euskalkultura.com

basque heritage worldwide

Blogs > Ene begirada

Heriotza eta ehorzketak Nafarroa Beherean

10/30/2018

Gaurko gizarte modernoetan, heriotza tabu ikaragarri bat bilakatu da, gordegian, izkutuan egon behar duen zerbait. Izan ere, hiltze gehienak etxetik kanpo gertatzen dira, ospitalean edo gainerako erietxeetan. Eta gero, gorpua hiletxe batetara eta ondoren hilerrira eramaten dute. Hileta elizkizunetan ere ez da gehiago kutxa edo zerraldorik ikusten. Alabaina, askoz lasaiago egiten zaio azken omenaldi bat zainduari, bera hilotza ikusi gabe.

Modernismoaren izenean, gizaki guztiek dugun kezka itzela uxatu nahi dugu nolabait baina, azken batean, gure jokamoldeek garbiki adierazten dute ez dugula batere aurrerapenik egin eremu horretan eta gure giza bizitza mugatuak eragiten digun lotsa ia garaitezina dela.

Nafarroa Beherean --edo Baxe Nabarren, bertakoek oraindik deitzen duten bezala-- heriotza bizitzaren jarraipen bat bezala ikusia da oraino eta, ohitura asko mantentzen dira nahiz eta aldaketak eta urradurak nabaritzen hasiak diren.

Baxenabarre

Komenigarri iduritzen zait lurralde txiki honen aurkezpen labur bat egitea, hobeto ulertzeko zergatik mantentzen diren usantza zahar batzuk eta baita erritoak ere.

Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetarik bat, Lapurdi eta Xibero artean kokatua, Baxe Nabarre Nafarroako erreinu zaharraren zati menditsu bat da. Ultrapuertos deitzen zen garai batean eta, beti gordetzen ditu hainbat ikur edo eskultura bere gaztelu, harresi eta horma zaharretan: Nafarroako kateak, arranoa eta beste.

Bere loturak mugaz bestaldeko Nafarroarekin ugariak eta nasaiak dira hala nola Baztan, Luzaide, Aezkoa, Zaraitzu baita Erronkarirekin ere, aipatu gabe noski San Ferminetan egiten diren topaketa alaiak.

80 herri txikiek osatzen dute Baxe Nabarre, Donibane Garazi hiriburua bere 1.600 biztanleekin eta Donapaleu beste 1.900ekin direlarik «hiri» kozkorrenak, bertan bizi diren baxenabartarrak 30.000 bat direlarik. Ez da gauza jakina zenbat bizi diren zehatz-mehatz herrialdetik kanpo, hala nola Bordalen, Pauen, Tolosan, Parisen eta, noski, Estatu Batuetan .

Esan beharra dago aspaldiko mendeetan, baxenabartarrak emigratu egin dutela, uholde nagusiak gertatu direlarik 16, 17 eta 18. mendeetan Hegoaldeko Nafarroa erdialdeari buruz eta, 19.etik aurrera, Amerikara edo Frantziako hiriburuetara.

Baxenabarreko herri guztien izenak, gaurko Nafarroako deitura edo abizen ezagunak dira (Baigorri, Irulegi, Orzaiz edo Osses, Mendibe, Isturiz, Irisarri, Iholdi, Lakarra, Bustintze, Donazar, Hozta, Aiherra, Garriz, Martxueta edo Mazparrot, Arbeloa, Behorlegi, Busunaritz, Sarrasketa, Izpura, Ibarrola, Landibar eta abar eta abar ..).

Fenomeno horrek garbiki adierazten du aipatutako emigrazioaren indarra.

Herri txikiak, baserri koskorrak, eremu aldapatsu eta ez-emankorrak, Baxe Nabarrek beti gogor eutsi dio bere euskaltasunari orain dela gutxi arte. «Tierra de Vascos» deitzen zen garai batean. Frantziako iraultza ondoren, baxenabartarrak (Harizpe baigorriarrak bereganatuez aparte) gogor jokatu ziren egoera berriaren aurka batere onartu gabe biarnesekin departamendu bat osatzea.

Soldaduska ez egitea, premutasunari eustea, nahiz eta lege frantses berriak derrigortu etxaldeen zatiketa senideen artean, mugaz gaineko harremanak mantentzea Hegoaldeko euskaldunekin, hona 19. mendeko benafartarren hainbat ezaugarri.

Eta noski, gaiari heltzeko, betiko ohiturei jarraitu bizitza sozialean eta baserriko gorabeheretan.

Hilbidea, lehen auzoa eta hileta ohiturak Baxenabarren

Aspaldiko mendeetan zehar, euskal gizartea, gutxienez herri txikietan, etxearen inguruan egituratua egon da.

Xalbador, Urepeleko bertsolariak zioena bere bertso batean: etxeak eman dizkigu euskaldunei izena eta izana.

Behenafarroan, etxe bakoitzak bazuen bere hilbide edo elizabidea. Bide hori zen etxetik elizarako eta beraz hilerrirako bidea. Izan ere, hilerria elizaren inguruan kokatua da ia herri gehienetan.

Ehorzketa egunean, familiak eta auzoek lagunduko dute hildakoa elizaraino, delako hilbide hori jarraikiz.

Hilbide edo elizabide horretan aurkitzen den lehendabiziko etxea da lehen auzoa, bigarren auzoa delarik lehen etxea alderantzizko norabidean. Lehen auzoak funtzio berezia du hileta ospakizunak antolatzeko baina baita ere bizitzaren gorabehera gehienetan. Ezteiak, jaunartzeak, bataioak, baserriko lan dorpeak baina baita ere istripu edo ezbeharrak gertatzen direlarik, lehen auzoarekin kontatzen da beti.

Heriotz bat gertatzen denean etxe batean, lehen auzo horri abisatzen zaio eta horrek martxan jarriko du «protokolo» antzeko bat.

Lehenik, herriko apaizaren ikustera joango da hilmezuarekin eta gurutzea ekarriko du elizatik hildakoaren gelaraino. Bitartean, etxekoek, gorpua «txukunduko» dute, jantzi garbiak jarriko (askotan korbata eta guzti gizonezkoa baldin bada) baita gela apainduko ere: loreak, ama birjinaren irudi bat eta, noski, lehen auzoak ekarritako gurutzea ohearen aldamenean finkatuko. Alabaina, gorpua ohean jartzen da bere azken loa egiteko etxean hileta aurretik!

Orain dela gutxi arte, gelako mirailak edo ispiluak estali egiten ziren mihise edo izara batekin. Ziur nago oraindik herri batzuetan mantentzen dela ohitura bitxi hori.

Leioak ere itxi egiten dira erakusteko biztanlegoari zerbait gertatu dela etxean, eta agian ere, errespetuz hildakoari begira. Paradojikoki, heriotza nagusitzen zaio biziari eta, hildakoari protagonismo osoa zor zaio.

Lehen auzoak, bigarren auzoaren laguntzarekin, abisatuko ditu jendakiak, loreak, kutxa manatu edo enkargatu, hilmezua egunkarietan agertaraziko eta beste lau auzoeri eskatuko zerraldo eramatea ehorzketa egunean.

Adibide bat emateko, duela 40 urte arte, Bidarraiko herrian, oinez eta 4 gizonek bizkarrean eramaten zuten zerraldoa etxetik elizaraino hileta egunean. Herri txikiak baina eremu handiak, baserri sakabanatuak, aldapak gora aldapak behera, batzuetan 4 kilometroko hilbide luzeak kirol lehiaketa neketsu baten itxura hartzen zuen.

Hilbidea Aritzakun eta Urritzate haran bakartietan

Aritzakun eta Urritzate, Iparraldea eta Nafarroa Garaiaren muga batean aurkitzen diren bi ibar edo haran txiki dira. Urritzate, Meakako lepoak (mendateak) bereizten du Erratzutik. Aritzakun, berriz, Intzulegiko lepoak urruntzen du Amaiur eta Arizkunetik.

Bi haranak Nafarroa Garaikoak dira baina, bi edo hiru ordu behar direlarik Arizkungo edo Erratzuko karriketara joateko, ordu bat eskas nahikoa da Bidarraiko herrira ailegatzeko.

Muga finkatu zelarik Nafarroa puskatzeko unean, argi eta garbi ikusten da «puskatzaileek ez zutela inondik ere ezagutzen bertako geografia, kontutan hartu gabe ur erreken ixurgiak. Bi haran horiek Iparraldekoak ziren itxura guztien arabera bainan tira... Antzeko egoera gertatu zen Kintoan, Aldudeko ibarrean.

Dena den, Aritzakundarrak eta urritzatearrak Bidarraira eta Itsasura ere neurri batean etortzen ziren beren erosketak egitera, igandetan mezara eta kasu batzuetan baita eskolara ere.

Udaberrian, beren artaldeak eramaten zituztelarik Lapurdi eta Baxenabarreko bazkalekuetara, benetan ikusgarri eta deigarria gertatzen zen: ardiak, behorrak eta astoak puskaz kargaturik, artzainak beren espos lagunak edo arrebak solasean herritarrekin .

Gaurko harira berriz etortzeko, Aritzakun eta Urritzateko biztanleak Iparraldeko orenean edo orduan bizi ziren baina, beren hilbideak Hegoaldera eramaten zituen.

Kirol lehiaketa baino gehiago, olinpiada baten antza zuen hileta egunak, hilkutxaren eramateak ibar txiki, bakarti horietatik Erratzu edo Arizkungo elizetara.

Neguan, elurrarekin, ibilbideak indar itzela eskatzen zien lau gizonei eta, derrigortuak ziren sarri askotan geratzera, arnasa hartzeko. Gosaria ere egiten zuten zerraldoaren gainean. Artetik esateko, kutxa baserrietan bertan egina zen zurgin antzeko baten laguntzarekin.

Harrigarriena, bidarraitarrak eta itsasuarrak oinez joaten ziren ehorzketara ordu piloa iragan ondoren. Hori bai elkartasuna!

Ehorzketa eguna

Baxenabarren eta, azken batean, Iparralde osoan, ehorzketak hil eta bi egun geroago egiten dira. Hau da, heriotza astelelehen goizean gertatzen bada, hiletak asteazkenean.

Duela gutxi arte, hileta aurreko bi gauetan, lehen eta bigarren auzoak egoten ziren gau osoa hilaren lagun. Familiak, horrela, deskantsatzeko aukera zuen.

Batzuetan, gertatzen zen bi auzoak haserretuak izatea eta, ezagutu dut kasu bat non bi emakume, koinatak gainera eta gorroto gorrian bizi zirenak, konpontzea gau bat elkarrekin pasa ondoren hildakoaren logelan. Heriotzak bideratu eta bultzatu zituen bakearen baldintzak!

Hileta egunean, lehen auzoa joaten da apezetxera apezaren bila eta biak etortzen dira hilaren etxera.

Lehen auzo horrek berak ekarri zuen gurutzea heriotzaren egunean bigarren auzoak hartu eta eramango du kutxaren aurrean. Izan ere, lehen auzoak berreskuratzen du aitzindari funtzio oso bat, doluan parte hartuz familiarekin. Elizan ere, eserlekuan, lehen auzoa lehenik eta gero hildakoaren familia: gizonak alde batetik eta emazteak bestaldetik.

Meza ondoren, lehen auzoek jarraitzen dute beren sustengu eta babes ariketa, egoerak hori eskatzen badu behintzat.

Lurperatze lanak burutu ondoren, lehen auzoak eramaten ditu familia, kargudunak (hilketariak, gurutzeketaria, hau da bigarren auzoa) eta noski jendakiak ere, herriko ostatura otordu bat edo aratsaskari bat (askari bat) egiteko. Hor ere, lehen auzoak kontu handiz ibili behar du zeren norbait gonbidatzea ahazten bazaio, baztertua izandakoak ez du sekula ahantziko. «Luzakor bainan ez ahanzkor» dio Behenafarroako esaera zahar batek.

Otordua bukatu ondoren, lehen auzoak (hildakoa gizona baldin bada gizonak eta alderantziz emazteak), bazkaltiarrak ixilarazi ondoren, otoitz bat egitera deituko ditu otordukideak.

Herritarrek mezasariak emango dizkiete lehen eta bigarren auzoei eta horrela bururatuko da ospakizuna.

Gero, bederatziurreneko meza dela eta, auzoek berreskuratzen dute beren betebeharra eta, azken batean, mezak izango diren aldiero hildakoaren alde, horrela izango da.

Eta XXI, mendean, zer?

Gizarte baserritarretan, etxea delarik bizitza sozio-ekonomikoaren funtsa edo giltza, ohitura horiek nahiko indartsu iraun dute orain arte.

Gaurregun, nahiz eta oraindik nekazaritza osasun onean egon Baigorri/Garazi/Oztibarre /Amikuze/Arbeloa ibarretan --batez ere ardi hazkuntza--, gazteak aldiro gehiago lan bila doatzi Lapurdiko kostaldera (Baiona, Angelu, Miarritze) eta pixkanaka pixkanaka aldentzen ari dira beren ustez zaharkituak diren usadio horietatik. Baina, oraindik eta askotan konturatu gabe, mantentzen dute «atxikimendu inkontziente» bat.

Horrela doa bizitza Baxenabarreko herri txikietan, Euskara eta euskaltasun baten jabe gaur arte, nahiz eta aldiro ahulago edo makalago. Eta hori, nahiko harrigarria da, kontutan hartuta duela bost mende berexi zela bere hegoaldeko aita zaharretik eta 1.620 urtean izenpetu zela Frantziarekin lotura Luis XIII.a errege zelarik.

Bizitza, heriotza, maitasuna, gorrotoa, ohiturak, mundua, unibertsoa, erresumak, lurraldeak, mugak, gai gogoetagarriak omiasaindu edo santu guztien egunaren aste honetan.



next »
Noël Elorga

Noël Elorga

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia