior
siguiente »

PUBLICIDAD

Últimos comentarios

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia