euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Jagoba Narbarte, Uxue Bertiz eta Eneritz Larrañaga: Jaioterritik milaka kilometrora (from Berria)

09/09/2017

Gero eta gazte gehiagok aukera izaten du atzerrian kirola egiteko. Jagoba Narbarte, Uxue Bertiz eta Eneritz Larrañaga AEBetan daude denboraldi bat pasatzen. Etxetik kanpoko bizimodu berrira egokitzea kostatu zaien arren, «amets bat betetzen» ari direla diote hirurek.

Link: Berria

Mikel Orbañanos Iribar-en elkarrizketak

Jagoba Narbarte

«15 urte nituenean, garbi neukan AEBetara joan nahi nuela»

Zesta-puntako pilotari profesionala da Jagoba Narbarte (Errenteria, Gipuzkoa, 1992). Donostiako Balda eskolan hasi zen lehen pilotakadak ematen, eta, bere ibilbidean lortu dituen emaitza onei esker, 2015ean eskaintza jaso zuen Floridako (AEB) Dania Jai Alai taldetik. Narbartek ez zuen bitan pentsatu ere egin hara joateko. «Izan ere, 15 urterekin zesta-puntan gehiago zentratzen hasi nintzen, eta, garai hartan, garbi neukan AEBetara joan nahi nuela. Egun batean baino gehiagotan, Ameriketan ibili zen baten bat etortzen zen nire entrenamenduetara, eta hark han izandako esperientzia kontatzen zidan, eta inbidiatan geratzen nintzen». Narbartek dio 16 urte zituenean nahikoa zuela azterketak gainditzearekin, frontoira zesta-puntan ibiltzera joan nahi zuelako. Halere, mekanika eta arotz ikasketak egin ditu.

Floridara 2015ean joan behar zuen arren, iragan otsailean joan da azkenean Narbarte, bisa lortzeko arazoak izan baitzituen Bruselako eta Frantziako atentatuengatik. Une latzak pasatu zituela dio Errenteriako puntistak. «Egoera horretan nengoela, hemen geratu behar nuela pentsatzen nuen. Gainera, hara joateko lana utzi nuen, eta momentu gogorra izan zen»

Aurtengo otsailean hartu zuen hegaldia AEBetara joateko, eta uztailera arte egin du egonaldia. Pozik agertu da Narbarte, izan duen esperientzia berriagatik. Halere, hasieran apur bat galduta ibili zela esan du. «Hango pilotak biziagoak dira, eta frontoia ere desberdina da. Lehen aldiz joaten zarenean, aurkariak ez dituzu ezagutzen, eta, horregatik, partidaz partida, aurkari bakoitzaren jokatzeko modua aztertu eta ikasi egin behar duzu». Lehen urtea izateko oso gustura dagoela esan du puntista errenteriarrak. «Sailkapenean erditik gora nago, eta lehenengo lau hilabeteek ez ninduten kezkatzen». Partidak galtzen dituenean, balantzea beti positibo mantentzen saiatzen dela nabarmendu du Narbartek. «Nire helburua beti hobetzea izaten da». Oro har, maila ona dagoela dio. «Jende askok esango du urte batzuk lehenago maila handiagoa zegoela, baina hori zaila da jakitea», gaineratu du.

Urte askotan, Euskal Herritik goi mailako puntistak joan dira Ameriketara. Narbarte bat dator horrekin: «Lehen, pilotari onenak joaten ziren AEBetara eta Mexikora, eta, nire ustez, sekulakoa izango zen garai hartan 10.000 ikusleren aurrean tantoa egitea. Ni, behintzat, diruak baino gehiago, egoera horrek beteko ninduke».

Ameriketan Euskal Herrian baino diru gehiago mugitzen da partidetan, apustuak ere askoz ere gehiago egiten baitira. Narbartek dio Daniako frontoian dagoen kasinoarengatik daudela beraiek han. «Hango herritarrek edozer gauzatan egiten dute apustu. Jende askok zesta-punta ulertzen ez duen arren, edozein jokalarien alde egiten du apustu». Narbartek dio oraingo frontoia lehengoa baino txikiagoa dela, eta, hala ere, harentzat asko da 400 ikusle egotea.

Datozen egunetan joango da berriz ere errenteriarra Daniara. Ilusioz eta gogoz dagoela aurpegian nabari zaio. «Oso motibatua nago. Halere, handik etortzen zarenean familia eta gertukoak ikusteko gogoa izaten duzu; niretzat egoera hori normala izaten da, lehen aldia baita etxetik kanpo egoten naizena».

Uxoa Bertiz

«Inoren laguntzarik gabe iritsi naiz orain nagoen lekura»

Gaztetatik futbolean jokatzeko zuen abileziagatik, eta lortutako beka bati esker, orain dela hiru urtetik dabil Springfieldeko (Missouri, AEB) Drury unibertsitatean ikasten eta jokatzen Uxoa Bertiz futbolaria (Elizondo, Nafarroa, 1997). Txikitatik, futbol jokalaria izan nahi zuen Bertizek, futbola «pasioa» baita beretzat.

Bere kirol ibilbidea Irungo (Gipuzkoa) Mariñon hasi zuen Bertizek, eta, ondoren, Realera egin zuen jauzi. Euskal Selekzioarekin ere jokatu zituen partidak Elizondoko aurrelariak. Halere, Bertizek AEBetako futbola zuen begiz jota. «Estatu Batuetako futbolak asko erakarri izan nau».

Bertizek dio batxilergoa egiten ari zenean futbola eta ikasketak uztartzea geroz eta zailagoa izango zela harentzat. Garai hartan, bazekien AEBetan futboleko dinamika «ezberdina» zela. «Unibertsitateko Liga izaten da han, hau da, zuk unibertsitateko taldea ordezkatzen duzu, eta eskolako eta futboleko ordutegiak uztartu ahal dituzu». Bertizek, orduan, bere jokaldiekin eta golekin osatutako bideoa bidali zuen AEBetako hainbat unibertsitatera. «Unibertsitateek beren futboleko programa eta beka denboraldia eskaini zizkidaten. Nik Drury unibertsitateak egin zidan eskaintza onartu nuen, hori baitzen bizimodu berrira hoberen egokituko nintzen lekua». Bertizek pozik hitz egin du orain dela hiru urte hartu zuen erabakiaz. «Azken finean, bizi kalitate hobea izateko eta futbolean maila on batean jokatzen jarraitzeko, niretzat hau izan da aukerarik hoberena, eta ez nuen bitan pentsatu». NCAA ligan jokatzen dabil Bertiz, eta ondo ari dela dio.

Ingeniaritza informatikoa ikasten dabil nafarra, eta,oraingoz, hasierako urduritasunak albo batera utzita, ondo ari zaio joaten. «Unibertsitate pribatua denez, irakaslearekin duzun harremana hurbila da, eta horrek asko laguntzen du». Halere, denbora askorik ez daukatela aitortu du Bertizek. Izan ere, goizeko bostetan jaikitzen da entrenatzera joateko, eta, ondoren, 09:00etatik 15:00etara klaseak izaten ditu. Arratsaldean, berriz, gimnasioan ordu bateko saioa izaten dute. Goiz jaikitzea asko kostatu zitzaiola aitortu du. Horregatik, 22:00etarako lotara joaten da, kirolari batentzat atsedena «oso garrantzitsua» izaten dela dio.

Bizimodua asko aldatu zaiola esan du Druryko futbol jokalariak. Halere, errutina finko bat izatea eta dena antolatua izatea asko gustatzen zaiola gaineratu du. Familia ere ez du ahazten: «Gauzak ongi joaten direnean pozgarria da, baina, ez badira ondo joaten, sufritzen dutenak familiakoak dira. Horregatik, saiatzen naiz haiek ni ahalik eta gutxienetan ikus nazaten gaizki». Batzuetan disimulatu ere egin behar izaten duela aitortu du Bertizek. «Egia esan, momentu txarrak lagunen eta familiaren laguntzarekin gainditu ditut, eta oso eskertua nago horregatik». Prozesua gogorra izan den arren, egin duenarekin oso harro dagoela dio Bertizek. « Inoren laguntzarik gabe iritsi naiz orain nagoen lekura»

Eneritz Larrañaga

«Asko kostatu zait AEBetako saskibaloi motara egokitzea»

Azpeitiko Iraurgi saskibaloi taldean hasi zen jokatzen Eneritz Larrañaga (Azpeitia, Gipuzkoa, 1998). Orain dela hiru urte, Iraurgirekin Guadalajarara (Espainia) joan zen Larrañaga Espainiako Txapelketa jokatzera. Juniorreko lehen urtea izanik, txapelketa oso ona egin zuela dio azpeitiarrak. Txapelketa hartatik etorri baitzitzaion AEBetara joateko eskaintza. «Hasieran, ez nintzen jabetu eta ez nizkion buruari bueltak eman. Baina, gero, ohartu nintzen azkenerako aukera ederra izango zela beste etapa bat hasteko. Etxekoek ere animatu egin ninduten». Eta, hala, 2016ko abuztuan joan zen Miamira (Oklahoma, AEB), Northeastern Oklahoma A&M College taldera joko antolatzaile moduan, hain zuzen ere. NJCAA ligan ari da jokatzen Larrañaga, hau da, Unibertsitateko Liga baino maila bat beherago.

Urtebete egin du jada Larrañak Miamin, eta, hango bizimodura egokitu den arren, hasierako egunak gogorrak egin zitzaizkiola aitortu du azpeitiarrak. «Nik espero ez nituen gauzak bizi izan ditut. Banekien bakarrik egongo nintzela. Halere, lagun onak egin ditut, eta orain ondo moldatzen naiz. Okerrena eta zailena AEBetako saskibaloi motara egokitzea izan da, askoz ere indibidualagoa eta fisikoagoa baita». Larrañagak dio urte amaiera arte ezin ziola erritmoari jarraitu, eta, horren ondorioz, ezin izan zuela asko jokatu. «Hala ere, minutu gutxi horiek ondo aprobetxatu ditut, eta, pixkanaka-pixkanaka, gehiago jokatuz joan naiz. Jada hartu dut erritmoa, eta, aurten, gehiago jokatzen saiatuko naiz».

International Bussiness (enpresa ikasketak) ikasten ari da Larrañaga, eta, oraingoz, ondo dabil. Hasieran, ordea, galduta ibili zela aitortu du. «Lehen egunetan ez nekien zein geletara joan behar nuen ere, eta, zenbait alditan, ezkutatu egiten nintzen. Ikasgai denak ingelesez direnez, hasieran kostatu egin zitzaidan, baina, gero, ohitu egin nintzen. Hala ere, espero nuena baino hobeto joan zitzaidan, eta nota onak atera nituen». Larrañagak dio egoera horretara egokitzea dela kontua.

Denboraldia buru-belarri prestatzen dabiltza azpeitiarra eta haren taldekideak. Astean bost aldiz entrenatzen dute, eta, asteburuetan, jai izaten dute. Larrañagak dio ikasketekin nahiko nahasmena sortzen dela; izan ere, egun normal batean, 06:00etan lehen entrenamendua izaten dute, eta, ondoren, klasera joaten dira. Arratsaldean, berriz, bigarren entrenamendua izaten dute. Larragak dioenez, errutina hori «barru-barruan» darama dagoeneko. «Ni, batez ere, enpresa formakuntza ona edukitzera etorri naiz AEBetara, baita ingeles maila hobetzera ere».

Ikasteaz eta kirola egiteaz gain, kafetegi batean ere egiten du lan bizpahiru orduz. Herrialde desberdinetako lagunak ezagutu ditu, eta harreman ona izaten dutela nabarmendu du Larrañagak. «Esperientzia oso ona bizitzen ari naiz». Halere, senitartekoak eta herriko lagunak faltan asko botatzen dituela ere gaineratu du.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia