euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Omenaldia Joxan Artzeri: Ttakuna ez da izan herrena (from Berria)

06/17/2018

Joxan Artzeren omenezko hainbat ekitaldi egin dituzte Usurbilen, idazlearen jaioterrian. Eguerdikoan herriko talde ugarik parte hartu dute, musika, dantza eta hitzak tartekatuz.

Link: Berria

Urtzi Urkizu. Askatuko zaituen zai bazaude, zaude lasai, zaude ziur askatuko zaituela, kateak itsusiak baitira hilotzaren gorputzean». Joxan Artzeren hitzak abesten ari da Usurbilgo Kantu Taldea, herriko pilotalekuan. Joxan Artze oroituz ekitaldian, olerkariaren jaioterriko talde ugari ari dira parte hartzen. Mikel Laboaren alarguna, Marisol Bastida, entzuten ari da. «Joxan, bakean bego», esan du mikrofonoetatik aparte. Joserra Furundarenak, antolatzaileetako batek, aipatu du hainbat adinetako herritarrek parte hartu dutela idazlearen omenezko ekitaldietan. «Artzek denongan utzi zuen arrastoa, baina arrasto hori bakoitzak barrutik oso desberdin bizi genuen».

Usurbilgo (Gipuzkoa) pilotalekua jendez beteta dago. «Dakienak badaki/ nora dihoan jakiteko/ behar duela/ nondik datorren jakin». Artzeren olerkiak irakurri dituzte Yolanda Arrietak eta Ugaitz Agirrek. «Bizkaitarra, bizkaitarra! Ez utzi bizkaieraz hitz egiteari», esaten zion Artzek Arrietari topatzen zuen aldiro. Dezente gazteagoa da Agirre: «Balkoitik ikusten nuen Artze pasioan, miresmena nuen harekiko, eta gaurkoan parte hartzea hunkigarria da».

Txalapartaren ttakunarekin hasi eta bukatu da eguerdiko ekitaldia. Amaia eta Ixabel Zuaznabar txalapartariei sentimenduak nabari zaizkie begiradan. Belarriak tente ditu Arkaitz Martinez de San Vicentek, Oreka TX taldeko txalapartariak: «Txalapartan begibistako iraultza izan ziren Joxan eta bere anaia, transformazio bat. Txalaparta sentitzeko modu berezi bat zuten, dantza ematen zuen». Dantzarako tarterik ere ez da falta izan ekitaldian.

Nora Pagolak 9 urte ditu, eta haren ahots gozoan entzun da Gure bazterrak. «Maite ditut maite/ geure bazterrak lanbroak/ izkutatzen dizkidanean...». Maitasunezko keinuak zituen bizilagunentzat Artzek. Hala oroitu du Isidra Navarrok: «Eguzkia bezain maitekorra zen. Mendira zihoala, beti gerturatzen zen gure etxera besarkada bat ematera».

Harria elkarrekin mugitu

Artze ezagutu zuten makina bat herritar bildu da pilotalekuan. Mikel Usabiaga Zaldibiakoa (Gipuzkoa) da, eta gaztetan iritsi zen Usurbilera bizitzera. Artze bizilaguna zuen. «Euskal bideetan jarri gintuen gizona izan zen», oroitu du. «Zenbaitetan, gazte talde bat antolatzen zuen herrian, harria mugitzeko. Soka handi batekin agertzen zen, eta denon artean harria mugitu behar genuela esaten zigun». Metafora bat zen. «Bakarrik ezin da», errepikatzen zuen olerkariak.

Aurkezle lanetan Idoia Torregarai ari da, Noaua kultur elkarteko lehendakaria. Esaldi batekin definitu du Artze: «Outsiderra zen, beste plano edo dimentsio batean bizi eta sortzen zuelako».

Pilotalekuaren albo batean, Artzeren omenezko hitzak idazten ari dira erregistro liburu handi batean. Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkate ohi eta EH Bilduko diputatu ohia ari da liburua zaintzen. «Doinuarekin, soinuekin, hitzekin erakutsi dizkigu mundu honen altxorrak, gure eguneroko martxan konturatzen ez garen altxor horiek», uste du Errekondok. Zakilixut marraztu du liburuan Antton Olariagak. Laguna zuen Artze, eta esan du zortea izan zuela Ez Dok Amairu-ren garaitan ezagutzeko: «Mugarri bat izan zen, arlo askotan».

Ez Dok Amairuko garaiko beste lagun bat ere gogo biziz ari da kasu egiten ekitaldiari: Jose Antonio Villar. «Pentsamendu ezberdinetan ezagutu nuen Artze. Baina bizitza koherentea izan zuen, aldian aldiko pentsamenduari jarraituz».

Ekitaldia ikusten ari direnek Jose Luis Zumetaren afixa dute aurrez aurre. Justo Caminok, bere adinaren eskarmentuarekin, Zumetaren aita eta Artzeren aita aipatu ditu oroitzapenetan. Harakina zen olerkariaren aita, eta Joxan harategian ere aritzen zen lanean. «Belar metari buruz egiten zizkidan galderak Artzek», dio Caminok. Herritar batek baino gehiagok aipatu dute olerkaria galderak egin zalea zela. Hala esan du Ixabel Agirresarobe ipuin kontalari eta aktoreak: «Galdetu egiten zuen asko, interesa erakusten zuen». Furundarenak gogoratu duenez, «konektatu» egiten zuen jendearekin.

Xabier Arregi Usurbilgo alkateak hitz sentituak egin ditu ekitaldian. «Badugu herrian konplizitate isila egilearekin. Ezinbestekoa da gure herri iruditerian». Alkatearen arabera, idazleak naturako elementuak olerkietara eramaten zituenean Usurbil ari zen jasotzen.

Arantxa Ansak aurreskua kantatu du, indartsu, eta Orbeldi dantza taldeko gazte bat aritu da dantzan. Horren ostean, Zumetaren afixa eta lore sorta bat eman diote Carmen Zabaletari, Artzeren alargunari. Pilotalekuan diren guztiek Txoria txorikantatu dute. Hunkitu egin da herria.

Arratsaldean, Joxan Artze partekatuz ekitaldia iritsi da. Eta gauean, Joxan Artze biziz. Biziz eta sortuz oroitu dute idazlea jaioterrian, ageriko maitasunez.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia