Hemen zaude: Hasiera Albisteak Zortzi herrialde izango dira lehian San Frantziskon irailaren 6tik 15era I. Euskal Pilota Txapelketan

Zortzi herrialde izango dira lehian San Frantziskon irailaren 6tik 15era I. Euskal Pilota Txapelketan

2007/08/28

Estatu Batuetako San Frantzisko hiria izango da irailaren 6tik 15ra I. Euskal Pilota Txapelketaren egoitza. Munduko Pilota Batzarrak --World Pelota Council, ingelesezko bertsioan-- antolatu du txapelketa eta zortzi herrialdeetako federakunde eta taldeen partaidetza izango du. Hiru modalitateetan jokatuko dute pilotariek: eskuz, larruzko paleta eta nesken gomazko paleta. Partidak South San Francisco Basque Cultural Center-en izango dira ikusgai.

Munduko Pilota Batzarrak antolatuta, I. Euskal Pilota Txapelketa egingo da irailaren 6etik 15era San Frantziskon. Estatu Batuak, Mexiko, Argentina, Txile, Bolivia, Euskal Herria, Venezuela eta Dominikar Errepublikako pilotariak izango dira bertan. 'Munduko Pilota Batzarra 2006ko abenduan sortu zen, munduan euskal pilota sustatu eta gazteen artean pilotariak prestatzeko helburuarekin', azaldu dio EuskalKultura.com-i Kepa Arroitajauregik, MBPko zuzendari teknikoak. 'Txapelketa honen helburua pilotari gazte horientzako alizientea izatea da, euren abileziak erakusteko topagunea'.

'Guztira 80 pilotari bilduko ditugu San Frantziskon eta delegazioetako ordezkariak ere han izango dira', gehitzen du Arroitajauregik. Txapelketa hiru modalitatetan jokatuko da: eskuz, larruzko paleta eta nesken gomazko paleta. 'Lehen txapelketa honetan hiru modalitate horietara mugatzea erabaki dugu, baina datozen edizioetan aukera zabalduko dugula espero dugu. Oraingo helburua herrialde desberdinetan pilotak duen maila ezagutzea izango da, horren arabera etorkizunerako jarduerak prestatu ahal izateko'. Txapelketa bi mailatan jokatuko da eskuko modalitatean, alde batetik Euskal Herriko pilotari profesionalen arteko Open bat eta bestetik ordezkaritzen artekoa.

Munduko ordezkaritza desberdinak datorren asteburutik aurrera helduko dira San Frantziskora eta irailaren 6an hasiko dira topaketak. Txapelketaren irekiera ekitaldi ofiziala, ordea, irailaren 8an, larunbatean, egingo dute. Pilota partidak nagusi izango dira astean zehar Basque Cultural Center-en, baina bestelako ekitaldiak ere egingo dituzte, beti ere pilota munduaren inguruan. Hasteko, 'Herriz-Herri' erakusketa izango da ikusgai BCC-n, eta pilotaren historia eta antzina erabiltzen ziren materialak ezagutu ahal izango dituzte bertan bisitariek. Gainera Iñigo Gaiagak, erakusketaren koordinatzaileak, euskal pilotaren munduari buruzko mintzaldia emango du.

Bi euskal selekzio

Euskal Herriko komunikabideetan txapelketaren aurkezpena zalapartatsua izan da, euskal ordezkaritzaren inguruan Munduko Pilota Batzarra, batetik, eta bestetik Euskal Herriko Pilota Konfederazioa eta ESAIT-Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldearen artean sortu den eztabaidagatik. Joan den uztailean EHPKak Munduko Pilotaren Batzarreko partaide izateko eskaera eta Txapelketan Euskal Herri osoko selekzio bat aurkezteko proposamena egin zituen. MBPko arduradunek, baina, eurek egin duten aukeraketa Euskal Herri osoko pilotarien artean egindakoa dela diote. 'Nik neuk egin dut aukeraketa eta Euskadiko Federazioko jokalariak ez ezik, Nafarroako Federaziokoak eta Iparraldeko Ligakoak ere izan ditut aukeragai', agertu dio EuskalKultura.com-i Kepa Arroitajauregik. 'Azkenean aukeratuen artean Nafarroako pilotari bat dago eta Iparraldekorik ez, jokatuko ditugun modalitate eta frontoiarentzako besteak egokiagoak direla ikusi dugulako'.

Aldiz, ESAITeko koordinatzaile nazionalak, Martxel Toledok, zera adierazi dio EuskalKultura.com-i: 'Nazioarteko txapelketa ofizialetan euskal selekzio bezala parte hartzen uzten ez digutenez, inportantea da ahal den beste guztietan egitura nazionala egitea'. EHPK Euskal Herriko osoko elkartea denez ordezkaritza hori txapelketan aurkezteko proposamena helazari zien antolatzaileei, MBPak egindako selekzioarekin batera. Bi taldeen artean egindako bileran bi selekzioak batzeko aukera aipatu zen, baina azkenean MBPak baztertu egin zuen. 'Ezinezkoa izan da, denborarik ez zegoelako jada', aipatzen du Arroitajauregik. Azkenean EHPKako ordezkaritza bat San Frantziskora joango dela aurreratu du Toledok, 'euren ikuspegia azaltzeko'.

EuskoSare web guneak txapelketaren jarraipen berezia egingo du, partiden emaitzak, argazkiak eta jokalariekin elkarrizketak eskainiz.



Lotura interesgarriak

Euskadiko Euskal Pilota Federakuntza
www.euskalpilota.com

Euskal Herriko Pilota Konfederazioa
www.ehpk.com

ESAIT
www.esait.org
Komentarioa gehitu

Komentario bat gehitu zenezake formularioa betata

(Beharrezkoa)
Esaiguzu zure izena
(Beharrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Derrigorrezkoa)
(Beharrezkoa)
Erantzun galderari aurrera jarraitzeko:

Zenbat dira hiru gehi bi? (idatzi zenbakiekin)

Zortzi herrialde izango dira lehian San Frantziskon irailaren 6tik 15era I. Euskal Pilota Txapelketan

I. Euskal Pilota Txapelketaren afitxa

E-postaz harpidetu albisteetara

bisita