euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Beatriz Egizabal: «Euskaraldia enpatia lantzeko aukera da» (from Goierriko Hitza)

11/20/2018

Beatriz Egizabalek (Lasarte, 1971) Legazpin aurkeztuko du gaur, 19:30ean, Latxartegi aretoan, ‘Ttak!’ Euskaraldiarekin lotutako bakarrizketa. Beasainen ere egingo du saioa. Ahobizien eta Belarripresten pasadizoak umorez kontatuko ditu

Link: Goierriko Hitza

Euskaraldiaren atarian gauden honetan buru-belarri ibiliko zara hitz eta pitz oholtza gainean.

Bai. Euskaraldiarekin 400 bat herrik bat egin badute, Ttak! ikuskizuna 50 herritara eramaten ari gara. Eskatu diguten leku guztietara joaterik ez dugu izango, ez baitago nahikoa egun eta fisikoki ere ezinezkoa izango litzatekeelako.

Nola sortu zenuen Euskaraldia oinarri duen Ttak! bakarrizketa?

Ni ipuin kontalaria naiz. Zesar Markosekin batera han eta hemen aritzen naiz Kontukantoi taldearekin ipuinak kontatzen Markosek ilustratzen dituen bitartean. Batik bat, umeei zuzendutako kontaketak egiten ditugu, helduentzat ere egiten ditugu, baina gutxiago ateratzen dira. Orain bi urte Ane Labaka bertsolariarekin batera Lasarte gure herrian bestelako saio bat egin nuen; Labaka bertsotan eta ni bakarrizketan aritu ginen. Bakarrizketarena ez zen bereziki gustuko nuen eremua bat, baina nire testuak erabili nituen eta gustura ibili nintzen. Hortik, formatu bertsuan Erradikalak gara ikuskizuna sortu genuen elkarrekin eta plaza ugari egin ditugu.

Bakarrizketak gustatu ez arren, zer edo zer topatu zenien.

Bakarrizketa izen bera ere ez nuen oso gustuko, baina Labakarekin batera egindakoak ongi atera ziren. Jendeari zuzenean hitz egitean inprobisazioa eta klown teknikak baliagarriak egin zitzaizkidan. Gauzak horrela, beste bakarrizketa bat prestatzeari ekin nion, orokorra izango zen, gai zehatzik gabekoa. Bakarrizketa hura prestatzen ari nintzela Lankutik deitu zidaten eta bakarrizketan Euskaraldiari tarteren bat egiteko proposamena egin zidaten. Nik Euskaraldiari buruzko bakarrizketa bat espresuki nahiago izan nuen eta haiek onartu. Hala sortu zenTtak!.

Bakarrizketaren sinopsia egingo zenuke?

Hasieran 40 minutuko saioa izan zen, baina honezkero bizitza propioa hartu du eta ordubetera iristeko inongo arazorik ez dut. Sinopsia? Ni lasartearra naiz eta hemen aurretik izan gara Belarriprestak zein Ahobiziak. Eskarmentu hori aintzat hartuta, Euskaraldian sor daitezkeen egoerak eta aholkuak ematen ditut umorea lagun. Hasierako saioetan Ahobizi edo Belarriprest rolak aukeratzeko giltzak ere ematen nituen, aitzitik orain gehienek aukera egina dute eta ez naiz horretan gehiegi sartzen.

“Ikus-entzuleek barre egiten dute eta zer pentsatua ematen diedala esaten didate”

“Euskaraldia gaitasunak neurtzeko tartea baino ariketa dela iradokitzen dut”

Beatriz Egizabal (Artista)

 

Finean, Euskaraldia gaitasunak neurtzeko tarte bat baino ariketa bat dela iradokitzen dut. Nik apurtu nahi dut euskaldun zaharrak Ahobiziak direnaren eta berriak Belarriprestak direnaren ustearekin, ez da hala. Txapen kontua ere ekartzen dut eta txapek estres puntu bat gehitu ez dezaten egon daitezkeen alternatibak aletzen ditut. Hizkuntzaren eta emozioen arteko loturaz aritzen naiz bi esketxetan.

Harrera nolakoa izaten ari da?

Oso ona. Ikus-entzuleek barre egiten dute eta gustura geratzen direla dirudi. Halaber, zer pentsatua ematen diedala esaten didate.

Horren harrera ona espero al zenuen?

Egia esan, ez nuen hainbeste espero. Asteburuan, esate baterako, Leitzan (Nafarroa) egon gara. Bakarrizketa egin bitartean aurrean nuen jendeak barre egiten zuela ikusten nuen. Lehenengo ilaran bereziki barrezka ari zen gizona ikusi nuen eta saioa amaitu zenean niregana etorri zen. Gizonak esan zidan bakarrizketan aipatzen ditudan euskaltzale purista horietako bat dela, euskaltzale amorratua, erradikala haren hitzetan. Niri entzundako hainbat kontuk zer pentsatua eman ziotela esan zidan. Oso pozik geratu nintzen, niretzat Euskaraldia enpatia lantzeko aukera delako.

Saioan euskaraz amesten duen jendeaz eta gaztelaniaz amesten duenaz hitz egiten dut. Enpatia bi aldeetan behar da batek toki guztietan euskaraz egiteko trabak dituelako eta besteari, beharbada, euskaraz non eta noiz egin behar duen esaten diotelako.

Umorea erabiltzen duzula esan duzu. Ironia asko kabitzen al da zure umorean?

Bai, asko. Bakarrizketan esaten ditudanak ez ditut pulpitutik esaten eta horrek laguntzen du. Zu zeu jartzen zara jendaurrean zeuk bizi izan dituzunak oinarri dituzula. Nik esaldiak botatzen ditut.

Adibidez?

Euskaldun zaharrok, adibidez, radar modukoa daukagu gure baitarako esateko: «Horrek ez daki euskaraz, ez dauka pintarik». Publikoa identifikatuta sentitzen da eta umoreak asko laguntzen du. Ni klown-a naiz eta, bakarrizketan sudur gorria jantzita ez daramadan arren, pailazoaren aurpegiak, keinuak eta adierazpideak erabiltzen ditut; esango nuke erabiltzen ditudala erabat kontziente izan gabe.

Gaur Legazpin eta aurretik hamaika tokitan izan zara. Legazpikoa ez da azkena. Erritmoa ez da ohikoa.

Ez, ez. Ikasteko balio dit. Saio bat asteko egitea izaten da ohikoena, orain bi egun berean egin ditzaket eta, hala ere, saio bakoitza gozatzen ari naiz.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia