euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Joseba Abaitua, hizkuntzalaria: "Mendebaldeko euskararen berrikuntza gunea izan da Arraia" (from Alea.eus)

02/11/2019

Mendialdean euskarararen zabalpena aztertu du Joseba Abaitua linguistikako doktoreak; muga  oso garbia aurkitu du, euskararen eta erromantzearen artean. 

Link: Alea.eus

Estitxu U. Lopez de Arkaute. Bujandara bizitzera joan zen Joseba Abaitua Odriozola (Gasteiz, 1960) duela hogeita hiru urte, eta ordutik Arabako Mendialdean euskararen zabalpena eta gainbehera aztertzen ibili da. Abenduan eman zuen Kanpezun euskararen historiari buruz egin dituen ikerketen berri. Abaituaren esanetan, VI. mendetik eta XVIII. mendera arte Arabako Mendialdeko parte handi batean euskara erabiltzen zen nagusiki edo ia soilik; are gehiago, Arraia bailaran mendebaldeko euskararen lehen berrikuntzak eman zirela uste du doktoreak. Euskararen desagerpena bat-batean jazo zela azaldu dio Abaituak ALEAri, besteak beste, "krisi ekonomiko, sozial eta politiko larri baten ondorioz". 

Zergatik hasi zinen ikertzen euskararen historia Arabako Mendialdean?

Bujandara bizitzera joan nintzenean, soroen eta mendien izenak ikasten hasi nintzen, eta konturatu nintzen Bujanda, Kanpezu, Genevilla eta orokorrean bailara honetan euskararen aztarnarik ez dagoela batere; aitzitik, oso izen erromantzeak daude, latinetik zuzenean garatuak. Aldiz, Korresen muga linguistiko oso nabaria dagoela atzeman nuen, oso muga garbia eta zorrotza; Korres izena bera ez da euskalduna, baina bertako toponimia txikia oso-oso euskalduna da, errekaren presaren ondoan, esate baterako, Aranbalza dago, edo Borinalde, Elejalde, Elejoste eta mendebaldeko euskalkiaren isla gardenak diren beste asko. Antoñana eta Atauri herrien artean ere muga linguistiko bera dago; Harana eta Kanpezuren artean ere: Harana oso euskalduna da, Kanpezu berriz oso erromantzea.

"Krisi ekonomiko, sozial eta politiko larria jazo zen, eta horren ondorioz bat-batean desagertu zen euskara"

Muga linguistiko hori aztertzen hasi zinen orduan. Zer aurkitu duzu?

Hasiera batean, muga linguistiko hori Nafarroako Erreinuarekin lotuta egon zitekeela pentsatu nuen, baina azken urteetan dialektologiaren historian eman diren hausnarketei erreparatuta, uste dut euskara dialektalaren zabalpenarekin zerikusia duela. Koldo Mitxelenak eta gerora Koldo Zuazok ere adierazi duten bezala, nik ere uste dut euskalkien historia V. mendean hasi zela, erromatarren ostean, eta VI. mendetik aurrera euskarak zabalkunde prozesu oso nabaria izan zuela. Are gehiago, Zuazok aipatzen du mendebaldeko euskararen jatorria Gasteiz inguruan gertatu zela; nik aldiz uste dut Lautadaren erdialdean, Dulantzin alegia.

Eta ordura arte?

Kanpezun emandako hitzaldian erakutsi nuen Pilar Cipres filologo klasikoak egindako mapa bat Eta horretan jasotzen ditu Arabako Lautadan agertu diren hainbat epigrafe latino; III. mendekoak dira gehienak eta Arabako Lautada zeharo erromanizatua zegoela erakusten dute. Suposatzen dut latinizatua ere egongo zela Lautada. 

Nola izan daiteke III. mendean egoera hori izatea, eta VI. mendean euskalkiak hastea eta Arabako Lautada bihurtzea mendebaldeko euskararen jatorria? 

Oso historia interesgarria da. Dulantzin, 2009. urtean, basilika aitzin-berantiar bat aurkitu zuten, VI. mendekoa. Eliza horretan bataiotegi bat dago; garrantzi handia du aurkikuntzak, garai horretan apezpikuek bakarrik bataiatzen zutelako. Bi diakonoren hilerriak ere topatu zituzten, eta absidean emakume aristokrata baten gorpua. Aurkikuntza horiek aditzera ematen dute Dulantzin elizaren hierarkia bat zegoela, diakonoak eta apezpikuak zirela bertan. Bestalde, Aldaietako aitzin aroko nekropolia dugu kilometro gutxira; ehunetik gora hilobi agertu ziren bertan, jende armatua, baskoien elitekoak. Beraz, elite eklesial eta politiko bat dago inguru horretan VI. mendean. Agian gauzak oso aurrera eramatea da, baina kontuan hartu behar da VIII. mendearen hasieran musulmanen inbasioak gertatzen direla. Iruñeak inbasoreekin harremana garatzen du, eta Araba, berriz, Asturias aldera begiratzen hasiko da; hortaz, Araba eta Iruñearen arteko harremana apurtzen da, eta hain justu une horretan mendebaldeko euskara garatzen da, eta zabaltze prozesu oso inportantea ematen da. 

Zer testuinguru sozialetan ematen da?

Hemen ez zegoen biztanle asko, eta gizartea nahiko hierarkizatua zegoen. Erromatar Inperioa desagertu zenean, antza, jauntxoek erromatarrekin Lautadatik alde egin zuten. Haatik, batzuk hemen geratu ziren eta baskoiekin batu ziren. Mikel Pozoren tesiaren arabera, baskoi horiek erromatarren galtzadak kontrolatzen zituzten guardiak dira, eta Arakilen kuartel inportante bat zuten… Nahiko espekulatiboa da dena, baina neurri handi batean lehengo egoera mantenduko zen hemen inperioa desagertu zenean. 

Euskara latinaren gainean garatu zen?

Beti ikasi dugu euskara zela zaharra eta latina etorri zela, baina nik hemen topatu dudan egoera ez da hori. Hor dugu pultsu bat: zer hitz egiten zen lehenago. Hemen dagoen euskara euskalki bat da, VI. mendetik aurrera garatu zena, baina substratua latinoa da. Hala, izen latino asko daude Lautadan, eta halaber izen euskaldun berriak daude: arriaga, egileor, illarraza, mendiola, zalduondo… Izen euskaldun horiek oso gardenak dira, oso deskriptiboak. 

Mendialdera nola zabaldu zen euskara?

Sakanarekin eta Lautadarekin hartu-eman handia zuten Mendialdean; lanbide eta familia arteko harremanak ziren, ahaide nagusien artekoak. Erdi Aroko leinu boteretsuek euskara erabiltzen zuten; Gauna leinu oso boteretsua zen Erdi Aroan, eta Lazkaotik zetorren beste leinu batekin elkartu ziren, XV. mendean. Lazkaotarrek euskaraz hitz egiten zuten eta eragin handiko sarea zuten Madrilen. Korresen eta Kontrastan, adibidez, infantzoi askok ez zekiten erdaraz hitz egiten, eta itzultzaileak behar izaten zituzten kaparetasun-frogak egiteko. Hortaz, hemengo jendea harro sentitzen zen euskalduna zelako, hizkuntzak prestigioa zuelako, euskaldunak boteredunak ziren. Hartara, XVIII. mendera arte euskaraz hitz egiten zen Mendialdean. 

"Korresen eta Kontrastan infantzoi askok
ez zekiten erdaraz hitz egiten, itzultzaileak behar zituzten"

Zer ezaugarri ditu Mendialdeko euskarak?

Dulantzin dago zonalderik emankorrena, termak daude, basilika bat, eta eragin esparru inportantea da. Arraia bailaran, bestalde, oso euskara garatua aurkitzen dugu. Mendebaldeko euskara Lautada aldean sortu bazen, lehenengo berrikuntzak Arraian eman ziren (Aletxa, Birgara, Elhorzahea...). Gainera, euskararen berrikuntzak oso leku berezietan atzematen dira, "hautatutako" herrietan: Apinaizen, Sabandon, Zekuianon… Oso gordeta dauden herriak dira, ezkutaturik, baina aldi berean oparoak dira, urez beteta, ez dira oso hotzak…; eliteek toki horiek aukeratu zituzten.

Euskararen desagerpena bat-batean gertatu zela esan duzu. Zer dela eta?

Teoria ofizialaren arabera, Borboiek XVII. mendean ezarri zuten hezkuntza erreformarekin batera etorri zen euskararen gainbehera, baina nik, berriz, uste dut krisi ekonomiko, sozial eta politiko larria jazo zela, eta horren ondorioz bat-batean desagertu zela euskara. Krisi hori Napoleonen inbasioarekin batera etorri zela uste dut, Independentzia gerrak desastre itzela ekarri baitzuen Arabara: 20.000 soldadu egon ziren Gasteizen kuarteleratuta, beste horrenbeste Lizarran, eta horiek guztiak elikatu behar ziren, gainera mutil gazteak errekrutatzen zituzten… 

Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 181. zenbakian.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia