euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

Blogs > Japonian Euskaraz

Euskal “Soft Power” gaur eguneko Japonian

10/04/2018

Gure mundu globalizatu honetan, inoiz baino sarriago aipatzen eta aldarrikatzen dute “Soft Power”a, euskaraz “Botere Biguna” esan daitekeena.

Termino hau Ipar-amerikar baten burutik datorkigu, Joseph Nye Harvard Unibertsitateko zientzia politiko irakaslearen burutik.  Nye-k 2004an “Soft Power” izenburuko liburua argitaratu orduko ideia hau mundu osora zabaltzen hasi zen, nahiz eta izatez ideiaren zirriborroa 90eko hamarkadakoa zen.  Nye-ren arabera, “Soft Power” estatu batek nazioartean konfiantza edo eragina jasotzeko duen ahalmena da, baina indar militarra edo ekonomikoa erabili ordez kultura edo balio politikoak baliatuz.

“Soft Power”-a balia dezakeen subjektua ez da bakarrik estatua.  Nazio bat, herri bat ere, esate baterako, “Soft Power”en subjektu bihur daitezke.  Izan ere, Euskal Herria hein batean “Soft Power”en subjektu eraginkorrenetako bat dela esan liteke, behintzat gaur eguneko Japonian. 

Japoniarren Euskal Herriarekiko interesa 60ko hamarkadan pizten hasi zen, eta 80ko hamarkadan gailurra jo zuen, japoniar idazle ospetsu batzuek idatzitako saiakerei esker.  XX. mendeko japoniarren interes handiena piztu zituzten euskal ezaugarriek erromantizismoarekin zerikusia zuten: euskararen ezaugarri linguistikoak eta independentzia lortzeko mugimendu sozialak batik bat. 

Aldiz, Guggenheim Museoaren eraikuntzaz geroztik, euskal irudi berriak sortu dira japoniarren artean.  Irudi berri horiei “euskal kulturaren trinitatea” deitzen diet nik.  Hiru hauek dira, hain zuzen: musika, kirola eta jan-edana.  Hiru bereizgarri horiek denak sentsualak edo zirrara sortzen dutenak dira, eta Japoniako eguneroko bizitzan pixkanaka nabaritzen ari dira.  Fenomeno hau ulertzeko, nahikoak lirateke azken egunotako adibidetxo batzuk. 

Musikagintzan, Japonian zehar zabaldu diren 400 baino gehiago MUJI izeneko dendetan (MUJI produktu funtzionalak diseinu ikutu batekin eta prezio egokietan saltzen dituen denda da), euskal musika entzun daiteke, MUJIk Oreka TXrekin batera egindako elkarlana, txalapartak, txistuak eta beste euskal musika tresnek sortzen duten giroa MUJIk aldarrikatzen duen irudiarekin, hots, lasaitasunarekin, sinpletasunarekin eta naturaletasunarekin bat dator eta.  Kirol arloan badago Athletic Peña Tokiotarra, non bazkide guztiak jatorrizko japoniarrak diren.   Eta “Euskal Kirola (Basuku no Supootzu)” deitzen den rock talde japoniar bat ere badago.  Gastronomiari dagokionez, Royal Host jatetxe kateetan (220 baino gehiago) euskal pintxoen festak ospatu dituzte.  Tokio eta Osaka artean ibiltzen diren Shinkansen (Japoniako AHTa) barneko denda mobiletan salgai dago Lauburuaren diseinua daraman goxokitxoa, etab.

Dena den, hiru gai edo ezaugarri horien artean, argi dago Japoniako gizarte orokorrean eraginkorrena Euskal Herriko gastronomia dela.  Ez daukagu estatistikarik, eta ez dakigu zenbat euskal jatetxe dauden Japonian.  Hala ere, bistan da gero eta euskal jatetxe gehiago irekitzen direla besteak beste Tokion eta Osakan.  Izan ere, nik konta ditzaket gutxienez hogei euskal jatexe Tokion.  Sukaldari guztiak japoniarrak dira, Euskal Herrian ikasi dutenak.  Baina orain dela hogeita hamar urte, euskal jatetxe bat baino ez zegoen Japonian.

Japoniako lehenengo euskal jatetxea 1981ean sortu zen, Hakodate portu-hirian, Japoniako iparraldean dagoen Hokkaido irlan.  Hor zegoen Japonian euskal gastronomia ezagutarazi zuen sukaldari aitzindari ospetsua: Koji FUKAYA jauna.  1947an Hakodaten jaio zen Fukaya.   Egun 260.000 biztanle dituen hiri turistiko honetan dago Fukayak kudeatzen duen “Restaurante Vascu”, ortografia bitxia badirudi ere.

Fukayak Tokioko unibertsitate batean ingenieritza ikasi bazuen ere, sukaldaritza asko interesatzen zitzaion eta erabaki zuen gastronomia mundua ogibide hautatzea. Zenbait urtez Japonian sukaldaritza ikasi eta praktikatuta, 1975eko apirilean bere kabuz joan zen Europara, sukaldaritza japoniarraz gain mendebaldeko sukaldaritza ikasteko beharra sentitu zuelako. Fukayak hainbat jatetxeetako atea jo zuen aprendiz bezala onar zezaten eskatuz, baina ateak inoiz ere ez zitzaizkion ireki, gomendio gutunik ere ez zuelako eraman, honelako ohiturarik zegoenik ez zekien eta.  Han-hemenka zebilela, neka-neka eginda lo egiteko toki bat bilatzen ari zenean, ustekabean Donostiako Renfe geltoki ondoko ostatu batean sartu zen.  Non zegoen ere ez zekien.

Ostatu horretako andreari bere istorioa kontatu zion Fukayak, eta hurrengo egunean Donostiako jatetxe batera eraman zuten   Hango sukaldariarekin elkarrizketatxo bat egin ondoren, aprendiz bezala onartu zuten.  “Gurutze-Berri” zen jatetxea eta bertako sukaldaria Luis Irizar, euskal gastronomiaren berritzaile aitzindari ospetsua.

1975ko udazkenetik 1977ko abendua arte Fukayak buru-belarri ekin zion Luis Irizarren jatetxean euskal sukaldaritzari, haren eskuzabaltasuna eskertuz, eta haren artisautza errespetatuz.  Japoniara ituli zenean, erabaki zuen euskal jatetxe bat sortzea, ez Tokio megalopolian baizik eta Hakodate portu-hirian, bere sorlekuan.  Izan ere, Irizarrek gomendatu baitzion Fukayari hiri txiki batean bultzatzea jatorrizko euskal sukaldaritza.

1981eko urrian “Restaurante Vascu” izeneko lehenengo euskal jatetxea ireki zuen Fukayak.  1985ean ondoko beste leku batera mugitu zen, eta 2005ean “La Concha” izeneko beste euskal jatetxea ireki zuen.  Ondo zihoakion, Fukaya esker onekoa izaki eta bere euskal erreferentziari eskertu nahi izan zion.


"Restaurante Vascu"ren kanpoaldeko itxura


"Restaurante Vascu"ren barnealdea

Hakodate hiriaren biztanle kopurua 1980an 350.000 zen.  Garai hartan etengabe jaisten ari zen, ekonomia gero eta okerrago baitzihoan.  Hori ikusita, euskal sukaldaritzarekin hiriaren berrikuntza bultzatzeko ideia bat bururatu zitzaion Fukayari: Donostiako Alde Zaharrean izaten den giro beroa Hakodate-ra eramatea.  Eta 2004ko otsailean, lehenengo “Bar-gai (Bar karrika)” jaia asmatu eta antolatu zuen.  Ideia xinplea eta ona.  Hakodateko auzo zahar batean barrak, tabernak eta jatetxeak bildurik, pintxoak eta edariak zerbitzatzea, karriketan musikariak musika jotzen ibiltzen diren bitartean.   Kontua da orduko japoniarrek pintxo bat eta edaria hartuta tabernaz taberna ibiltzeko, alegia poteoa egiteko ohitura gutxi zeukatela.  Jatetxe batean sartuz gero, bertan zenbait ordu ematen zituzten normalean.  Baina badirudi proposamena eta honelako bizipena asko interesatu zitzaiela Hakodatetarrei. 

Lehenengo urtean 25 jatetxe bildu ziren.  Partaide kopurua 440ra iritsi zen, gehienak bertoko jendeak.  Ahoz aho “Bar-gai”ren fama zabalduz joan da, eta urtero bi aldiz, apirilean eta irailean, ospatzen dute.  Eta azkeneko bi urteotan 70 jatetxe inguruk parte hartu dute eta bisitari kopurua 4.500 inguruan mantendu da, kanpotik etortzen diren turistekin batera.  2004ko otsailetik 2018ko apirila arte, orotara 104.000 pertsonak parte hartu dute “Bar-gai” horretan. Emeki-emeki arrakasta ekonomikoa lortzen ari zela ikusita, “Bar-gai” ideia Japoniako beste hiri batzuetan zabaltzen ari dira gaur egun.


2018ko "Bar-Gai" jaialdira deitzen duen posterra


Bar-Gai delako elkarretaratzeetako baten irudia

Egia esan, Fukayaren garaian, Euskal Herriaren ezagutza ez zegoen hain zabaldurik Hakodaten.  Horregatik “Restaurante Vascu”n eta “Bar-gai” jaialdietan, batzuetan nabaria izan zitekeen giro espainiarra, “España“ izen arras ezagunarekin exotismoa sustatzen zutelako.  Baina, gaur egun, Euskal Herria aipatuz, gastronomiaren bidez hiriaren berrikuntza bultzatzeko ideia hautatu dute Japoniako hegoaldean dauden bi hirik, Japoniako Kyushu irlaren ekialdean dauden bi hiri industrialek: Nobeoka (120.000 biztanle) eta Saiki (72.000 biztanle).  Bi hiri horietako alkateek 2016an elkar-deklarazio bat egin zuten: “Ekialde Kyushu Euskaditu dezagun”.  Bertoko gastronomia haziz hirigintza  berpizteko proiektua da.  Aipagarria da, urte berean, Tokioko kanpoaldean dagoen Isumi hiriak (38.000 biztanle) ere antzeko plana ofizialki adierazi zuela: “Isumi Hiria Donostiatu dezagun”.  Proiektu hauen ondorioa hemendik bizpahiru urtera begiratuko behar genuke. 


Fukaya chefa, lehenengoa ezkerrean, txapela buruan


"Ekialde Kyushu Euskaditu dezagun" deklarazioa bi elkarteekin

Nire buruari askotan galdetzen diot nondik datorren japoniarren Euskal Herriarekiko hainbesteko interes edo atxikimendua.  Gaiak sakonago aztertzea merezi duela uste dut.  Baina seguru esango nuke euskal “Soft Power”a sartzen hasia dela gizarte japoniarrareko sektore edo zati batzuetan.



next »
Sho Hagio

Sho Hagio

1962an Kurume hirian (Japonian) jaio eta Tokyo University of Foreign Studies unibertsitatean irakasle titular gisa euskal gaiei buruzko klaseak ematen ditu. Hizkuntzaren soziologia ikergai nagusi hartuz, euskararen berpizkundeari buruzko ikerketak sakontzen ditu gaur. Bernat Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae japonieraratu eta argitaratu zuen Tokion 2014an.

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia