euskalkultura.com

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Aldaketaren bidetik, Askapena: Hiru hamarkada bete dira Askapena joan-etorriko elkartasuna sustatzen hasi zenetik (en Berria)

08/10/2017

Hiru hamarkada bete dira Askapena joan-etorriko elkartasuna sustatzen hasi zenetik. Urteurren hori ospatzeko, dozenaka lagun elkartu dira erakunde internazionalista horren aldeko jaian.

Enlace: Berria

Naiara Elola. Nikaraguako mugimendu sandinistak hainbati barnean eragindako astinaldiaren eraginez sortu zen Askapena erakunde internazionalista, 1980ko hamarkadan. Ordutik, kideen irudiko, botereak, ekonomikoak batez ere, herri xehea kolpatzen jarraitzen du, «modu sotilagoan» bada ere. Hala, erakundearen aldarriek indarrean diraute. Atzo, Berriozarren (Nafarroa), dozenaka lagun batu ziren Askapenak 30 urte egin dituela ospatzeko. Jai giroarekin batera, mugimendu internazionalistaren «zilegitasuna» aldarrikatu zuten.

«Gora Askapena!» esanez hasi zuen emanaldia Porrotxek. Egun osoan izan ziren ekitaldien artean, lehenengoa izan zen pailazo ileurdinarena. Berriozarko Euskal Herria plazan jarritako karpa irrien lagunez bete zen. Txikiez gain, helduak ere joan ziren saiora. Albotik begira zeuden gehienak, nahiz eta Porrotxek dantzatzeko eta kantatzeko gonbita sarritan egin zien. «Zatozte zuek ere gurekin dantzatzera!», esan zien behin baino gehiagotan, baina ez zioten jaramonik egin.

Haurrentzako emaldia zen une berean, karparen kanpoaldean, lagun talde bat sueltoan ari zen dantzan. Gehienak euskal herritarrak ziren, baina baziren bi emakume saharar ere. Ane Saez ere aritu zen dantzan. Pieza bat amaitu eta galdezka hastean, hunkituta zegoela aitortu zuen. «Dantza, azkenean, adierazpen unibertsala da. Herriak batzen gaituen adierazpena».

Behin bi emanaldiak amaituta, ekitaldi politikoari ekin zioten. Askapenako kide eta jarraitzaileekin lepo bete zen Berriozarko kultur etxeko areto nagusia. XX. eta XXI. mendeko gertakari historikoak errepasatzen zituen bideo batekin hasi zuten ekitaldia. Gernikako bonbardaketa, Hiroshimako eta Nagasakiko bonba nuklearrak, Israelen sorrera, Kubako Cochinos badiako inbasioa, Burgosko Prozesua, Txileko Estatu kolpea eta Afganistanen inbasioa ekarri zituzten gogora bideo horren bitartez. Horrekin batera, «gizarte patriarkalak eta kapitalistak zokoratzen dituen emakumeei eta batez ere emakume internazionalistei» aipamen berezia egin zien Izaskun Goienetxea Askapenako kideak. Herrien arteko zubien eraikuntzan, gizonek adinako ekarpena egin arren, emakumeek jasotako aitortza «askoz ere txikiagoa» dela salatu zuen. «Gora borroka feminista!» oihukatuta, areto osoa zutik jarri, eta behatzekin hiruki bat eginez Zutik emakumeak abestia abestu zuten albo batean, emakume internazionalista esanguratsuenen irudiak marraztutako pankarta zabaldu zuten bitartean. 

Atzokoaz eta gaurkoaz

Aldarriak aldarri, Walter Wendelin Askapenako kide historikoak errepasoa egin zion 30 urtean erakunde internazionalistak egindako ibilbideari. Behin baino gehiagotan eten behar izan zuen hitzaldia, entzule hunkituen txaloak zirela eta. Besteak beste, Nikaraguako mugimendu sandinistaren ondotik munduan izan diren aldaketak nabarmendu zituen. Beste behin, indibidualismoan, kapitalean eta herrien zapalkuntzan oinarritzen diren politikak salatu zituen. Egoera sarritan «etsigarria» izan arren beste mundu ikuskera bat hedatzea posible dela nabarmendu zuen. Izan ere, duela hiru hamarkada abiatutako herrien eta, hein berean, herri txikien saretzearen bitartez iritsiko da aldaketa, Wendelinek esan zuenez. Hala ere, gogora ekarri zuen «boterearen judizializazioaren bidetik» Askapenak jasandako jazarpena. «Oztopo guztiak gainditu ditugu, baita ilegalizazio saiakera ere. Nahi ez duten arren, indartsu jarraitzen dugu».

Indar horren adierazlerik garbiena da atzo Berriozarren jaian eta aldarrian bildu ziren lagunak. «Herrien arteko samurtasuna» aldarri nagusi hartuta, ekitaldi politikoaren ondotik, mahai baten inguruan batu ziren guztiak. Che Guevarari egindako omenaldiarekin amaitu zuten eguna. Bihar beteko dira 50 urte Ernesto Guevara ekintzailea hil zutela, Boliviako La Higueran.



« anterior
siguiente »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia