euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Oskia Karrera: «Gure belaunaldiak eta hurrengoak ez dute atsotitzik erabiltzen» (from Berria)

10/31/2018

Atsotitzak izan ditu hizpide Karrerak bere bigarren liburuan. Hitzak eta argazkiak uztartu ditu lanean, atsotitzak «errazago» uler daitezen, eta egunerokoan erabilgarriak direla erakusteko.

Link: Berria

Ane Ubegun Goikoetxea. «Atsotitzek herriaren jakinduria islatzen dute». Hala dio Oskia Karrera argazkilariak (Tolosa, Gipuzkoa, 1969). Atsotitzak argazkitan izeneko liburua argitaratu berri du; haren bigarren argitalpena da, eta Tolosako Lizardi elkartean aurkeztu zuen asteartean liburua. Elkarte horren babesa jaso du lana egiteko. Aurtengo Durangoko (Bizkaia) Azokan bere txokoa izango du Karreraren lanak.

Aurreko lanean eskuak landu zenituen; oraingoan, atsotitzak izan dituzu hizpide. Zergatik?

Iruditzen zait gure hizkuntza oso polita dela, eta atsotitzen gaia belaunaldiz belaunaldi jaso izan dugu. Gai horrek herriaren jakinduria islatzen du, eta, momentu honetan, etenaldi bat ikusten dut transmisio horretan. Nire izebak eta ingurukoek asko erabiltzen dituzte, eta, gaur egun, gure belaunaldiak eta hurrengoak ez dituzte erabiltzen; atsotitzak berreskuratzeko ahalegin bat da proiektua.

Nolatan otu zitzaizun atsotitzak argazkiekin uztartzea?

Iruditzen zait idatzizko zerrenda batean zaila dela atsotitz baten erabileraz jabetzea, eta baita erabilera hori bultzatzea ere. Askoz errazagoa da zure inguruko egoera bat islatzen duen argazki bat ikusita atsotitza bera ulertzea.

Euskal Herriko ohiturak freskatzea eta berriro ere erabiltzea izan da beste helburu bat?

Gure herriaren izaera, herri gisa, berez azaltzen da atsotitzetan, eta ez naiz hori erakusten saiatu. Esan bezala, erabilgarrienak aukeratu ditut, eta hor nahi gabe ikusten da gure kulturak nolako garrantzia ematen dien gai batzuei. 

Nondik hartu dituzu atsotitzak? 

Entzuten ditudan eta ezagunak diren atsotitzak erabili ditut. Horretaz gain, Gotzon Garate euskal idazle eta hizkuntzalariaren datu basea erabili dut.

Aurkezpenean esan duzu zenbait atsotitz zaharkituta gelditu direla egungo bizimoduan erabiltzeko. 

Aukeraketa egiteko kontuan hartu dudana izan da nik neuk zein atsotitz erabiliko nituzkeen, eta nire inguruan zein iruditzen zaizkidan erabilgarri. Santutegiak, eguraldia, eltzea eta halako tresnak eta abar asko aipatzen dira atsotitzetan, baina, egun, guk ez dugu halako harremanik gai horiekin, ez ditugu hainbeste erabiltzen. Halakoak baztertuz joan naiz. Atsotitz gehiago sartuko nituzke; batzuk kanpoan gelditu dira, baina tira.

Lehenengo lanean bezala, Tolosako jendeari eskatu diozu argazkietan ateratzeko?

Oraingo honetan, inguruko edota gertuko jendea azaltzen da argazkietan. Lehenengo lanean eskuaren hizkuntza, gizartea eta Tolosako jendearen lagin bat hartu nahi izan nuen; kasu honetan, ez dut halakorik nahi izan, eta jende egokiaren bila aritu naiz egunerokotasunaren irudi horiek sortzeko.

Aipatu duzu liburua baliagarria izan daitekeela euskara ikasten ari diren horientzat.

Bai. Atsotitzak ulertzeko, gogoratzeko, hauspotzeko... balio dezake. Dagoeneko atsotitzak ezagutzen dituztenentzat erabilgarria da liburua, baina baita ezagutzen ez dituztenentzat ere, atsotitza bera ulertzeko modu ona baita.

Ez zen erraza izango erabakitzea zer argazki atera atsotitz bakoitzarentzat.

Hori egia da. Batzuetan ez dut lehenengoan asmatu, eta ingurukoei galdetu behar izan diet ea ulertzen zuten argazkiaren eta atsotitzaren arteko lotura ala ez. Argazki batzuk berriz egin behar izan ditut.

Aurreko argitalpeneko argazkiak zuri-beltzean dira. Oraingoan, aldiz, kolorea da nagusi. 

Kasu desberdinak dira. Aurreko kasuan, keinuari garrantzia emateko, ahalik eta informazio gehien kendu nahi izan nuen: kolorea kendu nuen, arreta asko bereganatzen zuelako, eta keinua zelako benetan indartu nahi nuena. Oraingoan, ordea, irakurleak bere egunerokotasuneko argazki bat ikusi behar du, eta hori koloretan da.

Garrantziaren arabera erabaki duzu hurrenkera?

Paisaiak eta jendea azaltzen diren argazkiak tartekatzen saiatu naiz, kopuruan berdintzen.

Argazkien arabera egin duzu, beraz.

Bai, egia da. Niretzat ordena oso garrantzitsua da lan batean: gaizki eginez gero, lana erori egin daiteke, pelikuletan gertatzen den bezala. Arriskutsua da irakurleak arreta galtzea.

Baduzu beste proiekturik buruan?

Baditut ideiak, eta asko gustatzen zait gai baten inguruko lanak egitea, baina atseden hartuko dut denboraldi batez.

Euskara lantzen jarraituko duzu?

Nire lanak beti izango dira euskaraz; hurrengo lanak ere ildo beretik joango dira.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia