euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Laida Begiristain Apaolatza, Maizpideko zuzendaria: «Herriak asko eman dio Maizpideri beti, eta nabaritzen da hori» (from Berria)

04/18/2018

Begiristainek nabarmendu du euskararen erabilera bultzatzeko plan estrategikoak behar direla; instituzioen inplikazioa eskatu du, eta ohartarazi du elkarlana «behar-beharrezkoa» dela.

Link: Berria

Maialen Unanue Irureta. Sei hilabete daramatza Laida Begiristain Apaolatzak (Ataun, Gipuzkoa, 1983) Maizpide barnetegiko zuzendari, Lazkaon (Gipuzkoa): barnetegiak 30 urte bete ditu, eta ospatzeko pronto daude. Gaur, mahai ingurua egingo dute Euskararen indarra eta balioa izenburupean: 19:00etan izango da, Marian Bidegainekin, Andoni Egañarekin eta Garbiñe Mendizabalekin.

Jarri duzue sagardoa freskatzen?

Bai! Hozten ari da jada [barreak].

30 urte ez dira alferrik pasatzen, ezta? 

Ez dira pasatzen, ez: Maizpide munduko lehenengo barnetegia da! Hala ere, eraikina 1988an estreinatu bazuten ere, egia da aurretik aitzindari asko izan zirela Lazkaon: askoz lehenago hasi ziren euskalduntze eta alfabetatze mugimendua.

Zuzendaria zara orain, baina irakaslea izan zinen aurretik, ezta?

2015-2016ko ikasturtera arte aritu nintzen irakasle, eta 2016-2017koan zuzendaritza taldean sartu nintzen, didaktikari lanetan. Iazko irailean hartu nuen zuzendari postua, baina ordurako zuzendaritzan urtebete egina nuen, eta egiten hasia nengoen ikusten ez diren atzeko lan horiek. Horrek asko erraztu dit lana, zerotik ez hasten.

Zeintzuk dira ikusten ez diren lan horiek?

Ez du ematen, baina asko dira. Badirudi irakasleak baino ez direla behar, baina barnetegia izanik, postu gehiago ere badaude: idazkariak, sukaldariak, garbitzaileak, gauzaina... Zuzendaritzan denetik egitea tokatzen zaigu: 30 langileren bueltan gara, horrek esan nahi duen guztiarekin; barneko kontuez gain, bestelako erakundeekin harremanak egitea egokitzen zaigu.

Nahiko lan baduzu, beraz...

Nahiko lan, bai. Jarraitzen dut online-ko ikasle gutxi batzuekin, baina egia da faltan sumatzen dudala eskolak ematea. Zuzendaritzako hirurak irakasleak gara, eta ordezkoren bat behar denean beti gaude prest, baina gero konturatzen gara ezin dugula hain aise utzi beste lana, kudeaketa, hori ere egin beharrekoa da eta.

Barnetegia izanik, ikasleen eta irakasleen arteko harremanak estuak izango dira, ezta?

Askoz estuagoak. Azken batean, ikasleek barnetegian sei klase ordu dituzte egunero. Horrez gain, hainbat ekintza antolatzen ditugu beraiekin: hemen bizi dira, eta elkarrekin bizi gara denok. Familia moduko bat osatzen dugu.

Eskoletan eta herrian; barnetegiak euskara ikasteko bi modu eskaintzen dizkie ikasleei, ezta?

Bai. Lazkaon egon den euskalduntze mugimenduarekin, herria irekita dago, eta asko ematen dio euskaltegiari: Maizpidek herriari eman dion bezala, herriak Maizpideri asko eman dio beti, eta hori nabaritzen da: lazkaotarrak oso ohituta daude euskara ikasten ari direnei laguntzen. Saiatzen gara ekintzak beste elkarteekin batera antolatzen, herriaren eta Maizpideren arteko lotura mantentzeko eta indartzeko. 

Hain zuzen, barnetegia Lazkaoren moduko herri batean egoteak ere lagunduko die ikasleei.

Dudarik gabe, Maizpideri balio handiagoa ematen dio Lazkaon kokatuta egoteak.

Zertan dira online ikastaroak?

Batetik, 2005 inguruan hasi zen Euskara Munduan taldea: orain, Hego Amerikako ikasleak ditugu, baina Ipar Amerikakoak ere izan ditugu. Horrez gain, baditugu online ikasten duten Euskal Herriko ikasleak; baita Espainiakoak ere, edo Euskal Herrikoak, baina atzerrian bizi direnak... Banakako ikasleak 40 bat dira, eta Euskara Munduan taldekoak, 30 bat.

Nola egiten dituzue klase horiek?

Programa bat daukagu Moodle plataforman, eta maila guztietako ikastaroak dauzkagu hor, A1-etik C2-ra arte. Ikasleek, noski, mezu elektroniko bidez argi ditzakete zalantzak, eta, horrez gain, tutoretzak egiten ditugu: urrun bizi direnekin Skypez, baina Goierri inguruan bizi direnak etorri egiten dira.

Zer erronka ditu Maizpidek aurrera begira?

Daukagun erronketako bat langileena da: jende asko Maizpide sortu zenetik dago lanean, eta gutxi gelditzen zaie erretiroa hartzeko. Beraz, urte gutxian belaunaldi aldaketa bat egongo da. Bestetik, hainbatetan entzun dugu ezagutza igo egin dela, baina erabileran lan asko dago egiteko oraindik. Aurten, Euskaraldia egingo da, eta halakoak garrantzitsuak dira, baina jarraipena eta guztion inplikazioa eskatzen ditu. Guk gure partea egin dezakegu, baina euskarak plan estrategikoak behar ditu, eta beharrezkoa da erakundeak, instituzioak eta administrazioak inplikatzea: elkarlana behar-beharrezkoa da. Herriarekin duen lotura hori mantentzea eta indartzea da hirugarrena, bai herriarekin, baita beste erakunde batzuekin ere.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia