Dokumentu Akzioak

Bideoak

Maila bat gorago
Euskal musika Estatu Batuetako hiriburuan, Kongresuan

Euskal musika Estatu Batuetako hiriburuan, Kongresuan

2010/09/02

Estatu Batuetan jaio dira eta euskaraz kantatzen dute. Diasporakoak dira eta 'Amuma Says No' da euren izena. Duela aste batzuk Washington hiriburuan kantatzeko deitu zituzten Estatu Batuetako Kongresuko Liburutegitik, eta bertan erakutsi zuten euren adierazpide den euskal musika, euskarazko musika 'Made in USA'. Irudi hauetan bisita eta emanaldi horren berri ematen du Washingtongo telebista kate batek: 'Basque Music at the Library of Congress'.

bideoa ikusi

Honela ikusten gaituzte euskaldunok Hollywood-en

Honela ikusten gaituzte euskaldunok Hollywood-en

2010/05/10

Bideo bitxia da, edo irudi eta lekukotasun bitxia eskaintzen du bederen, ETB-2ko 'La noche de...' saioak Hollywood-ek euskaldunok nola ikusten gaituen islatuz eginiko hau. Adibide batzuk baino ez dira, askok euskaldunak munduan ezagunak garela uste badute ere, munduan andana bat jendek bagarenik ere ez baitaki edo jakin badaki, baina --onenean edo txarrenean-- izenari izana ipintzerakoan bideo honetan agertzen diren irudiak bezalakoak datozkiola. Badakizue, kanpaiak entzun bai, baina jakin, jakin... Konklusioa izan daiteke are gehiago behar dugula saiatu geure buruaren leukotasuna ematen, geure ekintza eta ekarpenek geure izanaren berri eman dezaten. Ez dira irudi berriak, baina ongi da noizbehinka ikustea, barre pixkat egiteko eta aldi berean ondorioak ateratzeko.

bideoa ikusi

Naia Robles eta Aritzak kantari: "Yo soy argentino"

Naia Robles eta Aritzak kantari: "Yo soy argentino"

2010/04/12

Naia Robles, bere anaiek eta aitak lagundurik (bere bi anaia eta aitarekin Naiak 'Aritzak' taldea osatzen zuen), 'Yo soy argentino' kantua kantatzen. Askorentzat (haren iloba izaterakin batera) Estitxu-ren oinordekoa den Beskoitzeko (Lapurdi) kantariak gustukoa du euskal kantuekin batera mundu osokoak ere kantatzea, Hego Ameriketakoak bereziki, irudi hauetan ikus daitekeenez.

bideoa ikusi

New Yorkeko Euskal Jaia

New Yorkeko Euskal Jaia

2010/02/28

New Yorkeko Euskal Etxeko Julen Abiok otsailaren 6an, Ellis Island-en Euskaldunei eta euren Estatu Batuetarako migrazioari buruzko erakusketa estreinatu zela-eta eginiko ekitaldietan grabatutako irudiak zabaldu berri ditu. Oinkari taldeko dantzariak, Amusa Says No-ko musikariak eta bateko eta besteko gonbidatuak agertzen dira. Eguneko beste lekukotasun bat ematen dutelakoan ekari ditugu hona. Mila esker, Julen.

bideoa ikusi

Atahualpa Yupanquiren oparia bere ama euskaldunari

Atahualpa Yupanquiren oparia bere ama euskaldunari

2010/02/01

Bideo ezaguna da, Atahualpa Yupanqui herri kantari eta koplari argentinar handiak bere amari maitasunez, maitasun oinazez agian, eskainia. Odol ketxua eta euskalduneko kantariak berak azaltzen du bere ama euskaldunarekiko gertutasuna eta barne sentimentu atxiki eta malenkolikoa. Hitz idatzi hauek ez dute sekula ongi azalduko Yupanquik berak bideoan ezin hobekiago azaltzen duena, hitzez, musikaz eta bihotzez. Entzutea eta ikustea hobe.

bideoa ikusi

Boiseko (AEB) Biotzetik Abesbatza Eguberri kantuz - 2009ko Abendua

Boiseko (AEB) Biotzetik Abesbatza Eguberri kantuz - 2009ko Abendua

2009/12/21

Urtero abenduan eskaintzen duen Eguberri emanaldia gauzatu berria du Boiseko (AEB) 'Biotzetik' abesbatzak, joan den 9an, Idahoko hiriburuko St Mary elizan, "Gabon Onak: A Basque Christmas" izeneko egitarauaren barne. Patty Gabica Haas-ek zuzendurik, 'Aintza Zeruan' da bideoan erakusten digun kantua. Boisetik, bertako euskal ohiturei jarraiki.

bideoa ikusi

Euskal Herrian euskaraz... baita Polonian ere?

Euskal Herrian euskaraz... baita Polonian ere?

2009/12/07

Zalantzarik ez da lan ona egin duela eta bertakoen errepertorioa euskal kantuz hornitu eta aberastu duela Juan Carlos Subijanak Gasteiztik Poloniako Poznan-era joan den udan egindako bisitan eta emandako ikastaroan. Emaitza ikus eta entzun besterik ez da egin behar. Hona 'Euskal Herrian euskaraz' kantua, Poznango musika ikasle talde honek joa, Juan Carlos Subijana irakasle. Kantua biodeoko 56. segunduan hasten da.

bideoa ikusi

Madrilgo Euskal Etxeko Abesbatza Gernikako Arbola kantatzen

Madrilgo Euskal Etxeko Abesbatza Gernikako Arbola kantatzen

2009/11/22

Madrilgo Euskal Etxeak omenaldi berezia egin berri dio iaz hil zen elkarteko lagun, fundatzaile, lehendakari ohi eta betidaniko langile bolondres eskuzabal eta umoretsu izan zen Pello Aranbururi. Izan ere, 'Pello Aramburu' (sic) izena eman dio bertako Ekitaldi Aretoari, Madrilen finkatutako donostiar ekimentsuaren heriotzaren lehenengo urteurrena gertatzearekin batera, joan den irailaren 2an eginiko elkarretaratzean. Ekitaldi horretan agerraldia egin zuen berrabiatu berria den Madrilgo Euskal Etxeko abesbatzak. Bideoak abesbatza Gernikako Arbola kantatzen erakusten digu, Euskal Etxeko harrerako eskilaretan.

bideoa ikusi

Saint Pierre-ko (Ipar Amerika) Euskal Festa eta herri kirolak

Saint Pierre-ko (Ipar Amerika) Euskal Festa eta herri kirolak

2009/10/29

Urtero egiten dute Saint eta Miquelon-en (geografikoki Kanada ondoan kokatuta egonik politikoki Frantziako parte diren uharteak, historian zehar euskal tradizio handikoak), Saint Pierreko erdigunean dagoen euskal pilota plazan eta inguruetan, bertako Euskal Festa. Agorrilean, abuztuan, izan ohi da, aurten abuztuaren 23a igandea zuen astean. 'Force Basque' (Euskal indarra) delakoak eta euskal herri kirolek oihartzun berezia lortzen dute. Baita pilota partidek, euskal dantza erakustaldiek, euskal janariak eta musikak, nahiz eta bideo honetan herri kirolen arloa bereziki azpimarratzen den (bideoa Claude Reitz).

bideoa ikusi

"Regresa - Asko Maite Zaitut" film mexikarrak euskara dauka ardatz

"Regresa - Asko Maite Zaitut" film mexikarrak euskara dauka ardatz

2009/10/14

'Regresa - Asko Maite Zaitut' (sic) da film mexikar honen izenburua. Komedia erromantikoa da, Mexikon eta Euskal Herrian errodatua. Protagonistak (Blanca Soto aktoreak), hipnosia medio, Nafarroako Erresumako printzesa bat dela sinetsiko du eta euskaraz bakarrik hitz egiten hasiko da Mexikon. Bere senarrak ahal duen guztia egingo du emaztea berreskuratu eta harekiko harremana mantentzearren. Euskara, beraz, filmaren erdian, aise ikusten den film honetan. 2 minutu eta 3 segundu irauten dituen tailerra da hona ekarri duguna.

bideoa ikusi

Bideoak

Atal honetan diasporarekin zerikusia duten bideoak gehituko ditugu. Batzuk guk geuk sortutakoak; beste batzuk, sarean aurkitu ditugunak.


 

bisita